Irismen luzeko neurriak: García infantea Toledon. Maltzurkeriaz eta disimuluz, ohore handiz ziur aski, konkistatu berria zen Toledora (1084) Gartzia infantea, baskoniar koroaren oinordeko legitimoa, eraman zuten. Alfontso VI.ak berak esaten du hori bere zeduletako batean, 1089an: «...zedula hau sinatu nuen Conchillako zelaian, Monte Aragonen, lekuko hauen aurrean: don García infantea, Sancho de Nájera erregearen semea, Toledon bizi zena...» Ez dezagun ahaztu hor, Toledon, errege gaztelar horrek bere aitaginarreba Abenaber errege musulmana zuela, eta honek gero emaztetzat eman ziola Isabel alaba.
