Kontzeptua

Erbestea eta Euskal Literatura

Francoren gudal-osteak aurrera egiten zuten heinean, lurraldeak hilez eta kartzelak abertzale, ezkertiar, euskal kulturgile eta idazleez betetzen zihoazen. Jakina den bezala, Estebe Urkiaga "Lauaxeta" poeta eta idazle handia; José de Ariztimuño "Aitzol", kultur eragile eta kazetari nekaezina; Martin Lekuona, teatrogile eta langile mugimenduaren zuzpertzailea; Jose Markiegi, apez eta idazlea, eta hainbat eta hainbat gudari kartzelan denboraldi bat eman ondoren, inongo epaiketarik gabe, Hernanin, Gasteizen edo edozein bide bazterretan fusilatu zituzten. Guzti hauek, Bernardo Estornesen hitzak errepikatuko bagenitu, Generación Enterrada, Lurperatuen Belaunaldia osatuko lukete.

Halere, bai Euskal Herrian bertan, bai Atzerrian, hala barnean nola kanpoan bitarteko eta medio aski ugariz horniturik zegoen Eusko Jaurlaritzak bere komunikabide bereziak sortzen joan zen, pairatzen ari zen egoera mundu zabalari jakinarazteko. Hona batzuk:

Euzko Deia, (La voz de Euzkadi / La voix des Basques) (Paris, 1936-1940) izanen da garrantzitsuenetarikoa, baina Paris alemanen pean erori zenean bere egoitza Ameriketara eraman zuen (Buenos Aires 1941-1943; Mexico 1943-1945); eta azkenean, bigarren gerrate mundiala amaitu ondoren, berriro Parisera itzuli zen, epe berri bati hasiera emanez, 1945etik 1972.era.

Lehen zenbakia 1936. azaroaren lean atera zen, zuzendari bezala Felipe Urkola zelarik, Donostiako El Pueblo Vasco egunkarian zuzendari izana. Lehenbiziko hiru urteetan ahalegin guztiak euskaldunen izaera katoliko eta ordenzalea azpimarratzen saiatuko da, eta britaniarren irlandesen, amerikanoen, holandesen, italianoen eta besteak beste, txinoen solidaritatea ere lortzera zuzenduko ditu bere afanak.

Astekari honek sail pila zeukan, eta hala, 7. zenbakian (1936. XII. 20an), Manuel M. Apalategi "Sabiaga"ren poema bat aurkituko dugu honelako tituluaz: "Erbesteko Mintzoa". Egilea ezaguna zen, Bonifacio de Ataun izengoitiz (OEMC), 1933an Rabindranath Tagore-ren Amal, obra itzuli eta argitaratu baitzuen. Hona bertsoak:

Gipuzkoa utzi ta jo emen Lapurdi;
Jainkoaren gogoa ala bai zan noski.
Erbestera bota naute poliki-poliki....Laister izango al naiz nere Aberrrian!

Ez zitzaizkion desioak, ordea, bete. Bere desterruko bidaian, Parisetik igaro ondoren Buenos Airesen kokatuko zaigu, hemen Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos errebistaren zuzendari izendatu zutelarik. Honelaxe zioen espreski aldizkari honen lehen alearen editorialak:

Esta revista [...] tiene por objetivo la investigación de temas vascológicos ajenos a toda controversia partidaria ya se refieran al País Vasco ya a hechos realizados por naturales u oriundos de él en el continente americano o cualquier otro lugar de la tierra.

Dudarik gabe Euzko Deya, Euzko jaurlaritzak erbestean zeukan aldizkaririk inportanteenetakoa izan zen, eta honekin batera Euskal Herriko arte eta kultur ekintzak zabaltzen saiatu ziren, bai Eresoinka, bai Elai-Alai taldeak, eta ez arrakasta gutxiagorekin Euzkadi izeneko futbol selekzioa.

Euskal literaturari, eta hau zentzu hertsian hartuz, begirada botatzen badiogu aldizkari honen orrialdeetan sakabanaturik orotarik aurki dezakegu: poemak, bertsoak, antzerkitxoren bat, hala nola saioren bat (José Zubimendi: "Bertso Minez", Bertsolaritzaren istoriotxoa, 29 emanalditan), etabar..

Poeta eta bertsolari emankorrenen artean Iñaki Eizmendi "Basarri" (Errezil, 1913 - Donostia 1999) dago, hogei poema argitaratzen baitu bertan. Ondoren kopuruen arabera hauexek datoz: Juan Ezenarro "Txori Txiki" (1890-1945) hemeretzirekin, Mikel Arruza "Arrugain" (1890-1960) hamalaurekin, aipatu dugun Manuel Apalategi (Ataun, 1901) eta Agustin Anabitarte "Atarrene" (1891-1981) bostekin. Eta beste hainbat eta hainbat bertsogile izengoiti hauek darabiltzatenak: Urtarri, Zerbizale, Kaiku, Pasaitar bat, Abeslari, Umezurtza, Bakartiya, Jel-Orde, Egia, Atari...

Erbestean Euzko Jaurlaritzak bere nazioarteko kanpainari eusten zion bitartean (Paris, Londres, New-York, Mexico, Buenos Aires, Caracas...) espainiar estatuan ere jarraikitzen zion lanari eta hor ditugu lekuko, Eguna, Gudari, Euzkadi En Catalunya, eta Espetxean; baina beste lurraldeetan ere ez zen faltatu euskal adizkaririk hala nola: Eskualduna, Gure Herria, Aintzina, Anaiak, Euzko Enda, Euzkadi, Aberri Aldez, Batasuna, Ikuska, Gernika, Euzko Gogoa, Irrintzi.., zertxobait bederen arakatuko ditugunak beren ikuspegia gerra zibila eta erbesteaz ikcrtzearren.

Bartzelonan elkarrekin topo egin zuten euskal errefuxiatu multzo ugari batek Euzkadi en Catalunya aldizkaria argitaratzen hasi zen 1936.eko abenduaren 12an, eta berrogeita hamar ale plazaratu ondoren 1937. azaroaren 20an itzali zen. Sorrerako editorialean: "Nuestra fe para Aguirre y Aguirre para la causa de Euzkadi y España redimidas, aitortzen zuen. Halaber, Emill Diez jaunak honela definitzen zuen katalaneraz, euskal eta katalandar antifaxisten artean iraultza garai haietan lotura zitekeen sortu errebista berria: Euzkadi en Catalunya, fidel reflexe de la vostra opinió antifaxista, i setmanari nascut en plena revolució, no deu morir, ten que sigui el gran nexe ideológic entre bascs i catalans. Gora Euzkadi!!! Visca Catalunya!!!"

Katalunyako aldizkari honetan parte hartzen duten bertsolari eta olerkarien artean dauzkagu Hendaiako Haiçeabean izeneko lekutik bertso bidaltzen zituen Jose Mari Lopetegi eta Juan Ezenarro "Txori Txiki". Jakiten dugu ere, nola 1937ko ekainaren 9tik aurrera euskarazko klase ematen zituen Juan Adarragak, Alel-les Mestres, Plaza del Pino, nº1 delakoan kokaturik zegoen liburutegian. Bazen aldizkarian Pemán-en eta jeneral asaldatuaren zerbitzuko moroen kontrako artikulu irrigarri eta zirikatzailerik ere.

Espetxean deitua dugu beste aldizkaritxo aipagarria. Hau Larrinagako kartzelan (1937-1942) idazten zuten gudari presoek. Buruan gidari bezala Sabino Aranaren honako aipua zekarren: No es digno de ser libre el pueblo que sufre pacientemente la esclavitud. Bertan parte hartu zutenen artean geroago lehen euskal hizkuntzalaritzat jo dezakeguna, euskal saiolaririk handienetakoa Koldo Mitxelena Elissalt errenteriarrak, alegi Mikelazulo'ko Belea ezizenaz sinatzen zuenak.

Baina, euskal literaturaren uzta ederrena, garai triste honetan, Iparraldeko aldizkarietan edirengo dugu, Eskualduna, Gure Herria eta Aintzina-n, hain zuzen.

Eskualduna (Baiona, 1887-1944) aldizkari katoliko eta eskuindarra Louis Etcheverry diputatuak sortu zuen 1887an, Martiel Henry Berdoly errepublikarrak eraiki Le Reveil Basque astekari elebidunaren kontra egitearren. Bertan parte hartu zuten bertsolari eta koplari anitzek: Larramendi, Erramuzpe, Ligueix, Lafitte, Oxobi eta Zerbitzarik,.. Azken honen lehen gerrateko kronika ere aurki daiteke: Berrogoita Hamazazpigarrena gerlan (1937). Bertako orriak irakurtzerakoan XX. mendeko kronikagile eta idazle hoberentsuenetakotzat jo dezakegu, inongo dudarik gabe Jean Elissalde.

Gure Herria (Baiona, 1921-1939; 1950-1975) hiru hilabetetik behin plazaratzen zen aldizkarian Jean Barbier, Léon Léon, Pierre Lafitte eta beste idazle pilo batek parte hartzen zuen, bertan kantak, errefrau bildumak, ixtorioak, antzerkiak eta hamaika kontu ezberdin argitaratuz. Bigarren gerrate mundiala piztu bezain laister itzali zen, ordea, berriro berrogeita hamarreko hamartean berpizteko. Beraz, gerra zibilak iraun zuen bitartean euskaraz agertu bakarrenetarikoa genuen.

Aintzina (Baiona, 1934-1939; 1942-1944) "Trait-d'union mensual des régionalistes basques-français", alegia, iparraldeko euskaltzale eta abertzaleen arteko lotura izan nahi zuen aldizkaria Pierre Lafittek sortu zuen lehenik. Baina alemanen tropen okupaziopean Marc Legassek eta Jean Diharze "Iratzeder"-ek berrargitaratu nahi izan zutenean HORDAGO izenaz aldizkaria, alemanek izen ezagun batena hobetsi zuten. Pierre Lafittek ez zuen izena utzi nahi, baina azkenean onartu beharra ukan zuen. Hemen idatzi zuten, besteak beste, Paul Guilsou-k, Simon Duhour-ek, Pierre Charritonek, Roger Etchegarayk, Marc Legassek, Michel Labegueriek, Jean Dubosc-ek, André Ospitalek, Mayi Diharzek, etabar luze batek. Ixtorio eta lejendak, kantak, era guztietako saioak, panfletoak bidenabar, bertan ageri ziren. Charritonek kontatzen digunez, gudatea galdurik alemanek alde egin eta De Gaulle-ren agintaritza iritsi zenean, alemanen garaian eta haien baimenarekin egindako guztiak ezeztatu zituzten, eta horrela itzali zen Aintzina ere 1945ean.

Anaiak "Correspondance bi-mensuelle des prétres basques en exil" (Paris, nº 1, 15 janvier 1939) hiru eleduneko aldizkarian irakur dezakegu ere euskal idatzirik, hala nola Gabirel delako batek Londresetik bidaltzen dituen bertso batzuek, edota Pierre Lafitteren agurra : Anai batek anaieri.

Euzko Enda "Boletín mensual dedicado a la unión de la Raza Vasca", aldiz, Baionan argitaratzen zen eta 1939-1940. urteetan hamabost ale plazaratu zituen. Sail aski ezberdinak ukitzen zituen: euskal literatura, erdal literatura, artea, filosofia, mistika, etabar. Eta euskal idazleen artean nabarmentzen direnak honakook: Basarri, Zubimendi, Abeletxe, Arigoi (Colombia-tik), Elko (Nevada-tik), Gorostiaga, eta beste hainbat.

Ameriketan, noski, XIX. mende bukaeraz gero jada indarturik zeuden "Euskal-Etxeak" errefuxiatuentzat babesleku eta lehen etapa ezin hobea izan ziren, beren kezkak eta ekintzak argitaldi zenbaitetan ematen zutelarik. Hala, lehenik Caracasen eta gero New-Yorken Jon Oñatibiak ARGIA errebista berpiztu zuen (1946-48).

Jon Iturbe zuzendari delarik, Euzkadik bere lehen alea Caracasen 1942. abuztuan plazaratuko du. Parte hartzaileak: Jose Maria Barrenetxea, Blas de Garate, Eusebio Barriola, Jose Maria Bengoa, Genaro Egileor, eta jada aipatua dugun Martin Ugalde.

Mexikon Aberri Aldez aldizkariak 1937. martxoaren 13an argia ikusiko du, Jesus Aldamiz zuzendari, bere mezua "a los vascos de todo México y del Continente Americano" zuzenduz.

Txilen Batasuna (1941-1942) Bernardo Estornesen ardurapean sortuko da, lehen alean kolaboratzen dutelarik, Manuel de Irujok, Luis de Eleizaldek, Alfonso Reyesek, Jesus Galindezek, eta bestek.

Galeuzca-n idatzi zuen ere Galindezek artikulu benetan argi, zorrotz eta esanguratsua, ""España" y Euzkadi"", non historia pittin bat egin ondoren honako irtenbidea proposatzen duen:

"¿Cuál puede ser esta solución práctica? Una tan sola: el reconocimiento de la plurinacionalidad dentro de la península; llámese ésta Iberia, llámese España.

[...] Si hay comprensión, los vascos nos uniremos gustosamente con las vecinas en un plano de igualdad soberana, para obtener y defender intereses comunes.

Pero bien a sabiendas, general, de que Euzkadi es la única patria de todos los vascos."

Nueva York, julio de 1946. (Reed. 1977: 569)

Amaitzeko aldizkarien sail hau, denak aipaezinak direnez, eta irakurle luzetsiko lukeenez orotaz mintzatzea, ari gaitezen laburki bederen, beste bost hauetaz: Ikuska, Gernika, Euzko Gogoa, eta Irrintzi-z.

Ikuska (Sara, 1946-1951) boletinak antropologia eta etnologia kontuak izango ditu aztergai, Jose Migel Barandiaranen zuzendaritzapean. Baina aurkitzen zuten hemen lekua hizkuntza eta literatur ikerketek, hala nola Lafitte eta Ormaetxea "Orixe" ren eztabaidak elkarren artean, berauen liburuak zirela eta batak besteari eginiko kritikak. Alegia, Piarresen Grammaire... dela eta Nikolaren Euskaldunak bitarteko.

Gernika "Cahiers collectifs de culture humaniste", "Revista trimestral al servicio del humanismo popular vasco" (Paris-Buenos Aires, 1948-1953) aldizkaria frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz ageri zen eta oso garrantzitsua da ideiologiaren aldetik abertzale munduan beste ikuspegi berri bat azaltzen baita. Hala, Federiko Krutwigek "Sobre la reorganización de la Academia de la Lengua Vasca"(1950) Euskaltzaindiari beste jaidura bizitza ematen saiatu zen, poema panteistak idazten zituenarekin batera. Beste heterodoxo bat, Jon Mirande izanen da. Honen elkarrizketa Andima Ibiñagabeitiarekin, bai euskal poesiaz, bai bereaz, "Olerkarienean"(1953) titulupean, benetan garrantzitsua izanen da ezagutzeko poeta paristarraren iritziak eta poetika. Bere artikulu benetan gogor eta eskandala harria izan zenak, alegia, "Euskaldungoaren etsaiak" titulu pean eman zuenak euskaldun-fededunen artean min bizia, trumoiak, txinpartak eta haserre handiak sorrarazi baitzituen, eta errebistaren azken alea izan zen huraxe.

Euzko Gogoa (Guatemala-Miarritze, 1950-1959) aldizkariak euskal literaturaren historian mugarri benetan funtsezkoa eraiki zuen. Zuzendari eta eragile nagusi Jokin Zaitegi (Arrasate, 1906- Donostia, 1979) izan genuen, eta hain da garrantzitsua bere bizitza, non merezi duen geldi gaitezen. Zaitegik lehen ikasketak Durangon burutu zituen jesuitetan, eta nobitziatua Loiolan. Hemen Iberoren A un Vasco liburua irakurri ondoren iparburua topatu zuen, eta beste idazle handien ikaskide zen: Andima Ibiñagabeitia, Lauaxeta, Plazido Mujika, lñaki Goenaga, Argarate, Korta anaiak....Gazte zelarik hasi zen greziar autoreak itzultzen, bere kide kuttuna Andimak latinezkoak iraultzen zituen bitartean. Loiolatik Oñara eta hemendik Meridara (Venezuela), bertan hiru urte iraganez. 1932. urtean Marneff-era (Belgika) bidaltzen dute Teologia ikasketak burutzera. Ordurako jada itzuliak zituen grezieratik eta latinetik hainbat autore klasiko bezala, beste hainbat idazle, hala nola: Baudelaire, Prudhomme, Musset, Goethe, Mistral ...

Hala, gerra zibila piztu zenean Konpainiak berriro Ameriketara bidaliko Zaitegi, El Salvador-era hain zuzen, hemen amaitu zituelarik, Bidalien eginak, eta Longfelow-en Ebangeline. 1944ean ikusiz zein nolako joera zera .maten jesuitek politika mailan, jesusen konpainia utziko du. Ordena eta Aberriaren arteko hautaketan, Hizkuntzan oinarritzen zen Aberriaren aukera eginen du. Urte honetako gertakizun batek merezi du aipatzea. Guatemalako frontera iragaitean euskaraz idatzitako pasaportea aurkeztuko du, eta poliziak ez du deusere ulertzen. Hala eta ere pasatzen uzten dute, abisatuz pasaporte espainiarra aurkeztu beharko duela. Ministeritzara deitzen dute jakitearren ea egoera legeztatu duen, baina Jokin bercan mantentzen da irmo. Azkenean, Jorge Ubico jeneral diktadoreak bere bulegora eramaten du eta elkarrizketa luze bat elkarrekin ukan ondoren, Zaitegi ordu oroz Presidentearen etxearen ateak idekita izanen ditu. Aurrerantzean, Zaitegirenak ere euskal errefuxiatu eta emigrante ororentzat zabalik izanen dira San Carlos Unibertsitatean latina eta grekera irakasten du, eta hau ondoren Instituto América delakoa sortuko du, Liceo Landibar bezala bataiatuko duena Azkenean, iristen da 1950a, eta idazle multzo eder bat bilduz: Andima, Orixe, Etxaniz, Urruzola, Onaindia, Labaien, Krutwig, Mirande, Aresti, San Martin etabar, Euzko Gogoa argitaratzen hasi zen.

50etik 56ra Guatemalan eta 56tik 59ra Miarritzen plazaratuko Honen hiru mila seirehun eta berrogeita hemezortzi orriek euskal kulturaren arlo guztiak ukitzen diruzte: literatura, linguistika, soziolo historia, erlijioa, filosofia, arte ederrak, natur zientziak, psikologia, etab. Eta literatur jenero ezberdinen ehunekoak honelaxe banaturik daude: Antzertia % 19,5; Kritika % 15,26; Poesia % 10,7; eta Narraziogintza % 12,02.

Gernika errebistak idekitako arrutari jarraiki, euskal kulturgintzan sekularizazioari bidea ideki zion Zaitegiren errebistak. Baina Prometeo etsiezin honen lanak, etorkizunean baitzeuzkan ipinita begiak, ez zuen bapatean bere fruituak lortu. Hala Orixeri eskatu zionean, egonaldia eta jan-edari guztiak ordainduz, Iliada eta Odisea itzul zitzan, honek Miramarreko egoitzan Agustiñ Gurenaren Aitorkizunak itzuli zituen.

1955ean, Liceo Landibar saldu eta errebistak sortzen zituen diru xahuketak ordaindu ondoren, Miarritzera itzuli zen bertan Euskal Idazleen Etxea eraikitzeko asmotan, eta Pariseko Lehen Mundu Batzarrean parte hartzeko burutazioarekin. Euskal Herrian jada kokaturik zegoela, Ameriketan baino okerrago joan zitzaizkion gora-beherak, ezen Jose Antonio Agirrek eskainitako diru-laguntza ez zitzaion iritsi, eta bestalde errebistaren aleek nahiko lan zeukaten muga hausten, Bidasoaz honaindi irakurlea izaiki irakurle ia bakarra. Beraz, gogoa ilun itzuli zen Guatemalara eta hemendik ez da Euskal Herriratuko 1972. urterarte. Bere sorterrian ez du ia inork ezagutzen, eta turista ezezaguntzat daukate. Halere, Euskaltzaindiak 1977an Euskaltzain ohorezko izendatuko du.

Josemari Velez de Mendizabalek dioskunez (1981), Zaitegik bi andregai ukan zituen, aberria eta euskara. Honekin hasi zen harengana iristearren, baina hura iheskor gertatu zitzaion. Dena den, euskaraz utzi zigun emaitza neurtezin eta inoiz behar adina goraipatuko ez duguna da, sortzaile eta itzultzaile izateaz gain bultzatzaile ere izan baitzen. Sofokles, Euripides, Platon, Bidalien Eginak, Longfelow eta esan bezala hainbat eta hainbat poetaren bertsoak itzuli ez ezik, sortu zuen poema benetan ederrik. Goldaketan. Atzerri, Euskelerri. (Mexiko, 1946), eta Berriz ere Goldaketan (Miarritze, 1962).

Andima Ibiñagabeitia (Elantxobe, 1907-Caracas, 1967) Zaitegiren adiskide kuttunak, deserriratu zenean, lehenik Parisen eman zuen zenbait urte euskarazko klaseak ematen, - Txomin Peillen eta Jon Mirande ikasle zituelarik tartean-, eta gero Caracasen kokatu zuen bere egoitza. Zaitegi Euskal Herriratutakoan, ez zen gelditu besoak gurutzaturik Andima, jarraitu baitzion kolaborazioak bidaltzen Euzko Gogoari, bertan plazara Benaventeren Abere-indarra, Bergili'ren Unai kantak, Ovidiusen Maite bidea, musikaz eta liburuez komentarioak, etabar.

Eta ez hori bakarrik, 1958an Irrintzi aldizkaria sortu baitzuen, zeinek honakoa zioen titulupe Erri azke batean, Euzkadi'ko azkatasunaren alde - Por la libertad de Euzkadi. Hamaikagarren alean, ildo beretik, honakoxea zioen kritikatzerakoan euskal abertzaletasunak aspaldian harturiko bideak, eta abiada bezala ipar orratzareen zuzendu beharraz.