Arkitektura

Montehermoso jauregia

XV. eta XVI. mendeetan zehar Europan sortutako estilo artistiko berriari berpizkundea edo errenazimendua deitu zitzaion. Mugimendu artistiko honek antzinateko greko eta erromatar klasikoko printzipioetan inspiratu zen eta mundua eta bizitza interpretatzeko era berria bultzatu zuen, kristau tradizioa ahaztu eta alderatu gabe.

Berpizkundeko jarraibideak eta ereduak Italiatik iritsi ziren, garai hartan lurralde honen gizartea modernoena baitzen, baina laister gainerako lurraldetan garatu zen.

Euskal lurraldea ez zen mugimendu honetatik kanpo geratu eta, nahiz eta berandu iritsi, XVI. mendeko lehen hamarkadetan, gutxi gora-behera, eta aldi edo tarte laburrean izan, errenazimenduko hedapena eta iharduera garrantsitzuak eta erakargarriak izan ziren.

Araba probintzian, adibidez, une argitsua bizi izan zen eta ekintza artistiko interesgarriak, arkitektura esparruan, bereziki, garatu ziren. Gorakada honen arrazoiak, politikoak, sozialak eta ekonomikoak dira. Gogora dezagun, gizarte-bake denboraldia bizi zela, eta nekazaritza-ekoizpenak gorakada ederra izan zuela. Horretaz gain, Arabako kokapen geografikoari esker, Gaztelako artegune garrantzitsuekin, Burgos eta Valladolid nagusiki, harremanetan jarri zen eta, erlazio horren bidez, Italiako arkitektura berriaren jarraibideak eta erreferentziak ezagutu eta eskuratu ziren.

Gainera, Gaztelako gortean eta zenbait erakundetan karguak zituzten nobleak Gasteizen bizi izan ziren eta beraien aginduz eraiki zituzten jauretxe eta jauregi garrantzitsuak. Testuinguru honetan koka dezakegu Montehermoso jauregiaren eraikuntza.

Ortuño Ibañez de Aguirre lizentziatua, Isabel Catolica erreginaren gortean kargu bat zeukana, eta haren emaztea, Maria de Esquivel y Arratia, jauregiaren sustatzaileak izan ziren eta, egileari dagokionez, jakina da Pedro de Echaburu hargin gipuzkoarra izan zela. XVI. mendeko lehen hamarkadetan, 1520 eta 1522 bitartean, eraiki zen eta Gasteizko hirigune historikoan, hiriko eremu garaienean, Campillo izeneko gunean kokatzen da. Jatorriz, fatxada nagusia Santa Maria kalean zegoen, gaur egun, aldiz, Fray Zacarias Martinez kalean dago.