Kontzeptua

Artearen Historia. Errenazimendua

Arte

Arte plastikoei dagokienez, eskultura izan zen garai honetako protagonista nagusia. Berez, agirietan aurki daitekeen lehen euskal artista entzutetsua eta ospetsua -aurretik baziren beste batzuk, baina apenas gorde da haien daturik- garai honetako eskultore bat da, Juan Antxieta, hain zuzen ere. Eskultore honen obrek eta hark abiarazitako lanarekin jarraitu zuten dizipuluenak erromanismo izena hartu zuten; estilo hau euskal arteari bete-betean ez badagokio ere, Errioxa bezalako beste eremu batzuetan ere garatu zelako, euskal artearen berezitasun bat da, izan ere, garai hartan indar handia hartu zuen eta ondorengo sasoietan ere eraginak utzi dituelako. Edozein modutan ere, garai honetako euskal eskultura ez zen erromanismora mugatu eta beste estilo batzuk ere izan ziren.

Arkitekturaren arloan printzipio errenazentistak aplikatzen hastearekin batera, XVI. mende erdialdean, Gaztela, Frantzia eta Herbeheretatik etorritako zenbait eskultore lurralde honetara joan ziren, momentuko oparotasun ekonomikoa probestuz. Gehienak ospe handiko artistak ziren -Diego de Siloé, Pierres Picart, Beaugrant sendia- eta Euskal Herrian kutsu gotikoa zuen eskultura-estilo bat landu zuten, ondorioz apaingarritasunaren aldeko joera eta motibo ugaritasuna erakusten zuten. Obra aipagarrien artetik, honakoak nabarmendu daitezke: Gipuzkoan, Oñatiko Unibertsitateko eskultura-multzoa eta Oñatiko San Migel elizan kokatutako Rodrigo Mercado de Zuazolaren hilobia; Bizkaian, Bilboko San Anton eta Portugaleteko Andre Maria elizetako portadak, eta Balmaseda eta Markina-Xemeingo elizetako apaingarrizko elementuak.

Lehen fase honen eta erromanismoaren artean, trantsizio epe bat dago, bitarte horretan eskultura apaingarritasuna alboratuz joan zen eta klasizismo kutsu bat sumatzen zaio; garai honetan aurkitzen ditugu euskal eskultoreen lehen izenak, aurrekoen dizipuluak eta Antxietaren belaunaldirako bidea egokitzen dutenak. Hala, hurrengo lanak egin izana egiaztatzen duten agirietan Andres Araoz, Juan de Ayala, Esteban de Obray edo Pedro de Aponte bezalako izenak ageri dira. Gipuzkoari dagokionez, Eibarko San Andres, Zarautzeko Andre Maria eta Aiako San Esteban elizetako erretaulak eta Oñatiko San Migel elizako errukiñeren kapera, eta Nafarroan, Genevillako eta Oliteko San Migel elizetako erretaulak edo Iruñako eta Tuterako katedraletako aulkiteria.

Arte

Miguel Angel artista italiarrak errenazimenduaren azken fasean (manierismoa) utzitako eragina abiapuntutzat harturik, Espainian, XVI. mende amaieran sortutako eskulturgintzaren korronteari erromanismoa deritzogu. Fase honetan, aurreko faseetako apaingarritasun joerari muzin egin zitzaion eta sinpleagoak eta soilagoak izanik ere formaren aldetik adierazkortasun gehiago zuten eraketen aldeko apustua egin zen; halere, irudiek dinamismoa, mugimendua eta polikromiaren bitartez nabarmentzen eta indartzen den sentimendua erakusten dute. Protestantismoari aurre egin nahian, erromanismoak Eliza katolikoaren helburuak jarraitzen zituen eskulturgintza bezalako diziplina baten eta erretaula bezalako elementu baten bitartez, azken honetan, irudien irakurgarritasuna errazten duen ordena eta egitura zehatz bati jarraitzen zaio.

Erromanismoa, Italiatik barna iritsi zen Euskal Herrira, Gaspar Becerra eta Pedro Lopez de Gamizen eskutik. Haiekin prestatu zen Juan de Antxieta, eta modu horretan, artista erromanista belaunaldi oso bat sortu zen, tartean, besteak beste, Ambrosio Bengoetxea, Pedro Gonzalez de San Pedro, Jeronimo de Larrea, Joanes de Iriarte eta Martin Ruiz de Zubiate, ageri zirelarik. Estilo hau XVI. mende amaieran hasi zen garatzen eta XVII. mendean zabaldu zen, batez ere, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lan garrantzitsuenen artean, honakoak nabarmentzen dira: Gipuzkoari dagokionez, Zumaiako San Pedro, Donostiako San Vicente eta Berastegiko San Martin elizetako erretaulak eta Alkizako parrokiakoa. Nafarroan, Agoitzeko parrokiako erretaula eta Caseda eta Tafallako elizetakoak.

Arte

Urregintzari dagokionez, diziplina honek garai honetan une oparoa ezagutu zuen, batez ere, Elizarentzako pieza ugari ordaindu zituen hirietako burgesiaren artean sortutako mezenasen zabalkundeari esker. Hasiera batean, ezaugarri nagusiak sinpletasuna eta doitasuna baziren ere, geroago, konplexuagoa bilakatu zen, bereziki, Europan garatzen ari zen estilo berriaren, barrokoaren, eragina iritsi zenean.

Pintura arteari dagokionez, eskulturgintzan gertatu ez bezala, garapen urriagoa izan zuen. Alde batetik, Kontrarreformak berak, eskulturaren eta erretaulen erabilera gomendatzen zuen bere fededunen artean doktrina barneratzerakoan; beste alde batetik, Europa iparraldearekin zabaldutako merkataritzari esker eskatzen ziren pintura arteak inportatzea ahalbideratzen zen -erraz garraiatu zitezkeen-, hori dela eta, Euskal Herrian pintura flamenkoaren adibide bikainak ikus ditzakegu. Modu honetan, dagoeneko XV. mendean geroztik eta merkataritza harremanei esker, Van Connixloo edo Van der Goes bezalako artisten obrak aurki ditzakegu, edota Metsysen lantegiak topa ditzakegu Gipuzkoako hainbat elizetan, Zumaiako San Pedro elizan eta Bergarako San Pedro elizan edota Aizarnako parrokian.

 

Ondorioz, XVI. mendean Euskal Herriak ekoizpen urria ezagutu zuen pinturari dagokionez, eta agertzen diren adibideak Espainiako erreinuko pintoreek egindakoak dira, Luis Morales, Juan Pantoja de la Cruz eta Alonso Sanchez Coellok, hain zuzen ere. Oritzen kokatutako Cruzatdarren jauregiko horma-pinturak dira salbuespena, bai gaiari dagokionez eta bai teknikari dagokionez ere, izan ere, grisailak dira eta guda eszenak irudikatzen dituzte, Carlos V enperadoreak tropa protestanteen aurkako batailak, zehazki. Obra honen egileen izenak ez ditugu ezagutzen, dena den, obraren kalitateak ez gaitu harritu behar, izan ere, eskultura erromanistak erretaulak polikromatzen zituzten pintoreak behar zituen, ondorioz diziplina hau garatu egin zen, nahiz eta obra sendorik ez lortu.