Kontzeptua

Artearen Historia. Erromako Artea

Arte

Erromatarren garaiko arrasto eskultorikoak ez dira esanguratsuak. Berez, harrizko eta brontzeko zatiak besterik ez daude gordeta Euskal Herriko museotan, nabarmenduz kapitel dekoratu batzuk eta aldare botibo inskripziodunak; adibide onenak Iruñan eta Oiasson aurkitu dira. Hala ere, erromatarren presentziaren garaian elementu eskultoriko garrantzitsuena estela funerarioa da, lan hauetan apaindura urritasuna da agerian geratzen den ezaugarria, batez ere, Erromako Inperioan nagusia zen estiloarekin eta gustuarekin konparatzen badugu. Estela hauek aurrez funtzio funerarioa betetzen zuten eraikin megalitikoen ordezkoa bilakatu ziren, eta bere erabilera erromatarren nagusigoak iraun zuen denbora guztian luzatu zen, bai eta geroko aldietan ere. Aipatu dugun bezala, bai apaindurak bai inskripzioak xumeak eta laburrak dira, eta azaltzen diren figura gehienak gizakiak edota animaliak izateaz gain, zaldiak bezala, baita erromatarren eta zelten tradizio figuratiboko sinboloak ere -gurutzeak, zirkuluak- azaltzen dira.

Zenbait historialarien interpretazioaren arabera, bai estelak bai eraikin megalitikoak, orduko Euskal Herrian bertan eta bertatik eginiko berezko artearen adierazgarriak izango lirateke. Ildo horretan, esan beharra dugu estelak ez direla bakarrik euskal lurreko sorkuntza, baizik eta, garai hartan, Inperio osora zabaldu zirela. Hala ere, eraikin megalitikoen kasuan bezala, deigarria da, denboran hain luze baliatu izana, artisautzaren apaingarrietan izan zuten eragina -zurezko edo larruzko lanetan ikusten diren sinbolo askok esteletako zeinu grabatuetan dute jatorria- eta baita erakusten duten lan xumea ere.

Arte

Baina garai hartako adierazpen artistiko nagusia mosaikoa da. Bai tenpluetako bai etxeetako zoruak eta paretak apaintzeko erabilia, bereziki Nafarroako hegoaldean, mosaikoen adibide ugari heldu zaizkigu, eta gainera erakusgarri ongi kontserbatuak dira, ondorioz, eta bistan denez, Euskal Herriko hegoaldean landako herribilduen sarea garrantzizkoa izango zen. Garrantziaren arabera, Tuteran, Villafrankan, Ledean eta Alesbesen bildutako mosaikoak dira nabarmenenak, eta gehienak ere, garaiko beste aztarnak bezala, gaur egun Iruñeko Nafarroako Museoan daude. Errepresentazioen arloan, eszena mitologikoak hartzen dute gaina oro har, eta Inperioaren amaiera aldeko estilokoak direnez gero, errealismo nahiz zehaztasun handiz eginak dira. Hala ere, eguneroko bizimoduko eszenak, begetalak eta irudi geometrikoak ere diseinuetan ageri dira.