Literatoak

Zaitegi Plazaola, Iokin

Arrasate 1906-07-26; 1979-08-17

Arrasaten 1906ko uztailaren 26an jaioa, lehendabiziko hizkiak herriko eskolan ikasi zituen Iokinek, Juan Arana "Loramendi" izango zena ikaskide zuelarik. Zaitegik berak, Euzko Gogoan argitaraturiko idazki batean zioen bezala, Juan Arana umeak arazoak zituen maisuak exigitzen zion gazteleraz hitzegiten, baina -Zaitegiren inbidiarako- egundo ederki ezagutzen zituen hark belar, zuhaitz eta txorien izenak. Iokinek, aldiz, eta "Orixe"-ren mugaketa bati nagokio, kalekume zango zuri zirudien, euskaldun bai baina ezelako eragozpenik gabe espainieraz ere trebe aritzeko. Zaitegi, garai hartako maila ertaineko sendi batean jaio zen eta horren eragina nabaria da seme guztiengan.

Erlijio-debozioak ikutua, josulagunen bidea aukeratu zuen eta 1920ko uztailean Durangon dago, urtebete oso bat egiteko. Handik Loiolara, eta bertan topo egiten du bere zirkuluan, laster batean euskal zeru bitxian argi bereziz nabarmenduko ziren izar batzuekin: Andima Ibinagabeitia, Esteban Urkiaga "Lauaxeta", Iñaki Goenaga, Korta anaiak... Denen artean, bazkun antzeko bat sortu zuten, hain zuzen ere euskararen bidez euskal kulturaren garapenean jarduteko. Klasikoetan oinarrituta, gerkera eta laterazko idazleak euskaratzeari ekin zioten, eta baita uzta ederra bildu ere, batik bat Andima eta Zaitegiren lanei bagagozkie. Elantxobearrak Bergili (Virgilio) aukeratu zuen eta Zaitegik Sopokel (Sofokles). Ordudanik bi gizon horien bideak elkarren ondoan agertzen dira urte luzetan. Zaitegiren bibliografiari helduz, 1946an ageriko da lan horren lehen alea, Sopokel'en antzerkiak I (Mexiko) eta 1966an bigarrena, Sopokel'en antzerkiak II (Baiona).

Zaitegik 1926ko udan aldegin zuen Loiolatik Oñara. Ordurako olerkigintzan hasia zen, eta santutegian ikasle euskaldunek kudeaturiko Deya aldizkarian Donokiko Ama deritzan poema argitaratu zuen, 1926ko azaroaren 25ean. Zaitegiren aurreneko lan ezaguna da.

Oñan hiru urtez egon behar izan zuen eta Burgosko lurralde hartan abiadura exponentzialean garatu zituen euskararekiko bere abileziak. Langile nekezina izanik, genero desberdinak landu zituen. Itzulpengintzarekin jarraitu zuen, buru belarri, eta klasikoei bezala natur zientziak edota matematikari ere heltzen zien, hainbat lanek egiaztatzen duten legez. Bitxienetakoa, Oñako lanaren uzta gisa, Eusko Ikaskuntzaren RIEV-en 1933ko XXIV idaztiaren lehen zenbakian Kizkiña deritzan lana ageri zen, zitologiaren gaineko itzulpen bat dena.

Oñan, Filosofiako titulua lortu ondoren, Lagundiak Ameriketara bialdu zituen, "euskal gaiak bihotzez hartzen genituenak beste bakar batzuekin nahasita". Loiolako urteetatik lagun mina zuen Andima Ibinagabeitia Colombiako Bucaramangara igorri zuten eta Iokin Venezuelako Meridara. "23 urteko gizonak ginen, ez haurrak, baina esanetara jarriak, noski..." 1929an gertatu zen hori. Urtebete lehenago bien beste adiskide handia zen "Lauaxeta"-k Lagundia utzi zuen eta haren irteerak biziki artegatu zuen arrasatearra.

Hiru urte Venezuelako Meridan, eta egonaldia irakaskintzako ariketetan eman zuen Zaitegik. Hala ere, ez zuen euskaltzaletasunaren zuzia itzali. Olerkigintzari lotu zitzaion gogo handiz, Bolibar mendi erraldoia inspirazio-iturri zuen bazter haietan.

1932an Belgikako Marneffe-ra iritsi zen, Teologia ikastera. Han bere pozerako, berriz ere Andimarekin du topo egiten. Eta Zaitegi olerkigintzari lotu zitzaion, indar handiz, bi urte beranduago garaiko saririk estimatuena irabaztera iritsiko zelarik. "Aitzol" zenak eraturiko Eusko Olerti Egunak zirela eta, 1934an lehen saria eskuratu zuen arrasatearrak, Tori nire edontzia poemarekin. Zaitegiren izena, "Lauaxeta", "Lizardi", "Loramendi" eta Patxi Etxebarria aurreko urteetako irabazleenei gehitu zitzaien.

1935eko uztailaren 31an lehen meza eman zuen Marneffen. Eta urtebete beranduago, Belgikako beste hiri batera doa, Morialmee-ra, Lagundiaren zehazkizunetan trebatzera. Handik Lagundiak Ameriketara bialdu zuen, bigarren aldiz, eta El Salvadorrera iritsi baino lehen, sei hilabete eman zituen Panaman, ingelesa ikasten. 1938an San Salvadorreko apaizgaitegian zegoen, irakasle gisa, eta bertan 1944ko ekainera arte iraun zuen, gai pilo bat irakatsi zuelarik, batez ere idazteunak. Zaitegik berak dioenez, sei urte luze horien fruitua Bidalien Eginak deritzan liburua izan zen, 1955ean (Zarautz) argitaratuko zuena.

1944ko ekainean Lagundia utzi zuen, bere nagusiek euskal kulturaren kontra ageri zuten jarrera zela eta. Eta Guatemalako bidea hartu zuen, herrialde horretan irakaskintza libreari buru belarri lotzeko. 1945ean Longfelow-en Ebangeline deritzanaren euskal bertsioa publikatu zuen Zaitegik Guatemalan. 1946an, berriz, gorago aipatutako Sofoklesen antzerki lan batzuekin batera, Goldaketan poema liburua argitaratu zuen Mexikon.

Iokin klaseak ematen aritu zen, lehenik San Carlos Unibertsitatean, gero Instituto América delakoan eta, amaitzeko, Zaitegik bere ikastegia sortu zuen, Lizeo Landibar izenekoa, 1951an, beharrezko kapitala San Salvadorreko lagun batek utzi ziolarik. Ordurako "Orixe"-rekin ari zen harremanetan eta Lizeoa sortzear zuela, Andimarekin ere jarri zen harremanetan, honek antolaketa lanetan lagun ziezaion. Ez hori bakarrik; lagun minaren premian, Andima Guatemalara eraman zuen Zaitegik 1954an, Lizeoan klaseak eman zitzan, nahiz eta hiru urte lehenago hasi zitzaion bizkaitarrari harako erregutan.

Urtebetez egin zuten lan elkarrekin Andima eta Zaitegik Lizeo Landibarren, eta arrasatearrak 1955ean bere jaioterrira itzultzea erabaki zuenean, elantxobearrari eskatu zion Lizeoaren kontu garbiketa burutzea, zenbakitan bere burua baino trebeago ikusten baitzuen Andima. Baita honek egin ere, elkarri zioten zintzotasunaren barnean.

Zaitegik, euskal literaturaren historian, bi arrazoi nagusirengatik izango du beti toki aparta. Lehenik eta behin, sortzaile bikaina izan zelako. Baina, zalantzarik gabe garrantzitsuena, literatur eragile paregabea gertatu zelako, urtetan zehar. Eta hori, nagusiki, Guatemalan 1950ean sorturiko Euzko Gogoa aldizkarian gauzatu zen. Bi belaunaldiren arteko zubitzat hartu behar da Euzko Gogoa, gerra ostean euskaraz publikatzen den lehen aldizkaria. Eta inoiz Zaitegi euskal kixoterik handienetakoaren titulua eman badiot, bereziki aldizkariaren bitartez euskal literaturaren alde egindako lan eskergarengatik da.

Iokinek bere osasun eta dirutza ikaragarria inbertitu zituen lantegi hartan. Inork ez zion laguntzarik txikiena ere luzatu, teorian bederen euskaltzale guztien onespen eta txaloak jaso zituen aldizkariaren zama arintzeko. Hasiera batetik garbi igarri zuen bere asmo hura burutu ahal izateko finantzazio-iturria sendotu behar zuela. Hori zela eta, lehen aipatutako Lizeo Landibar eraiki zuen, hortik atera zitzakeen dolarrak Euzko Gogoa-ren garapenean sartzeko.

1950-1955 bitartean, Guatemalan kaleratu zuen aldizkaria. Bertara, gerra aurreko idazle eta uhin berrikoak hurbiltzen saiatu zen, eta erantzuna ederra izan zela azpimarratu behar da. 1956-1960 denboraldian, berriz, Miarritzetik hedatu zuen mundu osora aldizkariaren itzal eta edukia. Baina 1960an erabat itxi behar izan zuen Zaitegik, hamarkada bat lehenago ekindako abentura eder haren atea. Euskaltzaleek ez zioten erronkari eutsi ahal izan eta beste irtenbiderik ezean, dena bertan behera utzi eta berriz ere Guatemalako bidea hartu zuen, bere aberkideekin aspertuta.

Atzera joko dugu historian, eta Guatemalako lehen egonaldiari helduko diogu, hain zuzen ere Zaitegik San Carlos Unibertsitatean klaseak ematen zituen egunetara. Sofokles euskaratzen ikusi dugu lehen arrasatearra eta, berak dioen bezala, gaztetandik hasi zen klasikoak euskaratzen eta horietako bat Platon handia izan zen. 1946an Guatemalako Unibertsitatean irakaskintzari ekin zionean, besteak beste Platon ere aukeratu zuen ikasgaitzat. Eta berriro gerkeraren textuetan murgil behar izan zuenez gero, poliki poliki materiala heladeratik euskaratzen ahalegindu zen. Lehendabiziko ondorioa, 1962an (Donostia) liburu gisa aterako zuen Platon'eneko atarian deritzana izan zen.

1960an Guatemalara itzuli eta berehala, Miarritzen idatzitako poemak poesia liburu berri batean argitaratu zituen hango hiriburuan, Berriz ere goldaketan titulupean Guatemalan, dena den, bertako indioen aldeko jardunean aritu zen, Euskal Herria eta euskara erdi ahaztuta. Minduta, nonbait, urte luzetan euskaldunengandik jasotako ordain eskasarekin, literaturgintzari uko egin zion erabat aurreneko urteetan. Baina barruan zeraman garrak, lehen edo beranduago berpiztu behar zuen. Ez ziren gutxi izan, Euskal Herritik eta baita exiliotik ere behin eta berriz azaldu zitzaizkionak, arren ostera euskaraz idazten jartzeko erregutuz. Eta dei horiek eragin positiboa izan zuten Zaitegiren gogoan.

Eta berriz, hogei urte lehenago San Carlos Unibertsitatean hasitako gaiari atxiki zitzaion, Platon filosofoaren elkarrizketak euskaratzeari, alegia. Horrela, banan banan, 1975etik aurrera sei liburutan argitaraturiko itzulpenak burutu zituen: Platon I (1975), Platon II (1977), Platon III (1978), Platon IV (1978), Platon V (1979) denak Zaitegiren zuzendaritzapean, eta Platon VI (1989), azken hori Euskaltzaindiaren ardurapean, Zaitegi ordurako hil baitzen.

Zaitegi 1979ko abuztuaren 17an hil zen, eta bere desagerpenak hutsune betezina utzi zuen euskal literaturan. Zaitegik bihar etziko euskaldunak zituen gogoan, Loiolako urte gazteetatik. Horien aldeko jardun jarraian aritu zen etenik gabe, denetariko gai eta arloak jorratzen ari.