Pintoreak

Diaz Olano, Ignacio

Margolari eta margolarien irakasle Ignacio Salvador Diaz Ruiz de Olano Gasteizen jaio zen 1860ko otsailaren 1ean; Gasteizen bertan hil zen 1937ko martxoaren 7an.

Gasteizko Arte Ederren Akademiako ikasle izan zen, gaur egungo Arte eta Ofizioen Eskolan hain zuzen ere, 1874ko urritik 1877ko apirilera arte; akademian zein handik kanpo, eskola partikularretan, Emilio Soubrier Martinezen ikaslea izan zen. Bartzelonako Lotja Eskolan arte ikasketetan sakondu zuen, 1877ko urritik 1880ko ekainera bitartean. Besteak beste, Antonio Caba, Luis Rigalt eta Claudio Lorenzale irakasle izan zituen, baita, beharbada, Ramon Marti Alsina bera ere, baina ez ordea Gibraltargo Gustavo Bacaritas (1873-1971), horrelakorik esan bada ere.

Bartzelonako egonaldia bukatuta, Diaz Olanok Gasteizko Udalari pentsioa eskatu zion, Europako hiri batean formazioarekin jarraitzeko, baina eskaria ez zen onartu. Gaur egun ez dugu pintorearen XIX. mendearen laurogeiko hamarkada hasierako nondik norakoen berri, ez baitago horri buruzko dokumentu egiaztaturik. Parisen egon al zen, esan ohi den bezala? Hala balitz, ordea, pintura inpresionistaren eragina ez luke horrenbeste sumatuko. Ezagutzen ditugun kutsu inpresionistako margolanak, oro har, bizitzaren azken zatian osatu zituen. 1884ko urtarriletik Gasteizen izan zela frogatuta dago.

1884ko abuztuan Gasteizko Arte eta Industria Erakusketan hartu zuen parte, eta zazpi lan bidali zituen: San Frantziskori buruzko bi erlijio margolan (horietako bat 1880an Bartzelonan margotutako Viladomaten kopia), agure baten erretratua, gazte italiarren bi eszena kostunbrista, bodegoi bat (pitxer urdin handi bat) eta 1914ko abuztuan erre zen Gasteizko Antzokiko sabaiaren zirriborro bat.

Urte hartako urrian Florida kaleko 9. zenbakian estudioa ireki zuen. 1894ko martxora bitartean arte ikasketetarako ateak irekita zituen, baina orduan alde egin zuen, lehenengo Bartzelonara eta ondoren Erromara. Italiako hiriburuan izan zen 1894ko maiatzetik 1896ko martxora arte. Apirilaren 28an itzuli zen jatorrizko hirira, eta hilabete egon zen Bartzelonan. Badirudi 1898an egonaldi laburra egin zuela Italian, baina zeharkako lekukotasunak baino ez daude hori berresteko.