Kontzeptua

Pedagogia Euskal Herrian

Antzera gertatu zitzaion Uharteri, Joanes Uharte Donibanekoak medikuntza ikasketak egin eta horrelako ogibidean aritu ondoren idatzi zuen bere Examen de Ingenios para las Ciencia-Zientzietarako Argimenen Azterketa (1575). Garai hartan, jakina, egun zientzien artean ohiko bihurtu diren mugak erabiltzea ezinezkoa zen, baina haren ekarpena Hezkuntzaren Psikologia arloan abiapuntutzat hartua izan dira.

Izan ere, Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketan Hezkuntzaz argibideak eman arren (I.,II. eta III. Ataletan batik bat) ez dira ikasketak gizakiaren bilakaerari dagokion aro berezi batekin lotzen soilik (haurtzaroarekin, adibidez...) gizakiak sailkatzeko erabili nahi direla baizik. Joanes Uharte Donibanekoarentzat, beraz, ikasleria ezin da adin jakin batekin lotu. Areago, ikasketarako ahalmena gizakiaren nortasunari dagokion gaitasuna bezala hartu zuela eta, bide batez, bakoitzaren izaera definitzeko funtsezko ezaugarri bihurtu zuen. Horrela, bada, gizabanakotzearen bide modernoa irekitzeaz gain ertaroko gizarte estamentala eta mailakatuari zegokion ikasleriaren, eta ildo horretatik gizakia bera, ulertzeko eredua hautsi zuen.

Erdi Aroan erabilitako ikasketa moduak kolektiboak ziren. Hala monasterioetan nahiz unibertsitateetan nola gremioetan zein kofradietan ere, ikasketen antolaketak taldea zuen oinarritzat. Eredu prezeptorala, berriz, printzeen heziketarako erabili zen bakarrik(Varela, J.; Álvarez-Uría, F. Arqueología de la escuela. Madrid: La Piqueta, 1991) baina, horretan ere, ezin esan gizabanakotze prozedura dagoenik zeren jauntxo edo printze haiek adin jakin batean ziren ikasle bakarrik eta, haien maisuek, gainera, ikaslea zenarekin batera ibili behar zuten ikaslea zen bitartean (Varela, J Modos de educación en la España de la Contrarreforma. Madrid: La Piqueta, 1983).

Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketak gizakia ulertzeko ikuspegi modernoa eskaini zuen lehen aldiz ertaroko gizona gizabanako gisa ulertuz eta honetarako ikasketarako gaitasuna eta, ondorioz, gizabanako horren bilakaerarako ahalmena definituz.

Erdi Aroko gizarte estatikoaren partez Errenazimenduari zegokion gizakia eta gizarte dinamikoaren aldeko apustua da ikusgai Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketan, non lehenengo ataletik ikasketarako gaitasun bakoitzari zeregin ezberdina aholkatzen zaion:

Nerau bederen egia honen lekuko ona naiz. Zeren hiru lagun sartu ginen elkarrekin latin ikastera, eta batak hura txit errazki ikasi zuen, eta gainerakoek ez zuten inoiz perpaus dotore bat osatzerik ukan. Baina hirurak dialektikara iraganik, gramatika ezin ikas zezaketenetako bat arte horietan goi mailako arrano gertatu zen, eta beste biek ez zuten ikastaro osoan hitzik ere erran. Eta hirurok astrologia entzutera etorririk, kontsideratzekoa izan zen ez latin ez dialektika ikasterik ez zuenak handik egun gutxitara irakasten zigun maisuak berak baino gehiago jakin zuela, gainerakooi hura buruan inoiz ezin sartu zitzaigun artean. Eta harrez gero, espantuz, hartaz gogoeta egiten eta filosofatzen hasi nintzen, eta neure kontutik aurkitu nuen zientzia bakoitzak bere argimen berezi eta bedera eskatzen zuela, eta hark, behin handik ateraz gero, ez zuela deus balio gainerako letretarako (Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa.

(Xabier Kintanaren itzulpena,1996) Klasikoak. Bilbo. 67. or.)

Baina, esan bezala, eskarmentutik ateratako ondorioa da (hau da, nahiz eta atalean zehar Sokrates, Platon, Aristoteles, Ciceron, Galeno eta abar aipatu, funtsezko baieztapena ez da oinarritzen inolako autoritatean bere esperientzia pertsonalean baizik) eta berak bakarrik sortutako gogoeta da. Orduan agerrarazten ari zen pentsaera protestantea dakar gogora mota honetako hausnarketak.

Edonola ere, argi dauka Joanes Uharte Donibanekoak bere Zientzietarako Argimenen Azterketan ikasteko garaiak badaudela (Ibidem Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa (Xabier Kintanaren itzulpena-1996) Klasikoak. Bilbo.. 68,69...or.) eta maisuak ezaugarri bereziak behar dituela (Ibidem 69. or.)baina, betiere, norberak dituen ezaguerazko tankerak baldintzatuko duela emaitza:

Naturaren aurka tiraka ez iharduteko, eta ez gaitezela saia hizlari izaten hark horretarako biderik ematen ez badigu, alferlana eginen dugulako

(Ibidem 72. or.).

Honekin guztiarekin Uhartek irakaslea eta ikasleria definitzeaz gain, ezaguerazko tankeraren araberako pedagogia proposatu zuen gizabanakoaren neurrira eta, finean, Errenazimenduan hedatzen ari zen pentsamendu modernoaren lekukotasuna ere eman zuen.

Zehatz-mehatz Uharte noiz jaio zen oraingoz jakiterik ez badago ere (1529an izan zela uste dute aditu gehienek) non jaio zen argi dago. Horixe bezain garbia dago, era berean, 1530tik 1660ra bitartean Donibane Garazi eta bere ingurua (Nafarroako Erresuma zaharreko azken aztarnak) ez zeudela Gaztelako, Frantziako, Aragoiko edota beste inongo Koroaren menpe (Esarte, P. Navarra, 1512-1530.Conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico. Pamiela: Iruñea, 2001).

Aldiz, protestantismoa izan zela hango lurraldearen erlijioa ez dago dudarik (Olaizola, J.M. Historia del Protestantismo en el País Vasco. Iruñea: Pamiela, 1993). Hori zela-eta, Nafarroa Garaiko agintariek ez zieten onartzen behe-nafarrei herritartasunik eta bearnesei edota frantsesei bezala ez zieten Nafarroa katolikoan geratzeko baimenik ematen. Gaztelaren menpeko Gorteek behenafarrak kanpotarrak hartzen zituzten eta edozein ofizio nahiz eliza ikasketak ere egin ahal izateko aukera debekatzen zieten (Goyhenetche, M. Historia General del País Vasco. Donostia: Tarttalo, 1999).

Garai hartakoa da Joanes Leizarragaren Itun Berria eta Europan zehar latinez at eginiko Bibliaren lehengo itzulpenak (Leizarraga, J. (1571) Itun Berria. Se Wsi soumieraz (1548) etab... Europan latina erabili beharrean tokian tokiko hizkuntzen arabera eginiko Biblien itzulpenak zerrendatu ditu Joseba Intxaustik bere Euskera liburuan (1997) Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.). Luteranismoak gizaki berria aldarrikatzen zuen. Edonon, ertaroko latinaren ordez, tokian tokiko hizkuntzak erabiltzen hasi ziren.

Cervantesek gai honi heldu zionean, norberak bere hizkuntza idazteko erabiliz lortzen zela adierazpen garbiena zioen:

Homero handiak ez zuen latina erabili, ez eta Virgilioak grekoa ere...beraz, arrazoizkoa litzateke nazio guztiek, bakoitzak bere hizkuntza idazteko erabiltzea eta, ildo beretik, alemaniarra dena ez mesprezatzea alemaneraz idazten duelako, ez Gaztelakoa gazteleraz aritzen denean ez eta bizkaitarra ere idazteko garaian berea darabilenean...

(Kixotearen II.zatian XVI.atalean-1615-).

Baina aldarrikapen hura, beste batzuk bezala, Uharterengandik hartua dela nahiko frogatua dago (Torre, E. "Las influencias". Examen de Ingenios para las Ciencias. Madrid: Editora Nacional, 1976. 40.or.) :

Aristotelesek dioenez, haurrek edozein hizkuntza hobeki ikasten baitute gizon nagusiek baino, hauek arrazionalagoak badira ere. Eta inork erran gabe, esperientziak berak erakusten digu hori argiro; izan ere badakusagu ezen baldin hogeita hamar edo berrogei urteko bizkaitar bat Gaztelera bizitzera badator, ez duela inoiz erdara ikasten eta mutila baldin bada . bi edo hiru urtetan Toledon jaioa dirudiela ...eta horretara, autore nagusietarik inor ez zen joan atzerriko hizkuntzaren bila bere kontzeptuak adierazteko: aitzitik, grekoek grezieraz izkiratu zuten, erromatarrek latinez, hebrearrek hebraieraz, eta mairuek arabieraz... (Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa.

(Xabier Kintanaren itzulpena, 1996) Klasikoak. Bilbo. VIII. ataleko 149. or.), 1575.

Funtsean Uharteri berari kasu eginez gero, pentsaera eta hizkuntzaren artean harreman zuzena badagoelako:

Nola ezagun norbaitek adimenik baduen? Biderik onena adierazpena edo dialektika da. Froga harriak urrea ezagutarazten duen bezala, halaber, adierazpenak adimena

(Etxarren-Lohigorri, J.B. Huarte, Hator Etxerat. Donostia: Jakin, 1975, 86. or.).

Eta aldarrikapen honetan aitzindaria da doniandarra zeren tokian tokiko kulturak gogamen unibertsala bera baldintzatzen duela izpiritu katolikoaren aurkako iritzia zen:

"Eta esperientziaz klarki ageri da zein urrun diren elkarrengandik grekoak eta eskitiarrak, frantsesak eta espainolak, indiarrak eta alemanak, Etiopiakoak eta ingelesak. Eta ez da hori soilki ageri hain herrialde apartatuetan; Espainia osoa inguratzen duten probintziak kontsideratzen baditugu, kontatu ditugun bertuteak eta bizioak haien bizilagunen artean bana ditzakegu...kontsidera ditzagun katalanen argimen eta ohiturak, valentziarrenak, murtziar, granadar, andaluziar, extremadurar, portugaldar, galego, asturiar, montañes, bizkaitar, nafar eta aragoarrrenak, eta Gaztelako giltzururrunekoenak. Nork ez dakusa eta ez dazagu horiek artean ez direla berdin, aurpegiaren figuran eta gorputzaren izaeraz gainera, arimaren bertute eta bizioetan ere?...ezin sinets daiteke zer nolako ezberdintasuna izaten den bertako bizilagunen artean. (Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa.

(Xabier Kintanaren itzulpena-1996) Klasikoak. Bilbo. II. ataleko 78-79. or.)

Baina aipatzen dituen argudioen arabera eta, gizabanakoen sailkapena egin nahian betiere, gertuago dirudi Uharteren ikuspuntua Pedagogia Garaikidetik edo Garapen Psikologiatik defendatu ohi den Chomskyren teorietatik baino.

Uhartek gizaki modernoaren ezaugarriak erakusten dituela ezin da zalantzan jarri. Era berean, modernitate hura garai bertsuan sortzen ari zen protestantismoaren ezaugarriak azalarazten dituela aski garbi dago. Baina ezaugarri haiek guztiek ez zuten aurrekari gisa klasikoen pentsamendua baizik eta, haien aipamen ugariak eta guzti, haiekiko haustura garbia.

Horrela, pentsatzeko gaitasuna soinean kokatzerakoan, Aristotelesek defendaturikoaren aurka burmuinaren alde jotzen du garazitarrak bihotzaren kaltetan.

Mirariak baztertzeko ez zuen beldurrik izan. Eskolastikaren nominalismoari muzin eginez materialismo naturalista zein eraikuntza kognitiboaren alde agertu zen hastapenetatik.

Horrela, autoritate eskolastikoetatik kanpo klasikoen berrirakurtzeari ekin zion, gehienetan Platonen aurka (Platonek espantatzen nau...) eta Aristotelesen bertsio enpirikoa azpimarratuz.

Ildo beretik, ezaguera eraikitzeko bidea ulerkuntza dela argi utzi nahi izan zuen, baita adimena garatzeko heziera mailakatuak duen garrantzia.

Honekin batera, VIII. Atalean zientzia bakoitzari dagokion adimen mota sailkatu zuen. Bere aburuz, jakina denez, Latina eta Gramatika ikasgaiak dira oroimen ona dutenentzat. Dialektika, berriz, ezaguerari dagokio eta Astrologia irudimenaz lantzen da hoberen.

Patologiak ere zerrendatu zituen bigarren argitalpeneko bigarren atalean. Honela, alde batetik adimen zikiratua daukatenak badaudela dio, ezer ulertzeko gai ez direnak. Bestetik, ulertu ondoren oroimenean ezer gorde ez dutenak ere adimen gabezia badutela uste du eta, azkenik, jende nahastua da, kontzeptu gehiegi sortzen dituztenak, alegia.

Lehenengo atalean, berriz, adimenik duenaren ezaugarria kontzeptu berriak sortzea dela dio. Latinetik ekarriak gigno, ingigno eta ingenero hitzak erabili zituen adierazteko irudimenaren sorkuntza (Gogoeta honen inguruan, eta Uharteren arrastotik dudarik gabe, garatu zuen Marinak .J.A.(1992) bere Elogio y Refutación del ingenio (XX Premio Anagrama de ensayo). Anagrama. Barcelona.). Honen arabera hiru motako ikasle bereiz zitekeen: maisuak dioena ongi ulertu, ikasi eta gorde egiten duen ikaslea, hamaika kontzeptu sortzeko gai dena eta, finean, inolako laguntzarik gabe, ikasteko gaitasuna duena. Ikasleria horrela definituz (bere patologiak eta guzti!) Uhartek gizakiak sailkatzeko irizpideak emateaz gain, adimena definitu zuen, eskolastikaren aurka, oso era modernoan. Alde batetik gizabanako bakoitzak dituen ezaugarri naturalen baldintzak ezagutarazi zituen eta, bide horretatik, haien araberako adimena garatzeko bideak ere eskaintzeko aukera izan zuen.

Errenazimendutik aurrera hasi zen gizabanakotze prozedura zibilizatzaileak (Elias, N. La civilisation des moers. Paris:_Calmann-Lévy, 1973) Uharterengan du oinarria haren garaikideak izan ziren Erasmus, Vives edo Castiglionengan baino. Azken hauek heziera sotiltasunarekin parekatuz soinaren gizarte kontrolari ekin bazioten ere (Morreale, M. Castiglione y Boscán. El ideal cortesano en el Renacimiento español. Madrid, 1959), Uhartek gorputza eta gogoaren arteko harremanak aztertzeko ausardia izan zuen.

Egungo ezagueraren gizartean Uharteren ekimenak, jazarpen nahiz debeku guztiak pairaturik ere (Zientzietarako Argimenen Azterketa 1575ean lehen aldiz kaleratu arren 1581ean Inkisizioaren Indexean zerrendaturik izan zen 1966ra arte, zeinean aipatu Tribunalak liburu debekatuen aurkibidea zen Indexa desagerrarazi zuen - Acta apostolicae sedis, LVIII.liburukia .186.or.), garaipena erdietsi duelakoan nago. Izan ere, ertaroaren antzera, dagonarena errepikatzea baino egungo egoerak norberak pentsatu ahal izatea eskatzen baitu eta Uharteren aldarria, funtsean, horixe besterik ez zen izan, pentsamendu askearen aldeko jarrera intelektuala.