Kontzeptua

Euskal Herriko Historia

Ikus: Euskal Herriko Historia: Erdi Aroa

Laburbilduz, bi garai bereiz genitzake: IX-XIII mende bitartean erdi aroan bete betean sarturik, garapen aldia izan zen. Demografia aldetik gorakada, Nafarroako erresuma sendotu zen, hiribilduak sortu ziren, Santiagora joateko erromesak ugaritu, merkataritza eta itsas ekonomia zabaldu. Berrikuntza garaian izan zen. Erlijio arloan kristautasuna eta ohiko paganismoaren artean sinkretismoa gertatu zen. Agintaritza latinez eta erromantzez hitz egiten du baina herritarrak euskara.

XIV-XV mendeetan aldiz, krisialdia arlo guztietan nabarmendu zen. Handikiak nabarmendu egin ziren eta errege agintaritza mugatu. Handikien arteko leinu nagusi ezagunen araberako gerrak, Oinaztarrak eta Ganboatarrak edo Agramontesak edo Behamontesak. Burdingintza eta itsas ekonomiaren gorakada. Erlijioan, kristau elizaren sendotzea, elizak eraikiz.

Agintaritza politikoaren esparruan, erdi aroaren hasieran, rex edo dux eta horrelako titulu ponpoxoak hartu arren, agintari nagusiak nahia eta benetako errealitatea nahastatzen zuten beraien kroniketan. Agintaritzak tokian tokikoak dira eta egitura ekonomiko eta sozialak oraindik zaharrak dira. Euskal Herri aberatsa, Gasteiz, Lizarra, Iruñearen hegoaldeko zen, hau da, mediterranear nekazaritzan oinarritua. Demografia aldetik gorakada agiri da.

Garai honetan gertatu zen fenomeno nagusiena, hiribilduen sorrera izan zen. Jendeak mendialdean ere erdi nomada izatetik toki finko eta iraunkorretan bizitzen hasi zen. Garai honetan Euskal Herriko egitura berriak, hirietan oinarriturik sendotzen hasi ziren. Santiagoko bidean, hainbat hiri sortu eta garatu ziren. Europako historian, hiribilduen sorrera eta garapena izan zen fenomeno berezi eta eraginkorrena. Europako historian faktore eragile nagusia izan zen eta Euskal Herriko historian ere bai. Fundatu ziren hiribildu gehienak arrakasta izan zuten.

Baina "gerrarako buruzagiak" dira agiri zaizkigun beste protagonista nagusiak, IX mendean, lurralde jakin batzuen jabe eta buru zirenak eta guzti hauen artean une batez horietako batzuk rex izendapena hartzen dute. Iruñerria eta Leire bitarteko lurraldean egonkortu zen agintea Eneko Aristaren bidez, Iruñeako erresuma alegia. Ebroaldeko buruzagiak aldiz, musulmanen sinesmenak beregatu eta agintean jarraitu zuten, Banu-Qasiaen buruzagitzapean.

Musulmanek idatzitako kroniketan herritar taldeen izenaren arabera dira ezagunak. "Matxuak" sua gurtzen zuten, Gorbeia, Aitzgorri Aralar mendietan. 816an Iruñeako jaunaren aurka Belask al-Yalshqí (Belasko gaskoia agian?). Lehenago Abd al-Rahman I erasoaldiak egin zituen jende taldeen izenen bidez identifikatzen dira. Lurraldeak ez dute izen berezia. Eneko Aritza, Berruezo-Deio inguruan du oinarria eta hori da Nafarroaren sorrera gunea. Eta honela 1000-1035 urteetan Santxo Nagusia, III, da Iruñeako erregea da eta Wasconum gens, wasconum nationem, erregetzat agiri da. Ondoko urteetan agiri da Enneco Lupz Vizcayensis comes. Enkarterriak, Bizkaia eta Gipuzkoa daude mendebaldean, garai bateko autrigoiak, karistiarrak eta barduluen ildoan.

1076an euskal edo baskoien leinuen erresuma Iruineatik antolatua zegoena, erabat zatikatu egin zen. Buruzagiek, Sancho IV Garces erregea hil egin zuten eta Gaztela alde batetik eta Aragoi bestetik agiri dira indarrezko erresuma antolatzailetzat. 1200 bitartean egin eta deseginik agiri da Nafarroako erresumaren agintea iparraldean eta bereziki mendebaldean.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak nortasun politiko berria hartu zuten Gaztelako erresumaren inguruan XII eta XIII mendeetan. Gasteiz konkistatua izan zen 1200 urtean eta ondoren mendebaldeko Nafarroa behin betiko Gaztelako erresumaren zati bihurtu zen. Nafarroak ez du itsasora irtenbiderik eta ipar Euskal Herrian agiri dira alde batetik Nafarroako erresuma eta bestetik Inglaterrakoa.

XIV mendean krisialdi orokorra gertatu zen Europa osoan. Demografia aldetik, izugarrizko atzerakada gertatu zen. Adibidez Lizarra aldeko merindadean herri osoak desagertu egin ziren. Bestalde buruzagiak elkarren aurka borrokan agiri dira. Bandoak sortu ziren leinu federazioen artean eta bi agiri dira Bizkaia eta Gipuzkoan bereziki: Oñaztarra eta ganboatarrak. Nork edo nortzuk zuten balio gehien zegoen jokoan Lope Garcia de Salazarrek azaldu zuenez gero. Nafarroan agramontesak eta behamontesak zeuden borrokan eta giro horretan Erresumaren ondamendia gertatu zen.

Euskal Herrian beste erakundetze prozesu nabarmena gertatu zen, eliza kristauarena. Monastegiak eta elizak antolatu ziren ondasun eta lur jabedun handiak bihurtu ziren. Elizaren antolakunde administratiboak erromatarrenaren jarraipen finkoa erakusten zuen.

XI-XIV mende bitartean erabateko aldaketa gertatu zen, hirigintza prozesuaren bidez. 25 Gipuzkoan, 23 Araban, 21 Bizkaian, 19 Nafarroan eta Iparraldean, guztira 88 hiribildu.

Gaztelako erresumak kostaldeko portuekin loturak eraiki nahi zituen, ipar Europako merkataritzari begira. Hiribilduak, mugak erakusten dute eta seguritatea inguruko buruzagi eta jauntxoen bortxazko eskakizunen aurrean. Legedi berezia zuten.

Erdi aroan eguneroko bizimodua aldatu egin zen. Hiribilduetan merkataritzan, artisautzan oinarriturik ekonomia berria agiri da. Horrez gain, burdinaren produkzioak gorakada egin zuen. Etxebizitzak egurrezkoak dira hiribilduetan baina harrizkoak ere tartekatzen ziren. XV mende ondoren suteak ugariak zirenez gero, harrizkoak egiten dira. Merkatua zen hiribilduen erakunde nagusia, bertan era guztietako salerosketak antolatzen zirelako. Honela merkatuzko hiriak inguruko produkzioaren arautzaileak bihurtu ziren. Emakumezkoak buruan tokatuak zituzten, oihalez egina eta forma ugarikoak, adinaren eta jatorriaren arabera. Azkenik, kostaldeko hirietan itsasuntziteria garatu zen. Arrantza eta merkataritzaren bidez, kostalde bihurtu zen mendialdeko Euskal Herrian gune aberatsa, Baionatik Bilbora. Tradizio nautiko biren uztar lekua bihurtu zen Euskal Herria: Ipar atlantikoa alde batetik eta bestetik Mediterraneo aldekoa. Koka izeneko itsasontziak egokitu egin zituzten eta karabela eta karraka izenekoak garatu zituzten. Itsas nagusian ibiltzeko gaitasuna irabazi zuten kostaldetik Flandriako portuen bidaietan, kabotajea albo batera utzita. Horrelako gaitasunean trebaturik, laster izango dira itsas gizon trebeak Atlantiko itsasaldean. Lehen mundializazioaren unean, euskal itsas gizonak aurrenekoak izan ziren prestakuntza bereziz, XV mende amaieratik. Beharbada itsas kulturan gertatu zen ekarpenik bereziena Europako testuinguruan.

Gizartea mailakaturik zegoen: Nafarroako erresuman pribilejiatuen estamentua zegoen alde batetik: militarrak, elizako buruzagiak, "hirietako gizon aberatsak". Eskubide gabekoak ziren nekazariak petxeroak eta azpiko zerbitzariak lurrari lotuak. Talde marjinatuak judutarrak eta moroak. Mendebaldean, buruzagi jauntxoak ditugu alde batetik eta inguruan leinuzko jendea loturik. Hirietan aldiz, handikiengandik aparte agiri dira merkatariak eta artisauak.

Artean ere eraikin monumentalak burutu ziren: Aipatzekoak erromanikoan Leirekoa eta gotikoan Baionako katedrala edo Bilboko Santiago eliza.