Pintoreak

Carrera Aberasturi, Ezequiel

XX. mendearen lehen herenean jaiotako pintore gasteiztarra. Gaurdaino bere bizitza eta obrari buruzko datu bereizgarrienak ez dira ezagutzen.

Badakigu urte gutxirekin hil zela. 1929an El pájaro azul aldizkarian Gustavo de Arlabanek idatzitako artikuluan irakurrita jakin dugu hori. Esaten denez, bi hamarkadako bizitza baino ez zuen izan. Arte eta Ofizioen Eskolan burutu zituen ikasketak. Aurrez aipatutako Gasteizko aldizkari horretan aipatzen denez, Obdulio Lopez de Uralde, Saturnino Ortiz de Urbina eta Angel Olarte (oso goiz hil zen bertako beste pintore gazte bat) izan ziren bere lagun-minak abenturan eta buhamerian. 1917. urtearen bueltan, Ezequiel Carrera Madrilera joan bide zen eta, dirudienez, trazu arras modernoko marrazkilari gisa nabarmendu zen han. Jaso dugunaren arabera, hiri hartan barreiatu zituen bere gaitasun artistikoak eta ibilbide profesionala aldizkari eta liburuetako ilustratzaile gisa, publizitate-iragarkietako diseinatzaile modura eta karikatura-egile gisa garatu zuen.

Bere agerraldi publiko bakanetako bat, orain arte dokumentatutakoaren arabera, Gasteizko Zientzia, Literatura eta Arteko Ateneoan izan zen, 1916ko abuztuan ospatutako Langile eta Industrial kutsuko III. Lehiaketan. Gasteizko karikatura-sorta bat eta El tío Formerio eta La Chula del abanico rojo obrak aurkeztu zituen.

  • ARLABÁN, Gustavo de. "Un recuerdo para Ezequiel Carrera". El pájaro azul. Gasteiz, II urtea, 1929ko irailaren 30.