Monarkia eta noblezia

Antso V.a Ramirez (1996ko bertsioa)

Huescako setioa eta erregearen heriotza (1094). Huescako erregea, Castelarren sorreraren kariaz, Zaragozakoarekin eta Gaztelako Alfontso VI.arekin, nolabait ere haren mende zegoena, harremanetan hasi zen. Behar izanez gero, Gaztelako tropak, Zaragozako musulmanak eta almorabideak joan zitezkeen laguntzera. Huescako erregeak Antso Ramirezi ordaintzen zion zerga Gaztelakoari eskaini zion. Trikimailu horiek aukera ematen zioten Sancho Ramirezi Huesca eta bere eskualdea erasotzeko. Aragoiko eta Iruñeko indarrei dei egin zien berehala, eta beste muga batzuk zaintzen zituzten batzuk atereaz, gudaroste estimagarri bat bildu zuen, eta harekin oldartu zen brioski Huescako lurraldean barrena. Bien bitartean, Huescako eta Zaragozako musulmanen eta Gaztelako kristauen koalizioa ere plan militar bat prestatzen ari da, aragoiar eta iruindarren erasoaldia bertan behera uzteko. Iruñeko erresumari erasotzeko asmoa dute, mendebaldeko mugetatik, Huescatik urrutien zeuden Arabakoetatik, alegia. Hemen erasotzen duena Alfonso VI.aren armada da, Gasteizen kokatua eta Antso Lupiz Bizkaiko jaunak zuzendua. Iruindarrak eta aragoiarrak ustekabean agertzen dira muga horietan, herrialdea martxa bizian zeharkatu ondoren, eta nahikoa da haien presentzia etsaien armadak atzera egiteko. Beharbada, Gaztelako distrakzioak ez zuen beste helbururik Antso Ramirezen tropak beregana erakartzea baino. Hauek buelta eman eta berriro Huescara doaz, Monte Aragon muinoa hartuz. Hiriaren setioa hasten da berriro. 1094ko udaberria da. Hurbileneko mendateak konkistatu dituzte, eta ausarki hurbiltzen dira oraindik Huescara. Muino horietako bati aurrerantzean Pueyo de Sancho deituko zaio. Erregeak bere kapitainekin eta bere seme Pedrorekin, Sobrarbe eta Ribagorzako erregearekin, esploratzen du landa. Harresietako alderdi ahul batzuk hurbiletik aztertzen ari zela, musulman batek, almenetatik zelatan ari zitzaiola, gezi-kolpe batez zauri larriak egin zizkion. Sancho Ramirez berehala ohartu zen bere egoeraz, eta bere dendara deitu zituen seme-alabak. Gezi hura atera ziezaiotela agindu zuen, eta adore handiz hil zen, bere semeei zin egin baitzien hiria hartua ikusi arte ez zuela hesia altxatuko. 1094.Bernardo(e)ko ekainaren 4an hil zen

ESTORNÉS LASA