Pintoreak

Olarte Arnaiz, Angel

Margolari garaikide hau Gasteizen jaio zen 1897ko urriaren 2an, eta hiri berean hil zen 1924ko abuztuaren 18an, 26 urte zituela.

Teodoro Olarte Aizpuruaren semea zen; aita industrialaria zuen, Frantzia kaleko Panificadora Vitoriana enpresaren jabekidea, eta beste kargu politiko batzuen artean, Arabako Foru Aldundiaren lehendakari kargua bete zuen, II. Errepublikan. Angel Olarte XX. mendeko lehenengo laurdenean gailentzen hasi ziren sorterriko margolarietako bat izan zen baina, bere lanek, arrazoi ezberdinak medio, ia ez zuten entzuterik izan iritzi publikoan.

Pertsona batzuen ustez, Angel Olarte, Ezequiel Carreras, Saturnino Ortiz de Urbina eta Obdulio Lopez de Uraldek osatu zuten taldea "Arabako artean (alferrik) galdutako belaunaldi" moduko bat izan zen. Lau artista horiek gutxi gorabehera aldi berean abiatu ziren Madrilera, etorkizun oparo baten bila, eta ibilaldiaren hasieran abentura berak bizi izan zituzten. "Los Tres Mosqueteros" goitizen maitekorrarekin ezagunak bilakatu ziren. Saenz de Ugartek Olarte gazteak Madrilen estudio bat ireki zuela aipatu du, eta bertan aritu zela lanean Bilboko Juan de Echevarria margolaria.

Madrilera joan baino lehen, Juan de Echevarria margolariak Arka kalean zuen akademiara joan zen, eta Arte eta Lanbide Eskolan ere maisuarekin topo egin zuen. Badirudi hamabost urte zituela tailer propioa zuela Bendaña Jauregian, Daniel Gonzalez errioxar eskultorearekin batera. Bi urte zaharragoa zen Miguel Jimeno de Lahidalgaren laguna zen baita ere.

Lehen Mundu Gerraren ostean, europar kontinenteko kemenak lasaituta, Parisera joan zen, bere ezagutza artistikoak areagotzeko ideiarekin. Heziketarekin jarraitzeko, egonaldiak egin zituen beste hiriburu garrantzitsu hauetan: Erroman, Florentzian, Munichen eta Nurembergen.

Agian bere karreraren unerik garrantzitsuena Madrilgo Ateneo erakusketa-aretokoa izan zen, 1921eko azaroan. Orduan egin zuen bere erakusketa indibidual bakarra, jakina denez. Guztira 24 obra agertu zituen; besteak beste: Pariseko eta Madrilgo paisaiak, Arabako landazabala, eta Bizkaiko itsasertzeko enkoadraketa, Bermeoko portuarena, hain zuzen. Halaber, hainbat erretratu jarri zituen ikusgai: Aita Donostia, Ciochini argentinar margolaria eta Perdomo kanariar poeta, esate baterako.

Juan de la Encina arte kritikari ospetsuaren ustetan, Olarteren erakusketa bi multzotan bana zitekeen: atzerrira irten aurretik margotutako obrak, eta Argien Hirian egon bitartean eta ondoren margotu zituenak. Era berean, gasteiztarrak modu errazean eta berehala bereganatu zituela gaur egungo pintura "mota jakinak" azpimarratu zuen. Horrek bere abantailak eta eragozpenak zituen, noski. Are gehiago ikaskuntza fasean zegoen artista batengan, bere estiloa definitzeke zegoen eta, oso gaztea baitzen oraindik ere.

Olarteren pintura ekoizpenaren parte handi bat galdu egin da (eta egotekotan, ez dakigu non dagoen), eta, bestea, alderantziz, nahiko sakabanatuta dago. Arabako Arte Ederren Museoak Paisaje obra eta Erroman margotutako Adan y Eva konposizioa erosi ditu bere bildumarako. Bestalde, Mexikoko Arocena Museoak margolariaren obra batzuk ditu baita ere, erretratuak, batez ere.

Edonola ere, Madrilgo erakusketa abiapuntu gisa hartuta, Angel Olarte ohiko pintura ezagunetik aldentzen hasi eta askoz ere aurreratuagoak eta modernoagoak ziren espresio moduek (inpresionismoaren ostekoek, funtsean) erakarri zuten ideia zabaldu da. Edonola ere, bere inguruan benetako itxaropenak sortu zituen arren, margolari honek porrot egin zuen, azkarregi hil baitzen.

  • ENCINA, Juan de la. "Crítica de Arte. Los artistas nuevos". Izenburu hau erabilita errepitutako artikulua: "Resonante triunfo de Ángel Olarte". La Libertad (Gasteiz), 1921ko abenduak 7.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.
  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. "Un pintor malogrado y olvidado, Ángel Olarte". El Periódico de Álava, 1998ko otsailak 4.