Pintoreak

Diaz Olano, Ignacio

XX. mende hasieratik hil zen arte Ignacio Diaz Olano arte irakaskuntzan buru belarri aritu zen, inguruko artista-promozio gazteenak prestatzen eta trebatzen. Arca kaleko estudioan, Arte eta Ofizioen Eskolako irakasle klaustroan (1901-1936), baita Institutu Nagusi eta Teknikoan edo Bigarren Hezkuntzako marrazketa irakasle lanpostuetatik ere. Azken kargu hori 1912-1913 ikasturtetik 1932ko udaberrira arte bete zuen, arauz erretiroa hartzeko adinera heldu zen arte. Egia da Huescako Institutuko oposizioak egin zituela, 1906ko udan (ez hori baino lehen, esan den bezala), baina inoiz ez zuen plaza hori lortu.

Bizitzaren bukaeran, 1934ko abuztuan, makina bat lagun, kide eta ikasle ohik Gasteizko maisuaren omenezko erakusketa antolatu zuten, Exposición Díaz Olano y sus discípulos hain zuzen. Erakusketa Arte eta Ofizioen Eskolan izan zen eta dizipulu nagusien obra batzuk eta artistaren lan batzuk bildu zituzten, besteak beste hauenak: Adrian Aldecoa, Felix, eta Tomas Alfaro Fournier, Fernando de Amarica, Teodoro Dublang, Jose Luis Gonzalo Bilbao, Juan Bautista de Ibarrondo, Mauro Ortiz de Urbina eta Aurelio Vera Fajardo. Probintziako prestigio izenak dira; horiek, omenaldian egon ez arren Arte eta Ofizioen Eskolan irakasle zaharraren aholkuak jaso zituzten ikasle gazteagoen abizenekin osatzen dira: Miguel Jimeno Martinez de Lahidalga, Obdulio Lopez de Uralde, Jesus Apellaniz, Ezequiel Carrera, Angel Olarte, Angel Saenz de Ugarte...