Kontzeptua

Pedagogia Euskal Herrian

Espainiar erresumako dinastiaren aldaketak (Habsburgotarren partez Borboiak) Piriniotako muga malguagoa eragin zuen, ideientzat bederen, eta arrazionalismoaren itzala Euskal Herria osoan nabarmendu zela esan daiteke.

Euskaldunon autokontzeptuan, aldiz, Manuel Garagorri Larramendi (1690-1766) da ziaboga. Gaztelera nahiz frantsesaren alde erabilitako argudioei aurre egin nahian Larramendik argitaratu zituen bere De la antigüedad y universalidad del Bascuenze (1728); El imposible vencido (1729); Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (1736); Diccionario Trilingüe (1745) eta Corografía o descripción general de Guipúzcoa (1882). Haietan guztietan polemista gipuzkoarrak euskara erabiltzearen abantailak zerrendatzen ditu eta, etimologiaren bidez, euskal kulturaren irakurketa literario berria proposatu zuen.

Etimologiaren bidea erabili zuen Sibiliako Isidorok bere garaiko jakintza guztia birfundatu nahi izan zuenean. Iturri klasiko haietatik edanda edo, Larramendik euskararen etimologiaren atea ireki zion euskal hausnarketari. Gero, bide hori bera, mota ezberdinetako idazle eta artista, euskaltzale eta pentsalarien etorria izango da: Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Mogel, Añibarro, Astarloa, D'Abbadie, Xao, Kirikiño... Kapanaga edo Oteiza bera etorriko dira bide beretik baina, zalantzarik gabe, Larramendi izan zuten atezain.

Hegoaldean, dena den, Ilustrazioaren pentsamenduak gogoeta ekonomikoak (Cabarrus (1782) Memoria para la formación de un Banco Nacional), zientifikoak (Elhuyar anaiak Bergarako Erret mintegiaren inguruan) edo kostunbrismoa (Samaniegoren fabulak edo Peñafloridaren El Borracho burlado antzerki elebidunaren modukoak) besterik ez zituen landu. Hau da, ez da pentsamendu politiko garatua aurkitzen Garat anaiak berea kaleratu arte.

Garat Hiriarte anaiak. Dominika (1735-1799) eta Joxe (1749-1833) dira euskaldunon interesen alde Paris iraultzailean agertu ziren Lapurdiko Biltzarraren ordezkariak.Uztaritzen eta Baionan jaioak Larresoron eta Bordelen ikasi zuten. Hartan, Afrikatik ekarritako esklabo beltzen salerosketak sasoiko ogasunaren zutabea zenean, Garat nagusia horren kontra agertu zen sutsu inork gutxik horri buruz ezer esaten ez zuen garaian (Fagoaga.I. "Domingo Garat, el defensor del Biltzar in Lopez. C. Cien vascos de proyección universal". La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo, 1977. Pp. 287-294.). Ohikoa zenez, Pariseko Legebiltzarrean (Estatu Nagusiak) 1139 ordezkariak hiru mailetan zeuden banaturik: Jauntxoak 270, Elizak 291 eta Herriak 578. Azken hauen artean zeuden Garatarrak. Iraultza hasi zen pizten bozka sistema aldatu eta ordezkari bakoitzak bozka bana zuela aldarrikatu nahi izan zenean (proposamen iraultzailea) mailaka egin beharrean. Elizak nahiz Jauntxoek ez zuten hori onartu gura bestela herri ordezkariek bakarrik gehiengoa osatzen zutelako eta hauek, berriz, Legebiltzarrera joatearen partez Teileriako frontoira joan ziren (Jeu de paumera) eta Konstituzio berria erdietsi arte batera aritzea zin egin zuten. Jakina denez, Batzar hura eratzaile bihurtu zen eta erregerik gabeko Konstituzio berria antolatzen hasi zen. Errepublika berri hori, aldiz, aurreko monarkia baino homogeneoa izan nahi zuen eta horren aitzin Garatarrak tinko defendatu zuten Euskal Herria gobernatzeko berezko ohiturak eta barruti bakarraren beharra (Fenizia Berria). Honen ordez, Frantziako 1792ko konstituzioaren bidez, aginte eredu zentralista gailendu zen Lapurdi, Nafarroa Behea eta Zuberoa bi administrazio ezberdinetan banatuz. Garatarrak, haien ordezkaritzari uko egin ondoren, kartzelaturik izan ziren eta ondasun asko galdu zuten. Sara, Azkaine, Itsasu, Ezpeleta, Ainhoa eta Zuraide herriak deportatuak izan zirelarik.

Garat gaztea hil ondoren, berriz, argitaratu ziren 1869an Origines des Basques de France et d'Espagne , berak eginiko ikerketak.