Kontzeptua

Pedagogia Euskal Herrian

Errenazimendu euskalduna, Europa osoan bezala, erlijio gerrek markatu zuten. Alde batetik, eta Joana Albretekoaren aitorturiko erreformismo kalbinistaren itzalpean (1560an) higanautak (hugonoteak) euskarazko elizkizunak eta irakaskuntzaren premiaz ohartarazten dira, eta horretarako euskarazko itzulpen eta sorkuntzaren beharra agertzen da lehen aldiz. Joanes Leizarragak hartuko du 1564an Pauen bilduriko Sinodo Kalbindarraren mandatua eta La Rochellen 1571ean hiru liburuki kaleratu zituen: Jesus Christ Gure Jaunaren Testamendu Berria, Kalendrea eta ABC edo Christinoen instructiones. Azken honetan, alabaina, eta zehazkiago bere hitzaurrean (Heuskalduney) euskara batuaren aldeko lehendabiziko agiria aurkituko da (Leizarraga hautatua. Iruñea: Pamiela, 2003).

Protestantismoaren eragina, ordea, aurretik zetorren. Izan ere Angulemako Margarita (Albreteko Enrike II. ren emaztea izateagatik 1525ean nafarren erregina bilakatuko zena) idazle errenazentista oparoa izan zen. Nafarroako ohituretan oinarriturik idatzi zituen, besteak beste, Le miroir d'une ame péchereuse (1531) eta, batik bat, Boccacioren antzerako Heptameron (1559) liburua.

Ildo beretik, Enrike III. emaztea izan zen Margot erreginak (1553-1615) idatziriko Oroitzapenak orduko testigantza intelektuala utzi digu.

Bestalde, eta Trentoko Kontzilio katolikoaren eraginpean (1545-1563) katiximak eta irakaskuntza ere landu nahi zituzten. Ekintza Kristauren teorizatzaile eta antolatzailea izango da ataka horretan Iñigo Loiolakoa (1491-1556). Pentsalaria baino Trentoko izpirituen aldeko ekintzailea, beraz. Horretan aurrekariak bazeuden ere (Egia anaia nafarrak Erasmoren zabaltzaileak izan ziren Gaztelan eta Loiolako Iñazioarekin batera aritu ziren irakaskuntza katoliko eta bateratzailearen alde) Bartolome Karrantzaren (1503-1576) Catechismo Christianoa da alboraezinezko aitzindaria. Nafar honek larrutik ordaindu behar izan zuen ekarpenean, garaiaren lekuko, mistizismoarekin batera, erasmismoa eta "argituen" izpiritua aurkitzen da.

Garbitasun hura, hain zuzen, izango da Antonio Duvergier Haurannekoaren (Saint-Cyran. 1581-1643) funtsezko ezaugarri intelektuala. Pentsamendu zein hautuetan argia izateaz gain, Lovainan ezagutu zuen Jansenioren dotrina berritu eta gardendu zuen: ez zion Elizari jaramonik egiten baina bai, ordea, fedeari eta karitateari. Moral hertsiak eta barne gogoetaren beharrak laburbiltzen dute haren mezua, azkenean kartzelara eraman zuena. Bere jarraitzaileen artean Barkoxeko Martinek (1600-1678) idatzi zituen liburu batzuk horren ziren garrantzitsuak Inkisizioak irakurketa debekatuen indexean sartu behar izan zituela. Hala nola, Exposition de la foi de l'eglise romaine touchant la grace et la prédestination, De l'autorité de saint Piere et de saint Paul... etab.

Hegoaldean Habsburgotarren menpean pentsatzea arriskugarri bihurtu zenez Euskal Herriko Iparraldean aurkituko da XVII. mendean euskal letren loraldia. Ziburu eta Donibane Lohitzune hiriak egungo Bilboren antzera zen orduko bere 3000 biztanlez. Juduen aurkako matxinadak (1622an) ia bi mila pertsona bota bazituen ere hori baino jende gehiago erakartzea lortu zuen Baionak baino itsasontzi gehiago bilduz. Haietan, jardunean zein kaian, Elizan nahiz karriketan, euskara zen nagusi. Leizarragak erabili zuen hizkuntza batua bezain kultua ez da antzematen garai hartako deitua izan den Sarako Eskolan bildu ohi diren idazleen artean. Axularren Gero (1643) ez da pentsamendu originala (batzuk itzulpena besterik ez dela diote) baina aurreko mistizismo argituari asketismoaren bidea arrapostu nahi izan zion. Dudarik gabe, gainera, euskaraz pentsatua eta garatua da euskarak eguneroko bizitzan pisua zuen garai eta toki batean.

Antzekoa suertatzen zaio Arnaut Oihenarten Atsotitzak eta Neurtitzak (1657) bildumari. Euskaraz idatziriko sasoi bereko beste errefrau sortak funtsean greziar, erromatar, frantses edo gaztelarren esaera zaharren itzulpenak besterik ez ziren bitartean mauletarrak eskaini zuena, berak sorturik olerkiak, neologismoak eta guzti, aro hartan ezaguna zen humanista eta ikerlari batek orduko euskal pentsamenduari buruz jasotako isla da.