Kontzeptua

Artearen Historia. Erromako Artea

K.o. V. mendean Erromako Inperioaren gainbehera etorri zen, eta Europako Ekialdetik heldu ziren herrialde desberdinak hartu zuten Europa. Hispanian, herri inbaditzaileen artean, bisigodoen herria izan zen garrantzizkoena, berriz, Ipar Euskal Herria frankoen esku gelditu zen.

Arte
Honela, historian eta artearen historian deritzogun Erdi Aroa izeneko aldia hasten da, hurrengo atalean aztertuko duguna, eta lehen arte kristaua kronologikoki lehen aldi honetan sartzen badugu ere, estiloaren aldetik Erromako Inperioak eta erromanizazio prozesuak sortutako adierazpen artistikoekin elkartu behar dugu, beraiekin baitago harremanetan.

Erromako Inperioaren desagerpena baino mende bat lehenago, zabaltzen hasita zegoen Euskal Herrian kristautasunaren eragina. Erlijio horrek gure lurretan izan zuen zabalkundearen berri askorik ez badugu ere, dauden datu apurren arabera berehala hartu zuela indarra eta erromatartze prozesuarekin batera zabaldu zela ematen du; hala, mediterraneo aldeko isurialdean edo ager vasconum izeneko eremuan IV. mendetik aurrera egin zituen erroak, eta isurialde atlantikoan edo saltus vasconum izeneko esparruan berriz, IX. mendekoak dira lehen berriak. Datu horrek ere bi alderdi horien arteko zatiketa zein garbia zen erakusten digu.

Aztarna arkeologiko eta artistiko gutxi aurkitu dira V. mendetik X. mendera bitarteko garai honetan. Erromako Inperioaren gainbeherarekin, haren azpiegiturak eta erakundeak desagertzearekin batera, klasiko deritzon artea ere desagertu zen. Ondorioz, garai hartako artearen erakusgarri nagusiak Trebiñoko (Araba) konderriko zenbait herrietan harkaitzean zulatutako basilikak dira. Multzo nagusiak Laño, San Julian, Peña de Santiago, Santorkaria, Montico de Charratu eta Harkaitzeko Andre Mari haitzuloetan aurkitu dira. Haitzulo hauetan, beste areto batzuez gainera etxebizitzak bezala, harkaitzean zulatutako basilikak bereizten dira, oinplano basilikalaz eraikiak, absidea eta absidea aurrekin, eta alboan ganberak dituztela. Detaile konstruktiboen artean deigarrienetakoa gangak dira, kanoi gangak baitira, inposta jarraitu batzuetatik abiatzen diren arku fajoiez osatutak, Lañon dagoen bezala, eta Santorkarian ere, azken hau beheratua badago ere.

Arte

Horrez gainera, garai honetako beste elementu eskultoriko batzuk ere baditugu, Idiazabalgo eta Ormaiztegiko bataiarriak kasu, biak Gipuzkoan, edota Astigarribiako San Andres elizako sarkofagoak, baita Gipuzkoan ere. Beste eliza batzuetan, hala nola Arrigorriagan Abrisketako San Pedrorenean (Bizkaia) edota Zalduondon Astreako San Julianenean (Araba), garai honetako elementu dekoratiboak eta konstruktiboak aurkitu dira, esate baterako, gaur egun desagertuak dauden antzinako eraikinetako leihoak, eta geroagoko eraikinetan berriro erabiliak izan direnak.

Adibide guzti hauetan, nabarmentzekoa da jadanik ez dela estilo klasikoak adierazteko ohikoa zuen modurik eta baliorik ageri. Erromako Inperioaren krisiarekin eta Europako Ekialdetik herri berrien etorrerarekin, artea erabat aldatu zen, bai trebetasun ezagatik, bai beharrak eta helburuak ere aldatu zirelako -egoera politikoa, ekonomikoa eta sozialarekin gertatu zen bezala-, eta ondorioz, adibidez, errealismoa eta naturalismoa bigarren mailan geratu ziren, edota proportzioa eta harmonia bezalako gaiak garrantzi gabe gelditu ziren. Modu horretan, Erdi Aroa izenez ezagutzen dugun beste aldi bat hasi zen.