Kontzeptua

Erbestea eta Euskal Literatura

Andoni Arozena (Lasarte 1907-1989). EAJkoa zen Eguna-n idazten zuen A-Bi deituraz eta Erbestea ere ezagutu zuen, Jose Antonio Agirre Lehendakariarekin ageri delarik zenbait argazkitan. Burutu zituen antzerkiak hauexek dira: Txilibitu (Bakarrizketa). Euskal esnalea, 1930; Urteurrena (Bakarrizketa). Antzerti 23-24, 1933; Andregaia nai ta.... Tolosa 1933; Mox, Miss, Xapi. Antzerti 37, 1935; Balujan.Antzerti 37, 1935; Xanko ta Paxko. Elkarrizketa. Antzerti 49, 1936; Zorigaitz malkoak (?). Hauetarik Akotzeko gazteek arrakasta handiz antzeztu zuten Donibane Lohitzunen 1943ko Urtarrilaren 22an, Eskualduna-ren arabera, Mox, Miss, Xapi. Eta Euskal Antzertia deitu artikulua ere idatzi zuen Caracasen gerraurreko mugimenduaz xeheki hitzeginez.

Ander Arzelus Luzear (Donostia 1898-Baiona 1949). Idazle donostiar hau, irrati gizon, hizlari eta euskal kazetarien aitzindari izan zen. Labaienen jaioturte berekoa dugu, eta jada 1934ean Antzerti-n Neskamearen marmarrak antzerkia argitaratua zuen. Baina baditu beste zenbait antzerki idatzirik ere eta argitaratu gabe, Exkonberri...ameslari, Kirten-en gauzak., Diru gosea (dg.), eta Gibelaundi. Baita ere Charles Dickens-en Christmas books-etik moldaturiko eresidun antzerkia, Kilkir abestia izenekoa. Ez dakigu noiz idatzi zituen batzu, edo Errepublika garaian edo Erbestean, hemen hil baitzen. Koldo Mitxelenaren euskara irakaslea izan zen kartzelan, eta ateratakoan Frankoren kontrako erresistentzian aritzeagatik erbesteratu beharrean aurkitu zen.

Jon Etxaide (Donostia 1920-1998). 1949ko nor gehiagokan Amaiur (Euzko Gogoa, 1951) saria irabazi zuen Drama historiko ezaguna, zeinen gertaerari buruz Lauaxetak ere poema bat idatzi zuen, Anton Valverdek ederki kantatzen duena. Tamalez, ez dut ezagutzen antzezkizunik. Jakina denez, XVI. mendean Nafarroako bere independentzia galtzen duen garaiko ixtorioa taularatzen du. Halaber Pedro Mari, Campión-en leienda euskarara moldatu zuen, Etxabek gaztelaniazko bertsioan ezarritako andaluzkeria kenduz eta zertxobait laburtuz. Bere obrarik antzeztuena, Iturrinoren bertso paper ospetsuan oinarritu Markesaren alaba izan zen.

Antonio Labaien (Tolosa 1898-1994). Tolosar hau Pierre Larzabalekin batera XX. mendeko antzerti gizonik garrantzizkoena dugu, berak sortu baitzuen lehen errebista teatroaz II. Errepublika garaian, Antzerti deitu zuena eta Idoia Gereñuk berrargitaratu diguna faksimile edizio eder batean. Erbestean honako antzerkiak burutu eta plazaratu zituen: Gachucha (Gure Herria, 1937) ; Muga (Euzko Jakintza, 1952-54); Lurrikara (Euzko Gogoa, 1955); Jostuna (Euzko Gogoa, 1957). Lurrikara-n Gipuzkoako gerra zibileko gertaera bat kontatzen digu, hain zuzen, eta Jostuna-n enkarguz egindakoa da, emakumezkoentzat soilik, hauen psikologia ongi agertuz, hala nola hiri handi eta ttikien arteko kontraesanak.

Telesforo Monzon (Bergara 1904-Baiona 1981). Pertsonai ezaguna politikagintzan eta kultur munduan, Eusko Jaurlaritzako Kontseilari izan baitzen, Gerra Zibilean lehenik eta gero Erbestean. Ipar Euskal Herrian eraman zen kultur politikan aitzindari eta Pierre Larzabalen adiskide eta kolaboratzaile handia. Bere obren artean honakoak ditugu: Zurgin zaharra (EG 1956); Menditarrak (EG 1958); Gure behia hila da! (GH 1960); Beorraren ostikoa (Herria 1962); Eneko Bizai eta Maria Lorka (Baiona 1966); Hazparneko anderea (GH 1966).

Antonio Ruiz de Azua, Ogoñope (Elantxobe 1904-México 1974). Kazetari eta idazle abertzale bizkaitar hau Eguna-n idazten du eta 1937-38an Bartzelonan Euzkadi-n. Irratian kolaboratuko du, eta Méxicoko Euzko Deya zuzenduko. Ekin aldizkarian, 1949an Euzkera eguna-rako, alegia irailaren 3rako, Euzkadi'ko erri baten deitu bi ataleko antzerkitxoa idatzi zuen.

Martin Ugalde (Andoain 1921-Hondarribia 2004). Gazte zelarik erbesteratu zen andoaindar hau. Caracasen, kazetari lanetan aritu zen, eta jada bere lanak 1956an plazaratzen hasi. Lehenik gaztelaniaz, eta gero euskaraz. Bere obra ugarien artean ez da falta ere antzerkirik hala nola Ama gaxo dago (Caracas 1964), eta Gurpegin aspaldi gertatua (Caracas 1965, argitaragabea). Modu sinbolikoan ama euskara da, ate baten atzean eta familian bizi direnek oso modu ezberdinez tratatzen dute.

Augustin Zubikarai (Ondarroa 1914-Galdakao 2004). 1949an, Eusko Ikaskuntzak Miarritzen antolatutako Lore Jokoetan saritu egile eta antzezlanak honakoak izan ziren: Pierre Larzabal (Urchilotar horiek), Jean Lousteau (Amaren heriotzea), Jon Etxaide (Amaiur), Augustin Zubikarai (Itxasora), Jeanne Minaberri eta A. Charriton (Izariko zapeta) eta Mayi Elissagaray (Maitetchoren ezkontza). Esan bezala Miarritzen egin zen norlehenkan 1949an, Bakarrizketen Lehen saria Augustin Zubikaraik irabazi zuen Itsasora lanarekin. Baina ez dugu ezagutzen bakarriketa hau, baizik eta urte batzuek geroxeago titulu berarekin Itxasora (Arrantzale bizitzako irudia) deitu antzerkia. Hemen, ohi bezala hain ongi ezagutzen zuen arrantzaleen bizitza agertzen digu, itxas-ertzeko erri txiki baten pasadizoak. Angulari taldearekin hasi eta Boga Boga kantarekin bukatzen dena.

Berrogeiko eta berrogeitahamarreko hamarkadak ez ziren olgetarako garai aproposak, eta antzerkiaren zuzia Jokin Zaitegik Mexikoko erbestean hartuko zuen, Prometeo berri baten antzera, 1946an Sofoklesen antzezlanen itzulpena argitaratuz. Halaber, Guatemalan euskal kulturaren historiak eman duen aldizkaririk interesgarrienetako bat sortu zuen, Euzko Gogoa (1951-59), non Bedita Larrakoetxeak, Bingen Amezagak, Andima Ibiñagabeitiak, eta Zaitegi berak beren itzulpen eta antzezlanak argitaratu zituzten.

Bingen Amezaga (Algorta 1901-Caracas 1969). Poeta anitz euskaratu zituen baina itzuli zituen antzerkien artean daude: Hamlet (Ekin 1952), Koldo Mitxelenaren goraipamenak merezi izan zuenak, eta Prometeo Burdinetan (EG, 1959).

Bedita Larrakoetxea (Zeanuri 1894-Oñati 1990). William Shakespearen obra osoa itzuli zuen, baina Euzko Gogoan soilik Macbeth (1957), Lear Errege, (1958) eta Ekatxa (1959).

Andima Ibinagabeitia (Elantxobe 1907-Caracas 1967). Beste obra anitzen artean honako antzerkiak itzuli zituen: Jacinto Benaventeren Abere indarra . (La fuerza bruta, 1908) EG 1951; Gaitzetsia (La malquerida, 1913) EG 1954-55, non gizonek menperatutako mundua emakumearen bizi gogorra azaltzen den, eta Julio Dautas Kardinalen zauta (A ceia dos kardiaes) galdua, antzerkitxo otsandikoa, baina garaiko apaizentzat gogorxkoa, itzultzailaren arabera.

Jokin Zaitegi (Arrasate 1906-1979). Grekerazko edo berak zioen bezala eladerazko Klasikoak itzultzen jarraitu zuen desterruan eta Sopokel'en Antzerkiak (Mexico 1946) argitaratu, eta Miarritzeko desterruan zelarik, Sopokel'en Antzerkiak II.

Lau antzerki itzultzaile iaio hauek aipatu ondoren ezin ahantz genezake ere XX. mendeko hasieran Euskal Teatroa hainbat lagundu eta landu zuen donostiar bat: Abelino Barriola (Donostia 1876-Pabe 1944), zeinek desterruan zelarik ere ez zion idazteari uko egin, eta Charlotte Bernard-en Une histoire de parapluies itzuli zuen eta moldatu Euditakoak bezala. Argitaragabe dago.

Zer giro zegoen, ordea, Euskal Herrian, Francoren diktadurapean obra hauek eskatzen zuten esfortzua hartzeko eta beraiez probetxuz baliatzeko? Giro benetan eskasa, Uzturreren hitzok adierazten diguten bezala.

"Ortxe dabilzkigu bi edo iru gizon burruka gorrian "Euzko Gogoa"k iraun dezan. Nor jabetzen da? Iñor gutxi. Gañerantzekoan arpidedunak diran baño ugariago izango lirake, laguntzaren emana dan baño biziago izango litzake."

(1993:219)

Mugan liburuen kontrolak eta zentsurarenak katakunbetako garai latz hauetan ez zuten, noski, laguntzen testuen zabalkundean. Bestalde, nire aita ere beste abertzale eta errepublikazale anitz bezala erbestea lazki sufritu beharrean aurkitu zen, eta oso bertsozale eta idazte zale izan arren, aitortu behar dut, jubilatu zenean hasi zela bere bizitzako pasadizoak bertsotan ipinten eta beste zenbait ixtorio idazten, zeren eta nola idatzi erbestean bizirauten nahiko lan zutenean?