Kontzeptua

Euskal Herriko Historia

Ikus: Euskal Herriko Historia. Antzin Aroa

Mediterraneo itsasoko mendebaldean Cartago agiri zen aginte militar eta merkatalgo buru izaten eta penintsulako mendebaldera zabaldu zuen eragina. Aldi berean Erromak ere bere agintea hedatuz joan zen. Mendebaleko Mediterraneoaren hegemonia zegoen jokoan, elkarren arteko gerrak biztu ziren eta Astrudalek Ebro aldean armadarako jendea hartzen hasi zen. Giro honetan, duela 2.200 urte, hau da 202/170 urteak Kristo aurretik agiri dira aipatuak euskal jatorriko jendeak. Erromak irabazi zuen lehia eta Ebro aldeko erromatarkuntza hasi zen.

Hiru gai eta arazo agiri dira garai hau aztertzerakoan:

  1. 1.- Euskal jendeen antolaketa erromatarren garaian
  2. 2.- Erromatarren sarrera eta zibilizazio berriaren egonkortzea eta zabalkundea.
  3. 3.- Erromatar zibilizazioaren gainbehera eta lekuko jendeen agerkunde indartsua, antzinate garaiaren amaieran.

1.- Erromatarren autoreetan, euskal lurraldeetan bizi ziren herritarren edo "gens" izenak agiri dira : "vascones" eta singularrean "vascus", barduloak, autrigoiak, karistiarrak, Akitania aldean Auscorum. Bostgarren mendean aldiz, lurralde izena agiri zaizkigu bertakoen nortasunak adierazteko. Honela, Vasconia edo Bardulia.

Vascones delakoen lurraldea, gens zabalena zen eta garai bateko Nafarroako erresumaren lurraldean zeuden kokaturik, Pirinio aldeko mendietatik Ebro ibairaino. Beraz gens edo populazio taldea ikuspegi geografiko desberdinean kokaturik dugu: Saltus vasconum baso eta oihanak Iruineatik Piriniora eta Ager vasconum, nekazalgo lur landuak, Iruinerritik Ebrora. Badirudi bi lurralde motaren konplementoan hedaturik zeudela, nekazari lur landuen eta mendietako basoen artean. Beste gens delakoak ere horrela agiri dira: Barduloak, Karistiarrak eta Autrigoiak, penintsula aldean. Bestalde, euskarazko euskalkien banaketa jende talde horien mugen arabera agiri zaizkigu.

Erromatarrek konkistaren ondoren bere agintaritza segurtatzeko, mendi gailurretan kokaturik zeuden herrixka eta bizilekuak desegin zituzten eta populazioak bailaretan kokatzera behartu zituzten. Aurrerantzean haranak nortasun administratibo eta antolatzaile bihurtu ziren. Horrez gainera Ebro aldean zeuden hiriak indartu egin zituzten. Hiribildu baskoiak izen berriak hartu zituzten, Iruñea Pompaelo eta Ebro ondoan Gracurris (Alfaro). Calagurris ere baskoien hiritzat hartzen zen. Hiriak nortasun juridiko eta administratibo berezitua zuten eta batzuk txanponak egiteko baimena ere.

2.- Erromatarren arteko gerra zibiletan ere aipatuak izan ziren euskal jendeak. Beraz, 500 urtetako zikloa hasi zen eta Erromako arauen eta zibilizazioaren sustraitzeari deitzen zaigu erromatarkuntza, Euskal Herrian eragin handikoa alegia.

Gaccurris(Alfaro) fundatu zuten eta errepideen kontrolerako hiribildua zen. Bestalde tokian tokiko leinu nagusien leialtasuna segurtatzen saiatu ziren erromatar agintariak. Horrez gainera Ebro aldean joera berritzaileak nabari ziren: diru txanponak, epigrafiak eta lurrontzi moeta berriak.

Gerra Sertorianoaren giroan, Kristo aurretiko 81/72 urteotan, bi hiribildu indartu ziren, erromatarkuntza garaian garrantzitsuak izango zirenak: Pompaelo (Iruiñea) aurretik eta Lugdunum Convenarum Lug jainkoaren (St. Bertrand de Comminges. Crasok Akitania erromatarra bihurtu zuen (55.k.a.). Hala ere gerra giroan eta ingurua hobe kontrolatzeko Ibañetan Imus Pyrenaeus gotorlekua antolatu zuten. Pompeyo eta Caesarren arteko gerran (49 k.a.) euskal inguruko jendeak bi aldeetan parte hartu zuten.

Azkenik kantabroen gerrak aipatu behar dira (38-15 k.a.).

Erromatarrek errepideak, harriz landuzko kaltzadak, antolatu zituzten lurraldean kontrola hobeto hartzeko, indar militarrak batetik bestera bideratzeko erraztasunez: Tarracotik Ebro goi aldera eta euskal lurraldeetan sarturik. Bestalde, Pompaelo-Oeasson dugu adar bat eta beste bat Portus (S)amanum, Flaviobrigara doana. Ikuspuntu juridiko-administratiboan oinarriturik Iaccetani, Vascones, Berones Tarraconense eremuan daude eta besteak, Varduli, Caristii, Autrigones Cluniako eremuan agiri dira. Iparraldean Akitania.

Beraz errepideen bidegurutzea zen Baskoien lurraldea eta ipar-hego, zein ekialde mendebaleko harremanak bideratzeko prestatuak izan ziren.

Inperioaren garaian, pax romana delakoa indartu zen 300 urtez, beraz gure aldiko lehen mendetan erromatarkuntzaren zibilizazioa egonkortu egin zen. Erromatarren aldeko militar ekimenetan partaide dira eta erromatar hiritartasuna edo civitas irabazteko bide bihurtzen da.

Erromatarren eragina erabatekoa izan zen bereziki "ager vasconum" eremuan. Lurrak, fundoetan zatikaturik zeuden. Toponian gaur egunean ere agiri dira -ana, -ano bukaturik aurretik izena dutela: Berbinzana, Fustiñana Nafarroan edo Antoñana Leciñana, Galdeano Araban. Bakoitzean gutxigorabehera 260 hektareazko eremuak (200 lur landu, 100 mahasti eta 50 landa, eta horrez gainera basoak) bertan 30 inguru sendi zeudela. Euskal Herriko erdialdean egitura lurraldea antolatzeko egitura horrek XX mende arte iraun du. Ebro aldean berriz, latifundioak agiri dira. Lurren antolaketaren epe luzeko egiturak ditugu, "centena" adibidez Iruinerriko zendea agiri da.

Kristautasunaren agerkundea hirietan agiri da IV mendean, bereziki Calagurrisen eta Novempopulaniako hirietan iparraldean. Ondoren elizaren antolaketa administratiboa erromatarrean oinarriturik egon zen.