Kontzeptua

Artearen Historia. Errenazimendua

Beste behin, aldi honetan arkitekturaren diziplinak hartu zuen gidaritza. Eskulturak eta pinturak arkitekturarekiko independentzia gehiago lortu arren, sasoi honetan diziplina hau izan zen nagusi eta, ondorengoen ezaugarri nagusien erritmoa finkatu zuen.

Sasoi errenazentista honetan Euskal Herrian eraiki ziren obra ugariengan koherentzia zintzoaren aldeko jarrera nekez ikus badaiteke ere -izan ere, ez zen irizpide bateragarririk finkatu eta gure lurraldean estilo hau gidatuko zuen erakunderik ere ez zen izan-, forma tradizional eta klasikoen nahasketa izan zen etengabe errepikatu zen ezaugarrietako bat. Modu honetan, erdi-puntuko arkua eta kapitel-zutabe klasikoa onartu eta laster egokitu baziren ere, errenazimenduko beste elementu batzuk berandu sartu ziren, oinplano zentralizatuak edo kupulen erabilera kasu. Hala, aipatu sasoiaren hasieran, portadetan ageri ziren elementu gehienak errenazentistak ziren baina, eraikinaren egitura, irizpide gotikoei jarraiki egiten zen. Eraikuntza elementuetan eskulturazko apaingarriak finkatzearen ukoa da sasoi honetako arkitekturaren beste ezaugarri bat, horregatik, apaingarriak portadetan gordetzen ziren.

Arkitektura zibilari dagokionez, garai honetatik mantentzen diren jauregi anitzez gain, lehen ospitaleak, unibertsitateak eta udaletxeak nabarmendu behar dira, gerra gutxiagoko garai oparoago baten adierazgarri. Tipologia honen garapenak erakusten digunez, herrietako botere zibila erlijio-boterearen sareetatik askatzen ari zen eta berezko eremua aldarrikatzen zuen nola gizartean hala hirien osaeran. Garai honetan euskal baserriaren tipologia ere zehaztu zen, izan ere, egungo baserriaren arkitektura-ezaugarriak XV. mende amaieran ezarri zirela uste bada ere, garai honetakoak dira topatutako lehen adibideak.

Tipologia orokorrari dagokionez, jauregia izan zen eraikin hedatuena eta hamaika egitura ezagutu ditu, nahiz eta erlijio-arkitekturan gertatu bezala, oinplano laukizuzenak eta apaingarri gabezia ziren irizpide nagusi, halaber, defentsa-izaera desagertu zen eta dorreak, eguterak, heraldikak, burdin hesiak, angeluetako zaintza-etxolak, teilatu-hegalak, eta, batez ere, goialdeko solairuetan bao ederrak eta logiak agertzen dira. Garai honetan Euskal Herrian bi jauregi mota hedatzen dira, trinkoa, barne ataririk gabea, atlantikoko isurialdean eta mediterraneo erakoa, barnean ataria duena, lurraldearen barnealdean.

Euskal Herriko lurralde guztietan aurkitzen ditugu arkitektura zibilari dagozkion adibideak. Nafarroan, Nafarroako Ospitale Orokorra -egungo Nafarroako Museoa, zeinetatik portada platereskoa mantentzen den-, Aio, Zangoza eta Tuterako udaletxeak, Lizarrako San Kristobal jauregia eta Tuterako San Adrian Markesaren jauregia nabarmendu behar dira, azken hau da ikusgarriena, mediterraneoko ereduari jarraiki eraikitako teilatu-hegal, arkuteria eta barne atariekin. Iparraldeari dagokionez, berriro ere deskribatu berri ditugun jauregi ereduetatik aldentzen gara eta trazaketa italiarrei jarraiki eraiki ziren aurki ditzakegun jauregi urriak, ia aztarnarik utzi ez dutelarik.

Nabarmendu ditugun bi jauregi ereduei jarraituz, Gipuzkoan lehenengo ereduari dagozkionak -Carlos V jauregia, Hondarribian- nahiz bigarren ereduari dagozkionak -Narros Zarautzen eta Ubillos Zumaian- aurkitzen badira ere, adierazgarrienak Gasteizen topatuko ditugu. Bendañako jauregian, esaterako, barnealdea nabarmendu behar da, hiru solairutan antolatua eta eskuadrazko galeria-atari batekin. Erdiko atari lauki baten inguruan antolatutako oinplano laukizuzena duen Montehermoso jauregia, aitzitik, bazterretako lau dorreak nabarmentzen dira, eta Salinaseko jauregian arkitrabezko kanpo-galeria azpimarratu behar da, lau solairuz eta portada dintelduaz osatzen den egitura nagusia amaitzen duen hamar zutabe dorikoekin. Baina Eskoriatza-Eskibel jauregia da garai honetako jauregi garrantzitsuena; Carlos I-aren mediku, Fernan Lopez de Escoriazak agindutako eraikin honetan, oinplano laukizuzenaren perimetroa inguratzen duen kanpoaldeko kateadura nabarmentzen da; barnealdean, ataria hiru horma-arteren inguruan antolatzen da, bi solairutan, eta Italiako logien antza duten erdi puntuko arku konopialak ditu. Tipologia honekin amaitzeko, eragin mudejarra duen jauregi bat aipatu behar da Urolako eskualdean (Gipuzkoa). Adreiluz egindako egitura atlantikoa duen jauregi mota honen jatorria, XV. mende amaierako Loiolatarren dorrearen estiloan bilatu behar dugu; beranduago, errenazimenduan, Azpeitiko Antxieta jauregia eta Azkoitiko Froreaga egin ziren, azken honek galeria bikoitza duelarik.

Dena den, Euskal Herriko arkitektura zibilari dagokion adibiderik adierazgarrienetako bat beste eraikin mota batean bilatu behar dugu, unibertsitatean. Rodrigo Mercado de Zuazolak sortutako Oñatiko (Gipuzkoa) Sancti Spiritus unibertsitatean, Itailako errenazimenduko elementuak eta elementu gotikoak nahasten dira. Rodrigo Gil de Hontañoni trazagileari zor zaion eraikinaren diseinuak -eraikinaren gauzapena Domigo de Guerra maisu gipuzkoarrari zor zaio- bi solairutako oinplano laukizuzena dauka, erdiko atari batekin eta angeluetan dorreak dituelarik. Ataria da eraikinaren elementurik garrantzitsu eta bereizgarriena, zutabe korintiarren gainean sostengatzen diren bi arkuteria solairutan antolatuta.

Euskal baserriari dagokionez, bere egiturak jadanik Erdi Aroaren eragina jasan bazuen ere, garai honetakoak dira mantentzen ditugun lehen adibideak, non nahiz eta errenazimenduaren eragina jaso, aurrez aipatutako soiltasuna zen nagusi. Baserria bi uretako estaldura duen tamaina handiko eraikin monolitiko bat bezala aintzat hartzean da lehen aldiz. Hortan datza hain zuzen ere, sasoi honetako eraikin mota honen fabrikazioak duen garrantzia. Ordura arte, nekazal ingurunean banaka eraikitzen ziren egurrezko eraikuntza multzo hauek -etxebizitza, ukuiluak, aletegia, garaia, dolarea- eta sasoi honetan guztia eraikin batean bateratzen da, lehenengo solairua harriz eta gainerako solairuak, egituraren sostenguak eta itxiturak egurrez egiten direlarik. Eraikin berri honetan gauzatzen ziren jarduera guztiak. Gauzak horrela, garatuko ziren jardueren arabera egitura ere aldatu egiten zen; ondorioz, hiru baserri mota bereizten dira: bizkaitarra, gipuzkoarra eta lapurtarra. Zuberoako baserria da eraikin mota hauen salbuespena, izan ere, eremu honetan Pirinioetako etxeak bere eragina utzi zuen, bertan L formako oinplanoa txikiagoa da eta estaldura pikoagoa da eta arbelean eginda dago. Gainerako euskal baserrien oinplanoa laukizuzena da.