Pintoreak

Diaz Olano, Ignacio

Diaz Olanok ibilbide profesionala sendotu zuen irakasle-lanak eta enkarguak pintura modu librean jorratzearekin uztartuz. Horrez gain, 80ko hamarkada bukaeran marrazkigile eta ilustratzaile gisa lan egin zuen El Danzarin aldizkari satirikoan eta La Ilustración de Álava argitalpenean. Gasteizko bi argitalpenen zuzendari eta sustatzaile nagusia Fermin Herran geldiezina zen. Felipe Arrieta mezenasari esker izan zuen babes ekonomikoa ere aipatu behar dugu; izan ere, Italiako penintsulan ezagutzan aurrera egiteko arduraduna izan zen Arrieta.

Halaber, sinadura artistikoaren prestigioa finkatu zuen Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartzen. 1890ko edizioan La vuelta del trabajo, Los segadores eta Pelando la pava margolanak bidali zituen. 1892an lau euskal pilotariren margolana bidali zuen, A Cuarenta y nueve izenburua zuena, eta Orillas del Zadorra paisaia. 1895ko lehiaketan Las planchadoras mihisea aurkeztu zuen, eta hirugarren mailako domina eskuratu zuen. Hurrengo deialdian, 1897. urtean, Contraste eta El restaurante aurkeztu zituen, baita Un mercado de Venecia izenarekin bataiatutako formatu handiko konposizio bat ere. 1899an Cabeza de estudio, Familia artesana eta Agosto bidali zituen; azken horrek bigarren domina lortu zuen. 1901eko Erakusketa Nazionalerako Mediodía mihisea osatu zuen, La yunta edo El rezo del Ángelus izenez ezagutzen dena; La trilla de Álava ere bidali zuen, eta horrekin, berriz ere, bigarren domina eskuratu zuen.

Madrileko erakusketetan zenbait aldiz desengainuak izan arren, XX. mendeko lehen urteetako Erakusketa Nazionaletara zenbait lan bidaltzen jarraitu zuen. Hala, 1904an La vuelta de la romería bidali zuen, Mutrikun udako egonaldietan margotutako lana, eta horrekin azken ohorezko aipamena irabazi zuen: Alfontso XII.aren Ordena Zibileko Komendadore domina. 1906an Las dos envidias, Estirando la ropa eta La madre del pintor lanekin hartu zuen parte. 1908ko deialdian ez zuen parte hartu, eta 1910ekoan, ordea, lau margolan izan zituen ikusgai: Murmuración y Castigo, Gitana en la prevención, Sonata eta Desnudo. 1912an Amor en el bosque eta En la sobra mihiseekin aurkeztu zen. 1915ean La siesta friso zirraragarria aurkeztu zuen, eta azkenik, 1917an, Hilanderas y Tejadoras aurkeztu zuen.

Halaber, beste ordena batean, Bartzelonako Arte Ederren Erakusketa Nagusiko II eta III bidalketak ere aipatu behar dira. 1894an Extraviada eta La hoja extraordinaria bidali zituen, eta 1896ean Arrivederci, ¡Hasta la vista!, Povera figlia eta ¡Pobre hija!. 1908an, esan dugun moduan, ez zen egon Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, baina parte hartu zuen, ordea, El Retiro parkean Arte Ederren Zirkuluak antolatzen duen Udazkeneko Erakusketan. Bi lan aurkeztu zituen: El bautizo eta Haciendo "chis".

Pintoreak zenbait lan egin zituen Gasteizko saltokietako erakusleihoetan jartzeko, baina horretaz aparte, soilik bakarkako bi erakusketa daude jasota: Bilboko Delclaux Aretoan 1910eko urtarrilean antolatu zena, eta bizitza osoko erakusketa monografiko garrantzitsuena izango zena: Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolako paraninfoan izan zena, 1925eko uztaila bukaeran.