Kontzeptua

Antzinako Erregimenaren krisia

Antzinako erregimenaren krisia Foru instituzioen krisiarekin lotua dator beraz. Beraiek zalantzan jarriak diren unetik hasi eta behin betirako kentzen direnean amaitzen den aroa dela esan dezakegu. Hego Euskal Herrian 1841ean Nafarroan eta 1876an Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Madriletik eta Parisetik behin eta berriz saiakerak izango dira Foru eskubideak kentzeko XVIII. mendean garatzen ari den eredu zentralista garatu ahal izateko.

Hegoaldean, hasieran, absolutistek egingo dute saiakera, liberalek amatuko dutena. Espainian Errege Borboi absolutistek behin eta berriz foruak urratzen dituzte eta horrek liskarrak sortzen ditu eta gatazka euskal lurralde eta Madrileko administrazioaren artean. Ondoren, Foruak oztopo bilakatzen dira burgesia liberalarentzat eta edozein aitzakia arrazoi bat da beraiek zalantzan jartzeko. Carlos IV.aren garaian, Godoy ministroak historia liburuak berridatziko ditu Foruak erregeek emandako pribilegioak direla azpimarratuz. Independentzia gerra ondoren, 1813an, Fernando VII.ak foru eskubideak berriz ezarri bazituen ere, baldintza batzuekin izan zen: hauek ez zuten Espainiako legedia oztopatu behar eta beraz 1814 eta 1833 urteen bitartean Foruak etengabe erasotuak izan ziren Espainiako legediarekin kontrajarriak zirelakoan.

Karlistadak izango dira Antzinako erregimenaren krisiaren irudi argiena. Esan dugun bezala, Euskal Herrian Liberalen eta Kontserbadoreen arteko talka foruen auziarekin nahastua dago eta hauen alde edo aurkako guda bilakatzen da. Liberal gehienak hiriko burgesia industrial eta merkataria baziren ere, baserrietako jauntxo eta lurjabe handiek ere liberalen alde egin zuten. Bestalde, kolonien galtzearekin batera, klase sozial hau ahultzen da eta zentralizazioaren alde egiten du, bere interes ekonomikoak defenditzeko, Estatuarekin lotura indartu behar duelako. Ez dira beraz talde kohesionatuak. Karlismoaren alde berriz, ekonomia tradizionalaren aldekoak, elizaren aldekoak, foruen defentsa egiten dutenak, hiri munduko merkatari txikiak daude. Hauek ez dira funtsean tradizioa eta kontserbadorismoaren aldekoak baina batez ere, krisi sakoneko testuinguru honetan, bere ondorioak pairatzen dituztenak. Horregatik, esan daiteke, Euskal Herrian Karlismoak oinarri herrikoiak zituela. Karlismo ofizialak ez omen zuen foruen defentsa bere aldarrikapen nagusietan ezarri baina hura erabili zuen Euskal Herriko biztanleak erakartzeko. Hauek karlismoari lotzen dira eredu liberal burgesak foruak arriskuan jartzen dituelako eta bide horretan bere ongi izatea bermatzen dituen eskubideak. Karl Marx-ek Gerra karlistei buruz esaten duenak badu bere egokitasuna:

"Karlismoa ez da mugimendu dinastiko eta atzerakoi soil bat, ondo ordaindutako historialari liberalek gezurretan esatea enpeinatu ziren moduan. Mugimendu aske eta herrikoi bat da frantziar iraultza plagiatzen duen liberalismo ofizial irensgarria baino askoz liberalagoak eta erregionalistagoak diren tradizioak defendatzen dituena. Karlistek espainiar tradizio juridiko onenak defendatzen zituen, estatu liberalaren absolutismo zentralista eta absolutismo monarkikoak zapaldutako foru eta kartenak. Tokiko aberrien batuketaren Aberri handia ordezkatzen zuten. Beraien berezitasun eta tradizio propioak zituztenak". (Itzulpena moldatua gazteleratik.)

Iparraldean, 1789ko Iraultzak markatzen du euskal eskubideen bizi iraupenaren krisia, nahiz eta jadanik Louis XVIak zentralizazio prozesua hasia zuen eta gatazka ezkutua egon Euskal lurretan. 1789ko abuztuaren 4ean Frantziako Nobleek zituzten pribilegioekin batera Euskal instituzioak abolitzen dira. Euskal Herrian erresistentziak izango dira Frantziak kontrairaultzailetzat joko dituenak eta Izualdiaren garaian Deportazioak, atxiloketak eta hiltzera kondenak egongo dira. Konbentzio gerra garaian adibidez, mugaz alde honetako biztanleei espainiarrekin kolaboratzea leporatuko zaie, beste aldean Frantziarren alde egiten zutela leporatzen zitzaien bitartean. Iparraldeko ordezkariak behin eta berriz saiatu ziren Euskal lurraldeen berezitasuna kontutan hartua izan zedin aldarrikatzen. Hor dugu Garat anaiek egindako departamendu propio baterako aldarrikapena, Estatu Orokorretan aurkeztua edota Fenizia Berriaren proiektua, Napoleoni aurkeztu zitzaiona. Frantziaren nahikeri zentralizatzaileak ez zituen euskal lurraldeen eskariak entzun eta aitzakiak bilatu zituen (iraultzaren aurka joatearen leporatzea adibidez) eskubideak kentzeko.