Arkitektura

Bendaña jauregia

Euskal lurraldean, gotiko estiloa XII. mendearen bukaeran hasi zen zabaltzen eta XVI. mendearen bukaeraraino luzatu zen. Jakina denez, estilo honen garapenean hiriek eta burgesiak parte hartu zuten zuzenean eta horregatik esan daiteke estilo berri honen izaera zibikoa ezaugarri garrantzitsuenetako bat dela. Gotikoa hiritar eta merkataritza munduari lotuta dago eta harreman estua dauka garai hartako hirigintza eta hiri berrien sorrerarekin.






Gasteizen, adibidez, XIII. mendean, 1256. urtearen inguru, zabalkuntza baten ondorioz, hiru kale berri sortu ziren. Hauetako bat Aiztogile kalea izan zen eta bertan kokatzen da Bendaña jauregia, Arrieta-Maeztu familiaren jauretxea egon zen orubean.

Eraikuntza honen sustatzailea Juan Lopez de Arrieta izan zen eta bere bilobak, Pedro Lopez de Arrieta Escoriazak, agindu zuen ondorengo multzoaren handiagotzea.

Kronologikoaren ikuspuntutik, 1525. urtearen inguruan hasi zen altxatzen eta 1545. urtearen inguruan handitu zen. Datuen arabera, XVI. mendearen lehenengo erdian eraiki zuten, Karlos I.aren erregealdian, eta gotikotik berpizkunderako iragaitean kokatzen da, elementu gotiko berantiar eta errenazimenduko ezaugarriak konbinatzen baitira eraikuntzan.

XIX. mendean Bendañako markesaren eskutara pasa zen eta gero Agirretarrek hartu zuten. Gaur egun Gasteizko udalaren eraikina bat da.