Kontzeptua

Pedagogia Euskal Herrian

Kalagorrin jaiotako Marko Fabio Kintiliano da (35?-96?) Institutio Oratoria deritzaneko lehenengo erretorikaren eskuliburu egilea. Urteetako lanaren ondorioa izanik, hartan Platonen Gorgiasen baita Aristotelesen irakaspenak biltzeaz gain, bere esperientzia pedagogikoari ere antzematen zaio Antzin Arotik hona heldu den erretorika ikasteko egitura didaktiko duen liburu sorta garrantzitsuenean (hamabi liburuki).

Kintilianoren ikasleak izan ziren Plinio Gaztea, Juvenal, Tazito eta Adriano enperadoera, besteak beste...eta bere ekarpena, Zizeronek ele-edertasuna mailan eskuratutakoaren parekoa litzateke.

Institutio Oratoria mendetan galduta egon ondoren, Suitzako Saint-Gall monastegian aurkitu zuten XV. mendearen hasieran. Ordutik hona, hizkuntzaren didaktika arloan, gero eta garrantzi gehiago aitortzen zaio.

Orain artekoa zehazturik, Euskal Herrian XII. mendera arte berezko pentsamendu eskolaturik ez dagoela gogora dezagun. Honek ez du esan nahi aurretik euskal heziketa gogamenaren ezean zegoenik erromatarren hirietan euskaldungoaren presentzia domestikoa bezain bernakuloa besterik ez zela baizik, hau da, menperaturiko esklabutzan, artisautzan (askaturiko libertoak) zein merkataritzan edo soldadutzan bakarrik aritu ohi ziren euskaldunak. Hala aurretik nola aro honetatik aitzin, aldiz, mitologia aberatsa eskuratu da (jatorriaz euskal gizakia eta besteak definitzen, genealogiak, Jainkoak etab...), geroko pentsaera garatu ahal izateko guztiz beharrezkoa izango dena baina hori guztia euskal hezkuntza pentsamenduaren historia baino aurre-historia da nahiz eta hartan aurkitzerik badago, jakina, geroan garaturiko zenbait jite ideologiko (Heyne alemaniar filologoak zioenez (1764) De causis fabularum seu mythorum veterum physicis), mitologi guztien zergatia, hain zuzen, kanpotik datorren izuari aurre egin ahal izana da.

Erromanikotik Gotikora doan aroa da, ordea, Europar pentsamenduaren sorburua (Panofsky, E. Arquitectura gótica y pensamiento escolástico. Buenos Aires: Infinito, 1959). Kultur haustura handia izan zen hartan sortu ziren lehenengo hiri bilduak, eta haiekin batera, unibertsitateak (katedraletako eskolak zirenak) ertaroko monastegi nahiz ordenu zaharren kaltetan. Lanbide berriak agertzen dira haietan: itzultzaileak kopisten partez, notaritzan arituko direnak, burokratak etab... (Le Goff. J.(1957) Les intellectuels au Moyen Age. Seuil. Paris) eta haien bidez heziketa praktikak nahiz idazkiak, literatura, artea zein filosofia eraldatuz joaten dira (Hauser, A. Hª Social de la literatura y el arte. Madrid: Guadarrama, 1962).

Geroko Errenazimenduak haiekin ahaztu nahi izan badu ere unibertsitate lanbide haietan judu nahiz islamiar erlijiokoak izan ziren nagusi. Zenbat ofizioetan, gainera, kristauen parte hartzea ia debekaturik zegoenez (sendagintza, legegintza, kontularitza, bankagintza etab...) egun pedagogo edota intelektualak izendatuko liratekeenak orduko kolektibo etniko haien arabera ulertu beharra dago (Garaudy.R.( 1946) Contribution historique de la civilisation arabo-islamique. Liberté. Argel). Giro horretan jaio zen Tuteran XII. mendean Abraham Ibn 'Ezra.

Bere bizitzaren mugak ziurtasun osoz zehazterik ezinezkoa izan arren (noiz jaio zen, 1089an edo 1092an?; noiz hil zen, 1164an edo1167an?) haren berri iritsi da gaur egunera toki asko ezagutu zituelako eta ezagutu zuen guztia irakaskuntzarako itzuli edota idatzi zuelako ere. Horregatik jakintzaren historialaria den G. Sartonek bere Introduction to the History of Science ospetsuan dio Abraham Ben Meir Ibn 'Ezrak XII. mendeko ezagutza dena bildu zuela. Jakin badakigu Afrikako iparraldean eta Egipto zein Palestinan egon zela. Erroman zegoela (1140) Hizkuntzaren Balantza izena daraman gramatika idatzi zuen. Salerno, Mantua eta Verona ezagutu zituen (1146an) non hezkuntzan erabili ahal izateko, Hizkuntzaren garbitasuna, Mintzaira garbia, Gramatikaren oinarriak eta Letren enigmak izeneko ekarpenak idatzita utzi zituen.

Filosofia arloan Zeruko atea, Jakintza bildua, Izenaren liburua eta Pentsaeraren lorategia liburukiak argitara eman zituen.

Langedocen zegoelarik (1148an) Pentateucori buruzko iruzkinak ezagutarazi zituen eta Britaina Handira joan zenean, Astronomiari buruzko orduko jakintza arabieratik hebraieratu zituen (1160). Honetaz gain Abraham Ibn 'Ezra bere bizitza osoan zehar aritu zen poesia idazten, profanoa sakratua baino, eta haietan guztietan bere erudizioaren zantzuak utzi zituen. Idazkera kultua, beraz, kultukoa baino, non neoplatonismo garbi batetik geroago pentsaera eskolastikoa izango denari antzeman dakioken. Horretan, dudarik gabe, aitzindaria izan zen Tuterako Abraham Ibn 'Ezra.

Inork ez daki Kalagorrin 1164an edo Londresen 1167an hil ote zen baina jakina da bere jaioterrira itzuli nahi zuela hiltzera zeren, gauza guztien gainetik, Ibn 'Ezra herriminaren idazlea izan baitzen.

Garai eta toki berekoak dira Yeuda Ha-Levi ( 1070-1161?) eta Benjamin ben Yonah (1127-1173?) idazle eta bidaiariak hezkuntzaren pentsamenduaren garapenerako Abraham Ben Meir Ibn 'Ezrak izan zuen garrantzia ez eduki arren. Dudarik gabe, aipatu Abraham Ben Meir Ibn 'Ezraren munta kulturala Maimonides, Averroes edota Ibn Al'Arabiren tamainako da.

Bertzeoko Gontzalok (1180?-1246?) euskalduntasuna eta haren izkribuetan agertzen diren euskal hitzen ikerketa Joxemari San Sebastiani (Latxaga) zor zaio (Errioxa`ko San Millan Euskal Iturri -1974-Edili-Donostia) baina bere garrantzia pedagogia arloan Carlos Lerenak (Reprimir y Liberar-1985-Akal) aztertu du.

Hamabi mila bertso utzi zituen idatzita baina, orduko hezkuntza ulertarazteko ezinbesteko bihurtu dira haurren "hazkuntzari buruz" haren deskribapenak nahiz gogoetak.