Monarkia eta noblezia

Antso V.a Ramirez

1087ko udaberrian, Iruñea-Aragoiko eta Gaztelako erregeek akordioa sinatu zuten, Iruñeako erresumaren banaketan adosteke zeuden kontuak konpontzeko. Itun horrekin, bi arazori irtenbidea eman zioten: batetik, erresumako mendebaldeko lurren jabetza, eta, bestetik, Gaztelarekiko basailutza-harremana. Gaztelaren agindupean geratu ziren behin betiko 1076an iruzurrez hartutako Iruñeako mendebaldeko lurrak: hegoaldeko Bureba, Errioxa eta Ega hegoaldea, Bizkaia, Durangaldea, Marañon eta Araba, eta, agian, baita Gipuzkoako zati bat ere. Iruñeako erresumari atxiki zitzaizkion izen bereko arroa, Aragoi ibaiaren ekialdeko mendiak, Zangoza, Sada eta Eslava, baita konkistatu berri zuten Arguedas herria.

Akordioan, Nafarroako konderria egitea erabaki zuten, erresumaren bihotzean zeuden herriek osatua: Iruñea hiria, Monjardin, Faltzes, Uxue, Tafalla, Oibar eta Legin. Konderria eratzeko baldintzek errege gaztelauaren emakidari mesede egiten zioten, argi eta garbi. Bertako lehen kondea Antso Santxez izan zen. Iruñeako eta Aragoiko erregearen mende zegoen; baina, konderri hori eskuratzearen truke, Gaztelako Alfonso VI.a erregearen basailu bihurtu behar zuen. Gaztelako erregearen basailu zenez, Toledo defendatzeko obligazioa zuen, musulmanek hiriari eraso egiten bazioten. Data horretatik aurrera, Alfonso VI.a erregeak "Hispaniako nazioen" enperadore izendatu zuen bere burua, eta Antso Ramirez erregeak mugetako defentsa indartu zuen, bertako lurrak konfiantzazko pertsonen ardurapean utzita.