Monarkia eta noblezia

Antso V.a Ramirez

Antso Gartzes IV. Iruñeako erregea konspirazio baten biktima izan zen. Haren anaia-arrebek, Ramon eta Ermesinda infanteek, antolatu zuten azpijokoa: itxurazko ehizaldi baten bitartean, Peñalén (Nafarroa) harkaitzetik behera amildu zuten erregea (1076). Heriotza eragin zioten gertakari horiek direla medio, "Peñalengoa" ezizenez da ezaguna. Antso IV.aren seme-alabak gazteegiak ziren tronua hartzeko, eta, beraz, erregearen anaia eta Kalagorriko jauna zen Ramiro hautagai sendo bihurtu zen.

Antso II.a erail zutenean, Gaztelako Alfonso VI.a erregearen armadak erresuma hartu zuen, eta Bureban eta Errioxan sartu zen. Ramiro, zendutako erregearen beste senide batzuk egin bezala, Gaztelako gortean sartu zen. Egoera hori ikusita, Aragoiko Antso Ramirez Iruñeako errege aldarrikatu zuen bere burua, erresumako nobleetako batzuek babestuta. Hasteko, Uxueko gotorlekura iritsi zen, eta, bertan, harrera ona egin zioten. Gero, Iruñeara abiatu zen. Nafar herritarren ikuspegitik, Alfonso VI.ak -aurrekoen lehengusu propioa baita ere- konkista bidez okupatu zituen lurraldeak, baina Aragoiko Antso Ramirez modu baketsuan iritsi zen, oinordekotzaren arazoari irtenbidea emanez.

Aragoiko erregeak Ebroren ezker ibarraren nafar lurralde gehienak bereganatu zituen, Azagraraino iristen zelarik, eta gaztelauak, eskuineko ibarra hartu zuen, Kalagorriraino. Bien arteko muga Jurramendi eta Monjardin inguruan zegoen, Antsoren menpeko bi gotorleku. Gainera, aragoiarrak Gareseko eta Zangozako gotorlekuak berreskuratu zituen, Alfontso VI.ak hartutakoak. Errege biek hartutako lurrak beren erresumari erantsi zizkioten, eta nolabaiteko akordioa adostu zuten, beren jabetzako lurrak mugatzeko. Horrela, Antso Ramirezek ekialdea hartu zuen: Donostiatik Jakaraino eta Ebrotik Pirinioetaraino. Alfontsok, aldiz, Araba eta Bizkaia eskuratu zituen, eta, agian, baita Gipuzkoako zati bat ere.

Hilabete batzuk beranduago, Antso Ramirez erregeak Iruñeako erresuma berrantolatuta zuen. Erresumako herrietan barrena ibili zen, biztanleen estimua lortzeko, eta nobleen artean ohoreak banatu zituen, haien fideltasuna eta babesa bermatzeko. Gartzia, erregearen anaia, Jakako gotzaina zen, eta 1078an, Iruñeako gotzain bihurtu zen.

Alfontso erregeak, bestetik, lurralde musulmanen mugakide ziren eremuak zaintzen zituen bitartean, Iruñeako erresuman sartzen lagundu zioten Gaztelako eta Bizkaiko jaunekin ezkontza-itunak eta konpromiso politikoak ezartzeari ekin zion. Gaztelako jaunak erakarri nahi zituen, eta, batez ere, Eneko Lopez kondea (Bizkaiko jauna) eta Errioxako leinuak. Gaztelako erregeak konde horri Arabako jaurerriaren eta Gipuzkoaren zati bat eman zizkion, Ebroko lurren truke. Lope Enekoren (Bizkaiko jaunaren semea) eta Tekla andrearen (Diego Alvarez gaztelau jaunaren alaba) arteko ezkontzak Alfonso erregearen politikara gerturatu zituen erabat.