Kontzeptua

Erbestea eta Euskal Literatura

Konparatzen badugu gerraurreko eta Errepublika garaiko literatura pizkundea 1936-46 hamarteko epean sortu emaitzekin konturatuko gara zehazki zein nolako zauria eta haustura, bai kultur arloan bai besteetan suertatu zen, eta nola oraindik anaien arteko aurrez-aurreko borroka tragiko haren ondoren zauria ez den guztiz itxi.

Hain izan zen aldaketa handia non Bernardo Estornesek honakoa zion laburbilduz euskal idazleen lana: "... en lengua vasca la única obra importante es Gudarien Eguiñak Los Hechos de los Milicianos de Monzón: el resto son poesías y narraciones perdidas en revistas y semanarios".

Dioena neurri batean egia izan arren, orain arte aritu garen bezala saiatuko gara hemen "erresto" hori zerbait bederen argitzen, hasteko mendeko gertakizunez poeta zenbaitek duten ikuspegia, Jesus Maria Leizaolaren (1974) eskutik aurkeztuz.

Joseba Zapirain (1871-1957). Errenterian jaiotako bertsolari hau El Heraldo de San Sebastián-en argitaraturiko fotograbatu batean aurki daiteke Pello Errota eta Pedro Mari Otañorekin batera. Garaiko hiru bertsolaririk famatuenak elkarrekin, beraz. Antonio Zavalak (Auspoa 123-5) argitaratuak ditu errenteriarraren bertsoak. Bilintxen, Iparragirren, eta Txirritaren eskolakoa dela komentatzen digu Leizaolak, gerra zibilaren gora-behera eta desgrazia guztiak gerrate mundialaren ingurunean kokatuz. Bi seme hilak, bi preso, beste bi non ziren ez jakin eta halere bizigogorik, eta apika bertsolari onei eta kronikagile hotzei bezala gertakizunekiko begirada zorrotzik eta irkaitz minik ez zitzaion falta Zapiraini.

Inazio Eizmendi Basarri (1913-1999). Errexilen jaioa, duda izpirik gabe emankorrena dugu bertsolarien artean, ez baitu itxi inoiz, 1935ean bertsolarien txapelketan garaile irten zenez geroztik, bere bertso fabrika. Hamaika aldizkaritan aurki daitezke bere lanak, jada aipatu dugun bezala (El Dia, Eguna, Euzkadi, Euzko Deya, Gernika, Euzko-Enda ... ), baina harrobi neurrigabe hortarik bertso bat bakarrik hautatuko dugu. Bertsolari zaharren era zuzenean Mussolini Franco eta Hitler elkarrekin bertso kantari ipintzen dituenean.

Telesforo Monzon , Bergarako semea (1904-1981) abokatu, Euzko jaurlaritzako ministrari, erbesteko politikari garranzitsua, abertzale sutsua, eta idazle ahantzezina dugu. Deserriratzean, Paris, Flandes, La Provence, Senegal, eta Marruecostik igaro ondoren Mexikon baratu zen, hemen desterruko lehen poesi liburua, esan dugun bezala, argitaratuz : Urrundik (1945) Bertan herri moldeak berrituz Lizardiren eskolakoa ageri zaigu, bai erritmo, bai modu dotoreak erakusten dizkigula. Baina bere bigarren poema liburuak, Gudarien egiñak (1947) eta honen "Euskal Guda 1936-1937" parteak, argi dagoenez gerra kronika modu epikoan ematen digu. Lehen liburuan adierazitako doinua sakonago eta minberagoa egingo zaio, hunkigarria benetan, sarrerako poeman, "Guda zabaldu zutenai" eskainian. Erabiltzerakoan dantza doinuak espreski poema honetan bezala bestetan, bertsolarien molde hertsietarik ihes egiten du, sorketa benetan estimagarriak lortuz.

Jokin Zaitegi, eta bere poesia aipagai hartuz gero, esan beharrean gaude emana dugula jadanik arrasatearraren bizitza zertzelada zenbait, azpimarratuz bere obra nagusienetarikoa, Euzko Gogoa aurkeztean. Bi poema liburu argitaratu zituela eta bidenabar azpimarra dezagun, ez zaizkiola falta atzerriari eskainitako poemak: "Euskel-Kanta Atzerrin", "Atzerrian Udaberriz"... Ez zen nolanahikoa izan Zaitegiren pena-sentimendua hain sakon maite zuen sorterritik desterratua ikusi zuenean bere burua, eta ez behin bakarrik...

Pedro Ormaetxea Lontzi Aba Etxanoan jaioa (1891) eta Txileko Viña del Mar-en zendua (1949), karmeldar olerkaria dugu beste erbesteratua. Zenbait errebistetan idatzi ondoren bi poema libururen sortzailea, eta biak desterruan argitaratuak 1947 eta 48an: Ipuintxuak eta Bigarren Ipuintxuak. Ipuinen moduan sotil idatziak daude baina poematxoak dira. Ipuintxoen erara kontatutako barne gogoeta hauexek argi eta garbi adierazten digute, nola deserriratuak, urrun eta mila lanen zurrunbiloan bizi arren, gaixo moduan zebiltzan batetik bestera hala beharrez, erbestearen eritasunak jota, bihotza eta pentsakizunak sorterrian, eta itzultzeko esperantza ez zuten galdurik.

Juan Ignazio Goikoetxea Gaztelu ezizenez, bertan jaioa baitzen Bordatxuri etxean (1908), Argentinan urte pila eman ondoren, sorterriratu eta Donostian zendua dugu (1983). Kaputxinoa, irakaslea, eta poeta saritua, aurkez dezagun orain Atzerritik deitu poematik aukeratu dugun zatitxoa:

...
"Erbestean bertsoa zertaz bete?
Baña matsari, zer dario? - Ardo.
Sagarrari orobat, zer? - Sagardo.
Biotzari, bada, zer errimiñez? -
Aberri-maitasuna, basterik ez!"

(1990 : 34)

Ez dut inolaz ere agortu nahi erbesteaz mintzatu zirenen poeta-olerkari-bertsolari-koplari guztien zerrenda are gutxiago herri-minez idatzi zituzten poemen zerrenda non, nabarmenki aberualetasuna eta sorterrira itzultzeko gogo-grina ageri diren; aldiz, uste dugu hautatu idazleen aurkezpentxo honekin aski den, beste baterako utziz Jon Mirande edo Joseba Sarrionaindia bezalako poeta handien erbesteko emaitzak, eta beraz, gerra zibilarekin zerikusirik izan zuen erbesteari hertsiki lotuko gatzaizkizue.