Pintoreak

Saenz de Ugarte Lopez de Lacalle, Angel

Arabar margolaria. Gasteizen jaio zen, 1898ko abuztuaren 2an, eta hiriburu horretan hil, 1941eko abenduaren 5ean.

Ignacio Diaz Ruiz de Olanorekin ikasi zuen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, eta bertako arte zentroaren marrazketa irakasle izendatu zuten, 1934ko urtarrilean. Erretratuetan, biluzietan eta batik bat paisaietan nabarmena izan zen. Egindako erakusketetan, azpimarratzekoa da 1936an Gasteizko Arte Eskolaren paraninfoan antolatutakoa, hainbat egile famaturekin batera parte hartu baitzuen: Olano, Gustavo de Maeztu, Vera Fajardo, Lopez de Apellaniz eta Fernando de Amarica. Saenz de Ugartek Huerta en Elorriaga, Tejados de Vitoria, Olarizu, Tarde de lluvia, La ciudad vieja eta Nieve obrak aurkeztu zituen. 1934ko azaroan, Gasteizko margolari guztien izenean, Ruiz de Olano margolariari eginiko omenaldia aurkeztu zuen, Errepublikaren Ordenak hari emandako izendapenarengatik gauzatu zena. Halaber, gasteiztar erakusketen arte kritikari izan zen La Libertad aldizkarian. 1939an, Arabako armarri ofiziala egin zuen, 1984. urtera arte indarrean egon zena. Horrez gain, hainbat horma-irudi eta liburuetako azal diseinatu zituen.

1943ko apirilean, Gasteizeko Gys galerietan hilondoko erakusketa antolatu zuten gasteiztar margolariek, haren omenez. 32 obra erakutsi zituzten, eta erabateko arrakasta izan zuen. 1946ko maiatzean, Saenz de Ugarteren lau olio-margo erabili zituzten "Cuadros de Rincones Vitorianos" erakusketan, Gasteizko Udal Kutxak antolatutakoa Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin lankidetzan.

Margolari honen paisaietan Araba nagusi da, eta Gasteizko pinakoteka partikularretan sakabanatuta eta Arabako Probintzia Museoan eta Arabako Foru Aldundian aurki daitezke.