Monarkia eta noblezia

Antso V.a Ramirez

Antso Ramirez I.a erregeak erresumako barne-gaiak berrantolatu zituen, eta jendeztatze-politika bizia gauzatu zuen. Egile batzuen arabera, 1090eko maiatzean bilera bat egin zuten Uharten, eta bertan batu ziren Aragoiko eta Iruñeako hainbat jaun garrantzitsu, prelatu eta gizon zintzo. Historian jasotako lehenengo gorteak izan ziren, eta, antza denez, ordura arte indarrean zeuden usadio txarrak kentzeko erabakia hartu zen bertan. Hala ere, beste autore batzuek gorte horiek existitu zirenik zalantzan jartzen dute. Esaterako, Jose Maria Ramos y Lacertalesek gorte horiei buruzko diplomak faltsuak zirela frogatu zuen, eta Leireko eta San Juaneko monjeek horiek sortzeko izan zituzten arrazoiak azaldu zituen. Aitzitik, erregea urte batzuk lehenago foru txarrak kentzen hasi zela egiazta daiteke, Jakako herriari "Jakako forua" eman zionean. Foru hori eredu izan zen gero beste herri batzuei eman beharreko foruak eratzerakoan, eta horren bidez, Jakan arau berriak ezarri zituzten, eta aurreko foru txar guztiak deuseztatu.

Era berean, herriak biztanlez betetzeaz, mugako gotorlekuez eta batik bat, musulmanei konkistatu berri zizkien gotorlekuez arduratu zen. Erresuma birpopulatzeko asmoak Lizarraraino eraman zuen, eta herriari foru propioa eman zion, 1090ean. Pribilegioaz eta foruaz baliatu zen, biztanleak mugako eskualdeetara erakartzeko, musulmanen gertutasunagatik arriskutsuak baitziren. Horren adibide da Arguedas herria: musulmanei kendu zien 1084an, eta herriari foru propioa eman zion 1092an.

Bestetik, Antso Ramirez Islamaren aurka aritu zen borrokan, beste kristau-botere batzuekin batera. 1086 inguruan, Alfontso VI.ak Iruñea-Aragoiko koalizio armatuaren laguntza eskatu zuen, almorabideei aurre egiteko, eta baita Cid-ek ere, Valentzia konkistatzeko. Iruñeako eta Aragoiko erregea Toledo hirira joan zen, Yusuf emirarren mehatxupean baitzegoen (1090), eta zaldun-taldea bidali zuen Valentziara, Cid-ari laguntzeko (1091).