Monarkia eta noblezia

Antso V.a Ramirez

1091ean, erregeak eta haren oinordeko zen printzipeak beren gizonak Zaragozako ateetaraino eraman zituzten, eta Castellarko gotorlekua hartu zuten, Ebroren ezker ibarrean. Bertan eliza eraikitzeko agindua eman zuen, eta herritarrei foruak eman zizkien, hara bizitzera joan zitezen. Kroniken arabera, Huescako errege musulman batek Zaragozako Mustain erregeari laguntza eskatu omen zion. Mustain erregeak, bere aldetik, errege gaztelauaren babesa zuen hein batean, eta gotorlekuaren fundazioa iraintzat hartu zuen. Horrez gain, bertan kokaleku kristau bat ezartzearekin haserre zegoen, eta, hortaz, Gaztelako Alfonso VI.ari eta Cid-ari laguntza eskatu zien. Maniobra horiek, Antso Ramirezi bidea ireki zioten erregeak Huesca eta bertako eskualdea erasotzeko. Antsok dagoeneko Guarako Mendilerroaren iparraldea kontrolpean zuen, eta Lobarreko, Anieseko (1084), Montearagongo (1089) eta Labatako (1092) gotorlekuak eskuratu zituen. Gainera, ejertzito oso handia bildu zuen, Iruñeako eta Aragoiko indarrak eta mugetako soldadu-taldeetatik hartutako gizon-taldea batu zuelako.

Huescako eta Zaragozako musulmanek, gaztelauekin batera, plan militarra prestatu zuten, aragoiarren eta iruindarren erasoari aurre egiteko. Iruñeako erresumari mendebaldeko mugetatik eraso egitea pentsatu zuten, Arabako lurretatik hain zuzen. Izan ere, horiek zieren Huescatik urrunen zeuden lurrak. Alfontso VI.aren armada Gasteizen zegoen, eta hegal horretatik eraso egin zuen. Iruindarrak eta aragoiarrak berehala heldu ziren, herrialdea ziztu bizian zeharkatu eta gero. Haiek agertu bezain pronto, armada gaztelauak atzera egin zuen, eta, hortaz, baliteke maniobra horiek distrakzio hutsa izatea. Iruindarrak eta aragoiarrak, buelta eman, eta Huescarantz abiatu ziren berriro, Aragoi mendixka hartuz.

1094an Huesca inguratu zuten berriro ere, eta hiriko harresietara gerturatu baino lehen, inguruko goi-lautadak konkistatu zituzten. Kroniken arabera, erregea "Antsoren Puiua" izenez ezaguna den mendixkan kokatu zen, eta Zaragozarekin harremanak moztu zituen. Huesca inguratzeko saiakera horretan erregea hil zen. Antso Ramirezek inguruak esploratu zituen, kapitainek eta Pedro semeak (Sobrarbeko eta Ribagorzako errege) lagunduta. Antso harresiaren ahulguneak aztertzen ari zela, arerioen gezi batek jo zuten. Erregeak semeei bere dendara dei egin zien, gezia ateratzeko agindu zuen, eta semeei zin eginarazi zien ez zutela setioa altxatuko hiria hartu arte. Aitzitik, zenbait egileren ustez -Menendez Pidal, besteak beste-, arrazoi naturalengatik hil zen. Dena dela, heriotzaren gaineko bi bertsioak 1094ko ekainaren 4an hil zela esatearekin bat datoz.