Kontzeptua

Antzinako Erregimenaren krisia

Euskal Herriak aldaketa guziak gordinki jasango ditu, baina aldi berean, aldaketa horietan eragingo du. Izan ere, Frantzia eta Espainiaren menpe egonik, bi herrietan ematen diren egoera ezberdinen eragina jasango du, baina bere eredu politikoa berezitua izanik, eraldaketa prozesuak beste irudi bat izango du.

Antzinako erregimenaren krisiaren ondorioak, gizartearen eraldaketari dagokionez, Euskal Herrian ere eman ziren. Izan ere, eremu hau ez zen Europan ematen ziren aldaketei arrotz. Hirien garapena, burgesia eta merkatuaren garapena, teknologia berrien garapena edota industrializazioa, Euskal Herrian ere ematen dira modu esanguratsuan. XIX. mendean jada industria Espainiar estatuko garrantzitsuena izango da, horrekin batera oligarkia eta langileria Penintsula osoko garatuenak. Ideia intelektualen garapenaren irudi argiena Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais elkartea dugu, ilustrazioaren ideiak garraiatuko dituenak, eskolak eta akademiak sortuko dituenak. Azpimarratu behar dugu halere, Ilustrazioaren ideiek Euskal Herrian ez dutela tokiko ordena iraultzeko asmorik. Ideia horien aitzindariak tokiko noble eta goi mailako burgesia dira nagusiki eta gune herritarretan gutxi hedatzen da. Anbizio erreformista dute gehienbat.

Alor politikoari dagokionez Euskal eremua Foru instituzioen bidez gobernatua zenez gero, ideia absolutisten eta liberalen arteko talka itxuraldatua geratzen dela. Euskal foru eta eskubideek bai Espainiar eta bai Frantziar estatuekiko eskubide batzuk bermatzen zizkien Euskal Herriko biztanleei beste eremuetako biztanleek ez zeuzkatenak. Zergak ez ziren adibidez nobleziaren esku geratzen, foru instituzioek erregulatzen zituzten eta aduanen kudeaketak ere bai onurak zekarzkien euskal lurretako merkatariei. Erregeek foru eskubideak errespetatu behar zituzten eta Foru instituzioek erregeen aginduak ez betetzeko eskubidea zuten. Soldaduskari zegokionean ere, berezitasuna zegoen. Frantzian eta Espainian ez bezala, Euskal Lurretan pribilegioak foru instituzioen esku zeuden ez Errege edo kasta baten esku. Bertako kideak jaunak baziren ere, betebeharrak ere bazituzten komunitatearen mesederako.

Ondorioz, esan dezakegu, Euskal lurraldean banaketa politikoa bi alorretan ematen zela. Lehengoan daude alde batetik liberalak eta bestetik kontserbadoreak estatu osoan bezala, eta bigarrenean Foruen aldekoak eta hauen aurkakoak. Bigarren alor honetan liberalak eta kontserbadoreak nahasturik daudelarik.