Kontzeptua

Gatzaren matxinada

1586an hasi zen depresio handiaren ostean, Espainiako koroak zailtasun finantzario, militar eta sozial larriak zituen 1630an. Hori zela eta, ezohiko diru-sarrerak bilatu behar izan zituen. Horretarako, zerga gehiago ezarri edota errege-titulua nahiz bestelako tituluak saldu zituen.

Hamiltonen arabera, Mundu Berritik iristen zen metal preziatu kopurua nabarmen murriztu zen 1610-1620 bitarteko hamarkadaz geroztik eta halako ezegonkortasun ekonomikoa nabari zen jadanik, bereziki, 1626an izandako monetaren debaluazio nabarmenaren ondotik. Monarkiaren zoritxarrak areagotu egin ziren 1628an, izan ere, holandarrek Espainiako flota harrapatu egin zuten Kuba inguruan eta espainiarrek porrota lotsagarria pairatu zuten. Gainera, premia fiskalak denbora gutxian areagotu ziren Europan, Ausburgtarren jarduera militarrek gora egiten zuten heinean.

Olivaresen politika zentralisten ondorioz, Espainiako monarkiako probintziak bateratu egin ziren eta horrela, kontribuzioa areagotu egin zen ezinbestean. Kontu garrantzitsua da hori, izan ere, Errege Katolikoek batasuna bultzatu bazuten ere, zenbait eskualdek eskubide eta berezitasun garrantzitsuak mantendu zituzten, hala arlo fiskalean, nola arlo instituzionalean. Hori zen Aragoi, Portugal eta Nafarroako erreinuen nahiz Euskal Probintzien kasua. Arestian esan bezala, Olivaresen helburua ohiturazko lege eta zuzenbideari aurre egitea zen. Are gehiago, konde eta duke zenak, presio politiko eta fiskal izugarria egin zuen, orokorrean nahikoa setatia zen periferiako erresistentzia gainditzeko, nahiz eta saiakera horrek arrisku handiak izan. Politika hori erakargarri egiteko asmoz, 1630ean koroak milioiak kentzeko erabakia hartu zuen, hots, funtsezko produktu batzuen (esate baterako, ozpina, olioa eta haragia) gaineko zeharkako zerga kentzea. Jaurerria zerga horren aurka azaldu zen, berau ezarri eta 1601an Jaurerri horretara hedatzeko ahalegina egin zenez geroztik. Gobernuak aipatu zerga kendu eta, horren ordez, gatzaren gainean baterako zerga ezartzea eskaini zuen. Dena den, Estatuko lurralde guztian zehar ezarri zen eta, horren ondorioz, derrigorrezkoak eta zentralizatuak ziren zergak onartzea debekatzen zuten Foru eta Askatasunen aurka egin zuen aipatu zergak. Horren eraginez, Foru lurraldeen (bereziki Bizkaia) eta botere zentralaren arteko gatazka ireki zen. Gatazkak kutsu soziala ere hartu zuen, izan ere, bizkaitar aberats eta txiroak, oligarkiak eta erdiko klase edo herrikoiak aurrez aurre jarri zituen erabakiak.