Monarkia eta noblezia

Antso V.a Ramirez

Antso Ramirezek Iruñeako erresumaren indarrak bildu zituen. Helburu zuen musulmanek kontrolatutako gotorleku batzuei eraso egitea, une hartan kokaleku horiek beraren jabetzako lurretan baitzeuden. Gotorleku horietako bat Huesca zen: Pirinioetako igarobide guztiei traba egiten zien, eta, horrez gain, iruinsemeen eta musulmanen arteko muga garai hartan Bardean zeuden, eta inguru haietako basoak eta basamortuak aproposak ziren enboskadak eta bidelapurretan egiteko. Antso Ramirezek hegoaldera egin zuen, eta Bardeen erdi-erdian zegoen Moniongo gaztelua hartu zuen (1079). Hurrengo urte osoan zehar, iruindarrak eta aragoiarrak inguru horretan errondak egiteari eta kanpatzeri ekin zioten. Ebro inguruan, Tausteitk hurbil dagoen Petrellas (Pradilla) konkistatu zuten (1080), eta Piedratajada herrira gerturatu ziren, Ejeatik eta Arguedasetik gertu dagoena.

Muga horiek zabaldu eta gero, Huesca konkistatzera joan zen. Boleako hiria hartu zuen (1081), Graus eta Ayerbe gotorlekuak menperatu zituen (1083), eta Piedratajada setiatuta izan zuen, 1084an hartu zuen arte. Konkista horien ostean, Huescako hormetan zegoen. Bestetik, Bardeatik musulmanek Tuteran zuten gotorleku indartsura gerturatu zen, eta, gero, Cadreitari eta Arguedasi eraso egin zien (1084). Azkeneko hori gotortu eta jendeztatu zuen. Leridako Alhayib laguntzera zihoala, Rodrigo Diaz de Vivarrek (Cid) garaitu zuen, eta, Morellan gertatu zen borroka horretan, Antso Santxez Nafarroako kondea preso hartu zuen (1084). Dena dela, Antso Ramirez erregeak ez zuen asmoz aldatu, eta aurrera jarraitu zuen: Estada (1087), eta Monzon (1089) hartu zituen. Azken hori herri garrantzitsua zen. Harkaitz gaineko gaztelu batek babestua zegoen, eta populazio handia zuen.

Jarduera militarrez gain, dohaintza garrantzitsuak egin zizkien jabeei, monasterioei eta senideei.