Kontzeptua

Euskal Herriko Historia

Ikus: Euskal Herriko Historia. Aro Modernoa

Aro berrian hasieran Europa bihurtu zen mundializazio joera baten erdigunea. Zuzenago esanik, europarrak munduko erdigune boteretsua bihurtu ziren eta Europear zibilizazioak munduan barrena zabaltzen dira. Prozesu horretan euskaldunak eragile zuzenak izan ziren itsasgizon gisa, Atlantiar itsasoa erdigune izanik. Ameriketarantz joateko joera areagotu egin zen Gaztelako erresumaren zati izanik eta bestalde aitorsemetza edo kaperatasun hedatua eta onartua zelako euskaldunentzat. Etxeetako semeak Ameriketara joaten hasi ziren eta etxea goratzea zen helburu nagusia. Horrela, XVI eta XVIII mende bitartean erabateko aldaketa eta aberastasunak bideratu ziren Euskal Herrian.

Etxea eta etxetiarrak, zentzu sinboliko eta materialean euskaldunen erdigune gertatu zen. Euskaldunak herri eta etxe mina erakutsi zuten eta sare garrantzitsuak antolatu ziren, ez bakarrik Ameriketan baita Gaztelako gorte eta aginte sisteman. Euskalduna "vizcaino" gisa ezaguna bihurtu zen Gaztelako literaturan eta Aragoikoan aldiz, euskalduna "navarro"ren sinonimoa zen.

Beste aldaketa politiko sakona gertatu zen: Nafarroako erresuma Gaztelak azkenik konkistatu egin zuen 1512an. 1521ean gertatu zen Amaiurren azken askatasun arnasa. Iparraldean jarraitu zuen Nafarroako erregeen agintaritza harik eta Enrike IV Frantziako errege bihurtu arte.

Beraz, aurrerantzean, euskal herritarrak Europako bi erresuma nagusitan zatituri bizi eta erakundeturik egon ziren: Espainietako eta Frantziako erresuman. Hala ere, nortasun politikoa lantzen eta gordetzen saiatu ziren eta tokian tokiko aginteak sendotu egin zituzten.

Garai berrian Erregearen inguruko Gorteak aginte nagusiak izaten saiatzen ziren. Baina berez, erresuma hauek eraketa konposatua izan zuten. Erregeak tokian tokiko agintaritzak onartu behar izaten zituen. Beraz, aginteen antolaketa izan zen arazo nagusiena hegoaldean. Aginteak orekan zeuden eta lanbideen arabera biltzen ziren (olagizonak, merkatariak,) Aldi berean lurraldeetakoak antolatzen ziren, batzarrak eskualde edo herrialde esparruan. Bilboko kontsulatua sortu zen 1511n eta hiru herrialdeetan izan zuen merkatarien agintaritza eta liskarrak bideratzeko epai ebazpena. Bere jurisdikzio propioa zuen. Horrela lege zaharraren garaian, lege aginte ugari agiri ziren. Elizak ere bere zuzenbide eta lege berezia zuen eta inkisizioak ere bere epaitegi berezituak. Horra lege ugari eta epaitegi ere. Bizkaikoen liskarrak Valladoliden ebazten ziren Bizkaitarrentzat bereziturik zegoen epaitegian. Azkenik, Gaztelako Kontseiluak hartzen zituen azken erabakiak.

Beraz agintea bi edo alde ugariren arteko hitzarmen gisa ulertu behar dira. Aginte guztiak alboko edo ondoko aginte baten ondorioz mugaturik agiri zen. Giro horretan erakundetuz joan ziren eta Batzar Nagusien inguruan lurraldeko legedia indartzen joan zen. Batzar Nagusiak handikien aurka antolatu ziren eta Gipuzkoan edo Lapurdiko biltzarrean adibidez handikiak debekaturik zuten parte hartzea.

XV mendean argitaratu ziren legedien koadernoak hermandadeak edo anaideak eratzeko, Araban (1463) eta XVI mendean erabateko nagusitza lortu zuten: Foru legediak erakundetu ziren idatziz, XVI mendean barrena: Laburdi (1514), Zuberoa(1520), Bizkaia (1527) Gipuzkoa (1583) Behenafarroa (1632). Nafarroa konkistatu ondoren, 1686an argitaratu zuen Nafarroako Foru Nagusia.

Lurralde bakoitzean oinarrizko eta herrialdeen arteko loturak eta zabalkundeak burutu ziren.

XVI mendetik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean "Bilkurak" edo Konferentziak antolatzen zituzten eta 1800.n Erresumako aginduz erabat erakundetu egin ziren.

Foruen bidez legedietan, elizateak eta udalak indarberriturik agiri ziren. Azken batean, errepresentazioaren bidezko kultura politikoa XVI mendeaz geroztik antolatu zen eta honek autogobernurako gaitasuna eta zaletasuna indartu zuen. Ohore handia zen komunitatearen gobernuan partaide izatea.

Nafarroan, lege zaharraren araberako Korteak edo ordezkaritzaz osoturiko erakundea, hiru beso edo ataletan antolaturik: Estamentu militarra, eliztarrak eta hirietako ordezkariak.

Kulturan eta komunikazioaren arloan, euskara hasi zen goren graduko hizkuntzen lekua hartzen eta Jean Albretekoak Leizarragaren bidez Bibliaren euskarazko itzulpena hasi zuen argitaratzen. (1571) Europako testuinguruan Eliza erreformatuaren ildoan, garaian garaiko baina tamalez ez zuen jarraipenik izan. Baina ondoren Eliza Katolikoa ere tokian tokiko hizkuntzetan predikazioa egiten hasi zen eta 1643an Gero argitaratu zen goi mailako euskal literaturaren gailurra.

Gizarte eta ekonomiaren arloan, XVI mendean gorakada mendea izan zen. Populazioaren %40 Bizkaian hiribilduetan bizi zen. Merkataritza eta kostaldeko itsas ekonomiak gora egin zuen.

XVII: Krisialdia, lurrak lantzen, populazio eta baserriak zabaltzen, sagastien ordez, Ameriketako artoa zabaldu zen eta aberastasuna sortu zuen hainbat pertsonentzat janaria erraztasunez lortzen zelako.

XVIII mendean, mendialdean nekazaritzan oinarrituriko zibilizazioa zabaldu zen. Burdingintzazko industriak ere aldi onak izan zituen eta Ameriketarako merkataritzak. Populazioak %50 gora igo zuen.

Erlijioaren giroan, joera katolikoa nagusitu zen. Baina azpimarratzekoa izan zen sorginkeriaren aitzakian Piriniotako mendialdean, Lapurdin eta Bizkaiko zenbait lekutan, tokian tokiko agintariak inkisizioaren laguntzaz sorturiko beldurrezko giroa eta errepresio soziala bereziki emakumezkoen kontra.

Dinamika sozialen arloan, matxinadak aipatu behar dira: azpikoak buruzagi eta merkatarien aurka altxatu ziren. XVII eta XVIII mendean ugariak izan ziren. Ekonomia jadanik oinarri kapitalistetan sustraitzen zen eta populuaren arabera inmorala zen aberastasuna behartsuen eta herri xehearen lepotik lortzea. XVIII mende bukaeran tokian tokiko hiri eta herrixketan polarizazio soziala sakondu egin zen.

Aipatu behar da Oihenartek kontakizun baskonikoa argitaratu zuela euskal herritarrez historiaz, Notitia Utriusque Vasconiae (1636) liburuan. XVIII garaian, buruzagi ekonomikoak XVIII mendean goi mailako buruzagi eta agintarien artean zientziaren bidezko argitasunaren izpiak zabaldu egin ziren. 1765ean Xabier Munibek Euskal herriaren aldeko batasuna aldarrikatu eta bultzatu egin zuen "irurac bat" izenpean. Bergaran Europear giro eta mailako irakaskuntza eta ikerkuntza teknikoak eta utilitarioak bultzatu zituen.

Aldi berean Oñatiko Unibertsiatean 1775ean, zuzenbide eta karrera eklisiastikoetarako irakaskuntza lantzen zen eta aldi berean zuzenbide forala ere erakusten hasi ziren hiru herrialdeetako agintariak katedra berezituak finantziatzen zutelako.