Kontzeptua

Euskal Herriko Historia

Ikus: Euskal Herriko Historia. Historiaurrea

Lehendabiziko galdera dugu, gizakian noiztik bizi izan ohi diren gure lurraldean eta bigarrena: Zen da euskal gizakien jatorria?

Euskal Herriko lurraldean eta itsasaldean gizakien ekintzen aztarnarik zaharrena duela 200.00 urtekoak lirateke. Baina hurbil, Burgoseko Atapuercako mendi lerroan, duela 600.000 urteko gizakien aztarnak agiri dira, homo antecessor izenekoarenak.

Ohiko sailkapenak jarraituz, behe paleolitoz aroan, Atxelense garaian (duela 150.000-75.000 urte). Aztarnen arabera, ehiztariak eta fruituen biltzaileak ziren. Erdi paleolitoko musteriense garaian, 75.000-35.000 urte bitartean neardentalak eta Sapiens leinukoak agiri dira baina azkenik Sapiens espeziekoak iraun egin zuten, seguru asko izozte garai berrian irauteko eta egokitzeko gaitasun malguagoa erakutsi zutelako. Isturitz, Lezetxiki edo Axlor (Diman) dira aztarnategi esagunak.

Azkenik goi paleolitoan (35000-10.000) izozte garai berria bizi zen Euskal Herrian eta haitzuloak bihurtu zituzten bizileku: neguak oso hotsak izozte giroan eta udarak epelagoak. Haitzuloetan arte lan ederrak egin zituzten, adibidez, Aitzbitarte, Ekain, Santimaminen. Leinu zabalak bizi ziren, ehiztariak ziren bai lehorrean eta arrantzan itsasaldean eta naturako frutez ere elikatzen ziren. Gehienak 20-25 urte inguru bizi ziren.

Hemeretzigarren mendetik euskaldunen jatorriaz galdera eta eztabaidak biztu ziren. Telesforo Aranzadi eta Jose Miguel Barandiaran antropologoen azterketen ondorioz, paleolitoz garaiko gizakien ondokoak lirateke klima aldaketa gertatzen hasi zenean duela 10.000 urte.

Azken azterketa genetikoen bidez (DNA) frogatu da, Baztanen duela 7000 urteko gizakiak eta gaur egunekoak enbor genetiko berberekoak direla, aldaketa neurri batzuen baitan. Bestalde oraintsu Santimamiñeko haitzuloan (Kortezubi) duela 4000 urte bizi ziren zazpi gizaki desberdinen DNA lortu ondoren alderatu egin dituzte Santimamiñe inguruko gaur egungo biztanleen DNAz eta frogatu da enbor bereko jatorri leinuak iraun egiten duela.

Beraz, antropologo klasikoen ikuspegi eta hipotesiak bete egin dira. Euskal lurralde menditsuetan behintzat jende taldeen leinuen iraunkortasuna agiri da. Jende talde hauek euskal herritar gisa ezagun eta definituak izan ohi dira eta hizkuntza berean euskaldunak lirateke azken 3000 urteotan gutxienez. Baina historian barrena euskal nortasun eta izaera hori aldatuz eta egokituz joan ohi da. Paleoeuskaldunen eta gaur egungo euskaldunen artean loturak daude baina aldaketa sakonak ere bai isolamenduan ez direlako bizi izan. Eta historiak erakusten du euskal herritarren izatea historian barrena anitza eta aldakorra izan dela baina erresilientzia sakoneko mekanismoak izan dituztela ere bai, iraunkortasun elementuak dirautelako. Euskal hizkuntza bera litzateke horren adibide eta euskal herritarren historian zergatik iraun duen izango da bereizgarrietako bat.

Duela 10.000 urte klima aldatuz joan zen. Izotz plakak ipar bururantz atzeratu joan dira eta XXI mende honetan badirudi izotz plaka horiek ere erabat desegingo direla.

Euskal Herriko biztanle batzuk haitzuloetan bizitzen jarraitu zuten eta beste batzuk leku zabaletara joan ziren. Abereak bereganatzen hasi ziren. Lehendabizikoa txakurra eta gero bestelakoak. Neolitoz aroan triku harrietan ehorzten zituzten eta ondoren pixkanaka nekazaritzaren hastapenak zabaldu ziren.

Euskal Herriko lurraldea Europako mendebaldeko jendeentzat igarobide bihurtu zen eta horren ondorioz, aurrerantzean azken 3000 urteotan jende desberdinen bidegurutzetzat ere har daiteke. Baina bestalde, populazio iraunkorra ere badugu, baina batetik besterako mugikortasun nabarmena zuela artaldeen joan etorriari loturik. Beraz, lurraldean nomadak agiri dira baina bestalde nekazaritza indartu hala populazio iraunkorrak herrixketan bizi zirenak agiri ziren.

Horregatik, azken 3000 urteotan, Euskal Herriaren bereizketa geografikoaren garrantzia azpimarratu beharra dugu, erromatarren garaian jadanik azpimarratua: Saltus edo oihana eta ager edo lur landua. Euskal Herriko urak bi itsasora bideratzen dira: Kantauri itsasora eta Ebro ibaiaren bidez Mediterraneora, batean mendixkak eta lautada estuak zuhaitzez orniturik eta Mediterraneora doazen urak lur eremuak zabalak eta nekazaritzarako egokiak: Garia, ardoa eta olioa.

Kristo aurretiko 500 urtean kastroak edo hiribildu ugari egonkorturik daude. Mendixketan herrixkak eraikitzen zituzten. Eta honela Erromatarren bidez, lehen aipamenak agiri dira euskal sustraiko jendeei buruz.