Kontzeptua

Artearen Historia. Erromako Artea

Idatzizko berrien arabera erromatarrek Euskal Herrian hainbat hiri eta hiribildu sortu bazituzten ere, aztarnei dagokienez ez dago haiek egindako arkitekturaren edo hirigintzaren berri askorik. Indusketa arkeologikoen bidez zenbait etxeen eta tenpluen oinplanoak agertu dira, baita galtzada erromatarren arrastoak ere, baina azken hauek bigarren mailakoak dira. Heldu zaizkigun lekukotasun gehienak erromatarrek berek sortutako herrietakoak dira, hala nola,

Arte
Pompaelo (Iruña, Nafarroa), Andelos (Mendigorria, Nafarroa), Iruña (Araba) eta Oiassokoak (Irun, Gipuzkoa) dira, eta landa inguruetako hiribilduetakoak, adibidez, Arellano eta Ledeakoak (Nafarroa).

Garai honetatik ongien gorde diren aztarnak ingeniaritza obrenak dira, izan ere, erromatarrek ingeniaritza lan handiak egin behar izan zituzten beharrezko azpiegiturak osatzeko, eta horrela, lurralde hau konkistatu eta ustiatu ahal izateko. Azpimarratzeko dira, Nafarroan Lodosako akueduktua, Andelosen aurkitutako urtegia, ur biltegia, akueduktua eta termak, eta Aezkoako Urkuluko dorrea, kare harrian eginiko ebakidura zirkularreko eraikina eta forma tronkokonikoa duena, eta egun oraindik ez dakiguna zer funtzio bete zuen. Araban, Mantibleko zubiaren arrastoez gainera, azpimarratzekoak dira Iruñan aurkitutako eraikin elementuak eta apaindurak, aztarnek erakusten dutenez, oinplano ortogonaleko herria baitzen eta hesi batez inguratuta baitzegoen. Bai egun, bai etorkizun hurbil batean baita ere, aurkitzen ari diren aztarna garrantzitsuenak Oiassokoak dira, Txingudi badiaren inguruetan zubi, galtzada eta itsas portuetako azpiegituren garrantzi handiko lekukoak aurkitu baitira.