Kontzeptua

Artearen Historia. Erromako Artea

Artearen ikuspegitik, Erromak greziarrek garatutako estiloa eta formak bereganatu zituen, baina pragmatismo eta monumentaltasun handiagoa erantsiz. Gainerakoa, hala Greziak, nola Erromak, beren kulturaren eta arte lanen bidez, artearen geroko bilakaera historikoan sekulako garrantzia izan zuten balioak eta elementuak transmititu zituzten, adibidez, proportzioaren eta harmoniaren sena, errealismoaren eta naturalismoaren kontzeptua eta, batez ere, existentziaren beste interpretazio desberdin bat, erreferentzi nagusia gizakia zuena, eta garaiko Europako kultura eta artea duda izpirik gabe irauli zuena.

Euskal Herrian Antzin Aroa erromatarrak iritsi zirenean hasi zen. Erromatarrak K.a. III. mendean iritsi ziren Iberiar penintsulara nahiz laborantzako nahiz meatzaritzako lehengaien bila; hain zuzen, erromatarren bizigune haietakoak dira Euskal Herriko biztanleez ditugun idatzizko lehen erreferentziak. Berez, gure lurraldean bizi ziren tribuak izendatzeko baliatzen ditugun izenak (autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, beroiak, baskoiak, tarbelliak, etab.) erromatarrek utzi zizkiguten izendatuak eta idatziz, eta egun oraindik horrela erabiltzen ditugu.

Arte

Erromatarrentzat Hispania garrantzi handiko lurraldea izan bazen ere, oraindik ez dago garbi Euskal Herriak garai hartan zein eginkizun bete zuen. Aztarnek eta agiriek adierazten dutenez, erromatarrak eremu jakin batzuetan finkatu ziren, eta nolabaiteko kolonizazio prozesu bat abian jarri bazuten ere, ezin zehatz daiteke zenbaterainoko eragina izan zuten. Bistakoa dena da, hori bai, are nabarmenago agertu zela euskal lurraldean Prehistoriatik zetorren ikuspegi bikoitza; horrela, Inperio Erromatarra berak ager vasconum izendatu zuen Mediterraneo aldeko isurialdea, erromatarrek eragin handiena izan zuten lurraldea, eta saltus vasconum Atlantiko aldeko isurialdea, Erromatik zabaldutako antolaketa moldeek eragin gutxien izan zuten lurraldea.

Kontuak horrela, orduko adierazpen artistiko gehienak Araban eta Nafarroan aurkitzen baditugu ere, Irunen, Hondarribian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) aurkitutako aztarnak, Oiasso toponimoari dagozkionak, Bidasoa ibaiaren inguruan ere nukleo garrantzizko bat bazela erakusten digute. Euskal Herriko lurraldetan garai honetan garatu ziren diziplina artistikoei dagokienez, bereiziko ditugu, alde batetik, arkitektura -iritsi zaizkigun eta mantentzen diren azpiegituren bidez azalduko duguna- eta, bestetik, arte plastikoak, arrasto eskultorikoak nabarmenduz, eta bereziki, mosaikoak. Azkenik, Euskal Herriko artearen historiaren lehen zati hau amaitzeko, kristautasuna Euskal Herrira heltzearekin harremana duten sorkuntza artistikoak ere aztertuko ditugu.