Kontzeptua

Erbestea eta Euskal Literatura

Nekez eta berandu hasi baldin bazitzaigun euskal nobela, ezaguna dugunez, jakina da ere Ameriketako gaiak eta erbesteko berriek izan zutela harrera aski zabala gure idazleengan. Berdina esan dezakegu 1936-39ko gerraz eta ondorengo deserriratzeaz, ezen ia urtero plazaratzen baita eleberriren bat horien gainean.

Gerra ixtorioak kontatuko dizkigute ere, besteak beste, Jose de Eizagirre tolosarrak (1881-1948), eta Sebero Altube arrasatearrak (1879-1963).

Eizagirrek Buenos Aireseko desterruan plazaratu zuen Ekaitzpean (Ekin, 1948) eleberria, eta Altubek Baionako erbestean Laztantxo eta Betargi (Baiona, 1957) tituluduna. Biek gai bera hartzen dute mintzabide, alegia, ideologi politiko ezberdinen ondorioz amodio harreman gatazkatsuak. Bi pentsamolde nagusi horiek abertzaletasuna eta karlismoa dira. Altuberen nobelatxoak, desterruan hainbat urte bizi izan zen Gernikako alkatearen obrak merezi du benetan hemen goraipa eta ezagutaraz dezagun.

Buka dezagun, bada, kapitulutxo hau beste tolosar bat aipatuz: Juan Antonio Irazusta (1882-1952). EAJko diputatu, gerra iritsitakoa erbesteko bidea hartu zuen; lehenik Frantziara eta gero hemendik Ameriketara. Panaman denboraldi bat eman ondoren Perun hilen da misiolari gisa, Liman. Bi eleberri utzi zizkigun: Joañixio (Ekin, 1946), eta Bizia garratza da (Ekin, 1950).

Lehenean amerikanoaren bizimodu garratza agertzen digu, alegia, lan gogorrak pairatu ondoren, nola itzultzen den herrira hogeita hamabost urte atzerrian igarotakoan. Baina emaitza beti berdintsua dela: ez da bizi izan benetan, ez hemen, ez han. Eta azken irtenbidea ohizkoa, ilobarekin ezkontzea, diruak familian geldi daitezen. Semeak iristen dira, baina ze pattal eta ahulak suertatuko dira, zahar baten semeak. Joanixiok herrian gelditu ziren adixkideen inbiria sentituko du barne-barnetik eta azkez aitortzan honakoa konfesatuko du: "Ameriketara... joandako... damua..."

Bigarren eleberrian haria berdintsua da. Bi adiskide, Andoni eta Ander Bordelen Cuba transatlantikora igotzen dira, soldadoxkatik ihes egitearren Magdalena ibaia nabigatu eta gero Bogotara iristen dira. Irakurleak dudarik gabe plazer handiz irakurriko ditu kontrabandista getxoarraren, El cojo Gómez-en gorabeherak, abenturak eta pasadizo edota Magdalena ibaiko deskripzioak.