Museoak

Nafarroako Museoa. Iruña

Nafarroako Museoa Iruñeko Santo Domingo kalean kokatua dago, eta hiriko eraikin historiko bat okupatzen du, Andre Maria Errukizkoaren Ospitalearena. Horregatik, museoaren gaurko bere izaera bera, neurri handi batetan behintzat, historian zehar izandako gertaeren ondorioa dela esan dezakegu.

  • Andre Maria Errukizkoaren Ospitalea.

Esan bezala, gaur egun Museoak okupatzen du 1545an sortutako ospitale zaharraren eraikina. 1932an ospitalearen instalazioak Barañainera eraman zuten, Nafarroako Ospitalea sortu zenean, eraikin zaharra abandonatu zelarik. Hogei urte beranduago, 1952an, ospitalea bota egin zuten, orube horretan Nafarroako Museoa paratzeko asmoz. Planoak Jose Yarnoz Larrosa arkitektoak egin zituen, eta Errenazimenduko eraikin zaharretik kapera eta ospitalearen fatxada soilik kontserbatu ziren, gainerako guztia desagertu zen bitartean. 1986an, azkenik, Museoaren eraikina berreraiki zen, Jordi Garces eta Enric Soria arkitektoen diseinuak jarraituz, kapera eta ospitaleko aurrealde zaharra, hala ere, proiektu berriari erantsi zitzaizkion.

Ospitalearen aurrealdea garaitza-arku klasizista bat da, XVI. mendeko Sebastiano Serlioren tratatuetan inspiratua, zalantzarik gabe. Erdi puntuko arku handi batekin irekitzen da, arrosekin eta aingerutxoen buruekin apaindurik. Alboetan, orden joniarreko bi zutabe daude, plintoen gainean, fustearen beheko herena gruteskoez osatutako dekorazioarekin doalarik. Arkuaren abioan inposta molduratu bat dago, eta haren gainean bi estipite, arku-sailetan arrosekin dekoraturik dauden bi medailoi dauden bitartean. Honen gainean friso epigrafikoa dago, "MUSEO DE NAVARRA" inskripzioarekin, eta gainean erlaitza batek sostengatzen du portada honen bigarren gorputza. Hemen ikus daiteke bi satiroek daramaten Nafarroako armarria, eta alboetan bi buru, maskulinoa bata eta femeninoa bestea, daramaten medailoiak. Bigarren atal honen gainean lorontzi batzuk eta frontoi mixtilineo bat ikus daiteke.

  • Kapera.

Kapera XVI. mendeko fabrika da, eta Juan de Anchieta harginak egin zuen 1547an. Gurutze latinoko oinplanoa du, bi ataletan banatutako nabe bakarrarekin, kruzero karratua eta buru-horma zuzenean amaitutako burualdea. Sarrera elizaren oinetan dago, bi kapera txiki ditu transeptu moduan, eta burualdearen Epistolaren aldeko murruari itsatsita sakristia bat dago. Hormak adreiluzkoak dira, eta barnealdean margoturik doaz, harlanduen itxura imitatzen duen apaindura batekin. Argiztapena lortzen da atal bakoitzean dagoen erdi puntuko arku batekin, gehi oinetan dagoen errosetoi bat. Oinetan, gainera, koru jaso bat dago, arku eskartzano baten gainean eta zurezko balaustradarekin. Estalkiari dagokionez, elizak gurutze gangak jaso zituen, tertzeletezkoak nabean eta transeptuaren besoetan, eta diseinu ezberdineko trazeria izartsuekin kruzeroan eta burualdean. Giltzarriak arrosekin eta armarriekin dekoratuak daude.

Eliza honen aurrealdea XVII. mendeko portada barrokoa da, Garesko Bakardadeko komentutik ekarrita. Erretaula baten itxura du, hiru kalerekin eta bi solairu gehi atikoarekin, eta artikulatua dago orden toskanarreko zutabeekin. Beheko pisuan sarrera dago, erdi puntuko arku batekin, eta gainean, horma-hobi batetan, Amabirjinaren harrizko eskultura bat, belaunika. Alboko kaleetan, antzeko nitxoetan, Loiolako San Ignazio eta Xabierko San Frantziskoren irudiak daude. Bigarren atala trinkoagoa da, eta erdiko kalean lehen aipatutako errosetoia dago, alboko kaleetan aletoiak irudikatzen dituzten erliebe batzuk besterik ez dauden bitartean. Atikoan horma-hobi bat dago, pilastren artean, eta frontoi triangeluar bat. Alboetan, azkenik, piramide eta bola herreratarrak ikus daitezke. Gaur egun kapera hau Museoaren beste areto bat da, eta erakusketak egiteko erabiltzen da batez ere.