Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Antzin Aroa

38 eta 15 urte bitartean, Erromak, eremuaren kontrola eskuratu asmoz, Hispaniako iparraldeko herriekin lehiatutako gerra bortitzak jazo ziren. Bertan, Pirinioaldeko zonaldeak eta, batez ere, Euskal Herriaren mendebaldeen zegoen hegalak, badirudi ez zuela izan, ordura arte historiografiak egozten zion jokabide pasiboa. Berez, 36/29 urteetan triumphi ex Hispaniari buruzko zorioneko kontsularen aldeko albisteetan erreparatuz, eta mendebaldeko pirinioaldean1 bete-betean kokatutako ekintza militarrei buruzko literatura-testuetan erreparatuz (nahiz eta, egiaz zehaztasun gabeak izan), aipatu zonaldea ekintza bortitzenen gune modura ageri da, gerraren lehen fasean bederen. Arkeologiak berak, Kantabriako borrokak lehertu aurretiko fasean, eremuak izandako pasibotasun gutxiagoko jokabideari buruzko probabilitateak berretsi ditu: Andagoste gainean, Jokanon (Araba), tropa erromatarrek identifikatu gabeko erasotzaileen aurka izandako ekintzak agerian uzten dituzten arrastoak aurkitu dira, K.a. 40/30 bitartean koka daitezkeenak. Dena den, argi eta garbi dago, gerra-prozesu horrek eremuaren erromanizazio orokorrean eragin nabarmena izan zuela. Erromatarren presentzia, indar militarrak sendotzearen, tropak barneratzearen eta Kantabria eta Asturias bitarteko lurra hartzearen eta, lurretik eta itsaso aldetik jotako erasoa bideratzen zuten antolamendu logistikoen ondorioz, barneratu zen bertan. Zalantzarik gabe, une horretan Erromak serioski ekiten dio zonaldean galtzadak eraikitzeari, hala, badirudi, garai horretakoa dela, Tarraco eta Caesaraugusta aldetik, Ebrotik gora Kantabria eta Asturiaseko lurretara iristen dena, nondik barna, aztergai den eremuari dagokionez, itsasoraino iristen den ibaiadar bikoitza abiatzen den: Pompaelo-Oeasson, eta Portus (S)amanum (=Flaviobriga) alderantz bideratzen dena. Baina, horren gainetik, gerra amaieraren eta Augustok inperioaren burura emandako egunen ondorioz, eremuan berrantolaketa administratibo sakona eman zen, menderatzailearen neurrira egina. Tarraconense delakoan barneratutako iberiar zatiak, ekialdeko hegaleko herriak -Iaccetani, Baskoiak, Beroneak-, Caesaraugusta komentu juridikoan barneratzen direla ikusten ditu, eta mendebaldekoak - Varduli, Caristii, Autrigoiak- Clunian barneratzen dira; Pirinio iparraldeko zatian, Lactorates, Consoranni eta Convenae (Narbonense delakotik bereizia) itzuli ondoren berreraikitako Zesarren Akitania zaharra desegin egin zen, Loiratik Pirinioetarako zatian Augustoren Akitaniari dagokion bere hasierako izaera galdu gabe, nahiz eta oraindik nolabaiteko autonomia mantentzen zuen, Novem Populi sintagma oraindik egiaztatzen ez bada ere. Haiei dagokienez, Estrabonek aditzera, zonaldea betetzen duten hogeitik gora herri txiki eta ospe gutxikoak, garrantzi gutxienekotzat edo herri bizimodurik egiteko adinako pilaketarik gabekotzat joak, administrazio aldetik desiragarri ziren Inperioaren hastapenetik, eta Erromako hiri-egitura errepikatuz eraikitako ospe gehiagoko beste batzuen mendean egotera behartuak izan ziren. Edozein kasutan ere, gerra amaitu ostean, lurrari balioa emateko eta natiboa Erromaren antolakuntzan barneratzeko prozesua abiarazi zen, latindar moduari dagozkion herri bizimoduak errepikatuz. Lehenengoari dagokionez, Saint-Béat herrian geratu diren marmol lanketaren arrastoak, edo Irun inguruan meatzaritzari dagozkion arrastoak nabarmendu behar dira. Bigarrenari dagokionez, K.a. I mendearen azken laurdenetik aurrera, Garonaz iparraldeko hiriak sortu ziren, eta garai berean, iberiar zatian ere xede berdinera bideratutako lehen urratsak eman ziren: hirigintza eredu berri bat erakusten duten hiriak, oin ortogonala dutenak eta, azpiegitura eta eraikin publikoko lanen bitartez, natiboen aurrean, ordena berriaren onurak agerian utzi nahi dituztenak... Etapa honetan halaber, azpimarragarria da, mundu alpinoa antolatzerakoan Erromak hartzen duen bidea aintzat hartu gabe, orain, Pirinioen tontorrean Hispaniako eta Galiako probintzien arteko muga ezartzen dela; ondorioz, etniari eta kulturari dagokionez parekoak ziren herriak, administrazioari so, unitate ezberdinetan banatu ziren.

1Hemen erabiltzen den mendebaldeko pirinioaldea sintagmari buruz, ikusi K. Larrañaga (2006), 23-34.