Kontzeptua

Pedagogia Euskal Herrian

Europa osoan zabalduko den jitearen ordezkotza da, beraz, Sabino Aranaren esakunea. Horren aurrean, ordea, beste motatako irizpide intelektuala hasiko da zabaltzen, erabateko arrazionalismoa onartu nahi izango ez duena, edo hobeto adierazia, arrazoiaren ezintasunak nabarmendu nahi izan zituena, eta haiekin batera gizaki bakoitzaren bizipenei kasu gehiago egingo diena gizartearen arazo kolektiboei baino. Jarrera honen azalpen garbia izango da, orduko euskal pentsalarien artean, Migel Unamunok bere bizitzan zehar (1864-1936) erakutsi izan zuena.

Unamunok, Aranak bezala, euskara berreskuratu behar izan zuen gaztea zela. Euskalerria aldizkarian artikuluak argitaratu zituen baina, berriro ere Aranaren antzera, ezin izan zuen lortu Bizkaiko Aldundiaren euskara katedra (euskaltzainburua izango zen Azkuek irabazi zuen).

Madrilen Filosofia ikasi ondoren doktoradutza eskuratu zuen Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca izeneko tesiaz.

Salamancako Unibertsitatean grekoaren katedra lortu eta Errektorea izendatu zuten (Espainiako gerra garaian bi aldeek, bai errepublikarrak baita frankistak ere, kendutakoa). Europako unibertsitate sistemak ezagutu zituen (Oxford eta Grenoblen honoris causa izendatu zuten) eta Kierkegaarden pentsamenduarekin bat egin zuen. Goian esan bezala, arrazoia eta sinesmenaren mugaz hausnartzen saiatu zen, Estatuaren indar uniformatzaileak agerian uzten eta, bide batez, iraupen pertsonalaren mekanismoak aztertzen. Hala eta guztiz, filosofia akademikoan baino kezka hauek guztiak gizarteratzen maisua izan zen Unamuno. Saiakera landu zuen, Vida de D. Quijote y Sancho; olerkiak idatzi zituen, Poesías edo El Cristo de Velazquez; antzekia sortu (Fedra) eta eleberriak plazaratu (La agonía del cristianismo, Niebla, El sentimiento trágico de la vida...). Gogamenean erabiltzen zuen tragikotasun bera erabili zuen, kristautasunaz edota euskal kulturaz aritzerakoan.

Ildo beretik, Xabier Zubiri donostiarrak (1889-1983) pentsamendu historizista garaikidea kritikatu nahi izan zuen. Bilbotarra ez bezala Zubiriren lana filosofia akademikora mugatu zen. Ez ohi zuen parte hartzen gizarte eztabaidetan eta filosofia eskolak unibertsitatetik at eman nahi izan zituen. Nahiz eta Ortega y Gasset filosofo espainiarraren zuzendaritzapean aritu eta Husserl edo Heidegger hitzaldietara joan, bere pentsamendua sailkagaitza da. Sobre la Esencia , Cinco lecciones de filosofía eta Inteligencia sentiente liburuak lirateke haren funtsezko pedagogia ekarpenak.

XX. mendearen hasieran sekulako indarra hartu zuten kultur elkarteek eta haien aldizkariak. Batzuk euskal kulturaren inguruan arituko dira bakarrik: Eusko Folklorea (1921), Bulletin du Musée Basque (1924),Txistulari (1927), Antzerti (1932); Yakintza (1933); besteak erlijioaz: Zeruko Argia (1919),Gure Mixiolaria (1924); beste batzuk hizkuntzaz: Euskera (1920). Pentsamendua eta polemika landuko dituztenak ere agertuko dira: Revista Internacional de Estudios Vascos (1907) edo Euskalerriaren alde (1911) Bidasoaz hegoaldetik. Garai hartan, eskolan erabiltzeko argitaratu ziren Wildetar Oskar. Ipuñak (1927) Ander Jaureguibeitiak bizkaieraz eginiko itzulpena. Jaureguibeitiak berak Grimm anaien ipuinak kaleratu zituen urte berean (Grimm ana-yak. Ipuñak), H. Larrako-etxeak 1929ean ere argitaraturik (Grimm Anayen berrogeitamar ume-ipuin).

Bidasoatik goiti, berriz, Gure Herria (1921) edo Aintzina (1935) Euskal Herriko iparraldean eta Elgar (1934) Parisen. Azken hauetan edo frantses prentsan Jean Barbier, Jean Etchepare, Jean Saint Pierre, Julio Moulierrek (Otxobi) edo Martin Landerrechek idatziko dute. Hegoaldean, berriz, J. Azpeitiak, 1932en kaleratutako Irakurri, Maite edo Osasuna merketza eta yanaritza, liburuetan orduko berrikuntza pedagogikoaren edukiak (bai Katalunian baita Institución Libre de Enseñanzan ohikoak ziren higienismo eta zientifizismoaren aldarri pedagogikoak egin zituen).

Domingo Aguirre, Carmelo Echegaray, Julio Urquijo, E. Bustinza (Kirikiño), Jose Ariztimuño (Aitzol) edota N. Ormaetxea (Orixe). Azken bi hauek dute, ordea, berebiziko garrantzia. Aitzolek, hala Euskal Esnalea elkartetik nola Yakintza aldizkaritik ere, Engrazio Aranzadik (Kizkitza) ulertzen zuen moduko ikuspegi sabindarraren euskal kultura eta pentsamendua zabaltzen aritu zen Hernanin frankistek fusilatu zuten arte. Orixe, bestalde, espetxeak nahiz erbesteak markaturik, Euskaldunak izeneko oinarrizko euskal olerki epiko nazionala idazteaz gain, estetikaz, etikaz eta abar aritu zen nolabait, Unamunok espainiar kulturan eduki izan zuen jarrera polemista bera, euskarazko letretan erakutsiz. Aitzol eta Orixerekin batera ibilitakoak Euskal Pizkunde bezala ezagutua izan den kultur mugimenduan aritu ziren. Frankismoak, ordea, bertan behera utzi zuena.

Halere, E. Zipitriak Donostian, eta X. Peñak nahiz M.A. Garayk sortu zituzten, San Nicolas parrokian eta Agustinoetan, Iralabarri (Bizkaian) euskarazko alternatiba pedagogiko berriak, euskaraz, 1945tik 1955etara. Ildo beretik aritu zen Julia Berrojalbiz Bilbon.

Frankismopean, halere, eta hasieran euskaltzainburua zen Azkueren itzalpean, Federiko Krutwigek (1921-1998) irauli zuen ordura artekoko euskal pentsaera. Bilbon, Bonnen eta Parisen ikasi ondoren, Larramendirengandik, eta Mogelengandik baitik bat, miresturiko kultura naturalistaren alde ibili beharrean bide berriak ireki zituen euskal izaerari buruzko hausnarketetan. Mogelen iturri hartatik (Peru Abarkaren irakaspenetatik...) edango dute apologistek, euskaltzaleek eta nazionalistek Krutwig agertu arte behintzat. Honek metropolien aurkako XX. mendeko deskolonizatzaileen teorikoak ezagutuko zituen (Memmi, Sengor, Lumumba,Gevara,...) eta kultura menperatzailea eta menperatuaren arteko dialektika modu berri batez erakarriko zituen euskal gogoetara. Euskal Herria ulertzeko hausnarketa berri honek Vasconia liburuaren izenburua eraman zuen (1963).

Federiko Krutwig ez zen naturalista ez eta populista ere, euskal kultur elitearen premia aldarrikatu zuela baizik. Euskaltzaindian onartua izateko eliza katolikoren jarrera atzerakoia kritikatuz egin zuen sarrera hitzaldiagatik joan behar izan zuen erbestera (1952an), hizkuntz batasunaren irizpideak finkatzeko egindako saioetan (1968) ez zuen onartu nahi izan garbizaleen bidea (Aranaren aldeko ikuspegi nazionalista) ez eta Azkueren antzera gipuzkera osatua proposatzen zuen pragmatismoarena (Mitxelena, Txillardegi...) eta lapurtera literarioaren alde borrokatu zuen beti. Bere ibilbide intelektuala gizarteratu nahian hamaika liburu saiakera, prentsa artikulu, elkarrizketa eta abar kaleratu zituen: Praktikaz (1968), Garaldea (1978), Ekhaitza (1980), Mystagintza zaharra (1982), Jakintza baitha (1982)...

Ildo honetatik baina, era berean, Krutwigekiko lehian dago Jose Luis Alvarez Enparantzaren pentsaera (Txillardegi, Larresoro edo Usako, 1929). Idazle eta irakasle oparoa izan da beti (hogeita bost liburu, euskal prentsa ia guztian argitaraturiko iritziak eta ezbaiak, hizkuntzalaritzaz, literaturaz edo politikaz eginiko ekarpenak...).

Ez du, Krutwigek bezala, euskal kultura nekazal kulturarekin inola ere parekatu nahi izan. Aitzitik, Unamunoren antzera, existentzialismoaren ikusmoldea erabili du euskal izaeraz pentsatzeko. Bere lehenengo idazlanetan bizitzan egin beharreko hautuez, denboraren joan-etorriaz edo irtenbidea aurkitzerik ez daukaten pertsonaiez josita daude (Leturiaren egunkari ezkutua -1957, Peru Leartzako- 1959, Elsa Schellen-1969, Haizeaz bestaldetik -1979). Heldutasunean, alabaina, eskematismo politiko hertsiago batez aritu izan da (Exkixu-1988, Putzu 1998) nahiz eta haren ekarpen guztietan sinbologia berriak eta estilo modernoak etengabe aurkitzen diren.

Hizkuntzalaritzaz zein kulturaz ere aritu izan da (Huntaz eta hartaz-1965, Sustrai bila -1970, Hizkuntza eta Pentsakera-1972, Euskal Kulturaren zapalketa 1984, Gertakarien lekuko-1985...) eta denak politizatu egin ditu euskal intelektual gisa. Jarrera hori zabaldu nahian, gainera, kultur eragile nekagaitza izan da. Branka aldizkariaren sustatzaile bezala eta Udako Euskal Unibertsitatearen kide gisa euskal pentsamenduaren garapenean funtsezko uztarria izan da.

Bereziki hizkuntzaz eta literatura kritikan aritu bazen ere Koldo Mitxelena euskaltzainak (1915-1987) baditu Idazlan hautatuak (1972) izeneko bildumaz gain hona ekartzea merezi duten eztabaida intelektualak: Unibertsitatea eta Irakaskuntza gure artean (Jakin, 1977), Bigarren Adabakiak. Txillardegiren Euskal Kulturaren zapalketa dela eta (Egan, 1984), Zinema paperak...etab.

Ildo honetatik zeharo aldendurik daude, ordea, kristau pertsonalismoaren eraginpean Euskal Herrian sortutako pentsalariak: Arizmendarrietaren kooperatibismoa, E. Mounierren bidetik Carlos Santamariak idatzitako idazlanak etab.

Hirurogeita hamargarren hamarkadan, euskararen berreskurapenarekin batera, "helduen alfabetatzerako koordinazioa" (AEK) hasi zen eratzen eta hedatzen. Paulo Freire pedagogo brasildarraren eraginpean, hastapenetan, J. Kaltzada, J. Naberan edota A. Gabika irakasleek landu zuten "hizkuntz kontzientzian" oinarritutako ikas metodologia geroago "metodo antidiglosikoa" bihurtuko zena non, pedagogia berria zabaltzen hasi zen E. Osa edota J. Zabalo bezalako irakasleen esku.

Txilladergik ere landu zituen "metodo antidiglosikoaren oinarriak" historikoak izan ziren beronen ekarpenak Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian, 1957az geroztiko bere lankidetza ugarien bidez (besteak beste: Karta idigia-1956-eta Batasunaren bidea-1959), eta historikoak halaber gai honi buruzko beronen jarrera publikoa 1960 urtean eta Baionako Euskal Idazkaritzan, 1963 urtetik aurrera, aditzaren batasunaren alde eginiko proposamenak. Euskal hizkuntzaren aditu eta ikertzaile guztiek goraipatu ohi dute eginkizun korapilatsu honi Txillardegik eman zion bulkada eta arnasa, bai garai hartan bai gerora ere etengabe, ia ezin konta ahala baitira Euskal Hizkuntzaren Akademiaren organo horretan herrikide honek argitaratu izan dituen lanak, adibidez: Iritzi aditzaren erabilkeraz eta Fonetika baturuntz zenbait proposamendu (1978), bere ikerkuntza-ibilbide oparoaren gailurra 1983 urtean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurkeztutako Euskal azentuaz /Sobre el acento vasco Doktorego tesian lortu arte.

Antzerako idazle eta irakasle oparoa da, alabaina, Joxe Azurmendi (1941). Bera bezala kultur eragileaz gain liburu askoren egilea: Manifestu atzeratua (1969), Kultura proletarioaz (1973), Gizona abere hutsa da (1975), Zer dugu Orixeren kontra? (1976), Schopenauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (1989), Gizaberearen bakeak eta Gerrak(1991), Espainolak eta Euskaldunak (1992), Demokratak eta biolentoak (1995), Oraingo gazte eroak (1997) Teknikaren meditazioa (1998), Euskal Herria Krisian (1999).

Unamuno edo Zubiri bezain pentsalari sailkaezina, C. Santamariaren edota E. Salaberryren irakaspenak ere ikertu ditu eta bere garaiko intelektualek ez bezala euskaraz argitaratu ohi ditu bereak. Erlatibismo filosofikotik irakurri izan ditu hala euskal kultura nola euskal kulturaren kontra aritutakoak ere eta bere irakasle lanetan, liburuetan zein parte hartu dituen kultur egitasmoetan (Jakin aldizkarian, Egan, Brankan, edo unibertsitate irakaskuntza etab...) euskal letrek argitara eman dituzten orrietarik jorienak eskaini ditu.

Euskal Herriko Iparraldean, berriz, goian aipatu Etienne Salaverry eta Piarres Xarriton dira errefentzia azpimarragarrienak zeintzuk haien jarrera giristinoarekin batera, euskalduntasunetik pentsatzeari eta irakasteari ekin izan diote frantses kulturatik eskuraturikoa galbahetik pasa ondoren.

Iparraldean ere, SEASKA ikastolen koordinazioarekin batera baina era autonomo batez, IKAS izeneko zerbitzu pedagogikoa sortu zen, eta irauten du.

Jakin eta Anaitasuna aldizkariak euskara batua gizarteratzeko ezinbestekoak izan ziren moduan, Euskal Herriko Ikastolen Federakuntzak sortutako material didaktikoari erreparatu gabe ezin da ulertu euskal pedagogiaren bilakaera XX. mendearen bigarren zatian. Honen fruitua izan zen 2004ean argitaratutako "Euskal curriculuma: kultur ibilbidea" bilduma non arlo ezberdinetako adituek euskal irakaskuntzarako metodologia nahiz edukien proposamen zehatzak eskaini zituzten. Lan erraldoi honen arduradunen artean bi pedagogoen izena hona ekartzeak merezi du: Xabier Garagorri eta Lore Erriondo.

Ildo beretik, baina "berrikuntza pedagogikoaz" egindako lanagatik Mikel Zalbideren izena azpimarratu gabe ezin utzi. Berari zor zaio, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako irakasleen euskal gaitasun kurrikularra garatzeko sortutako IRALE programen egitaratzea eta jarraipena.

Laurogeigarren hamarkadan, ikastoletan aritutako irakasleen egokitzapen didaktikoari eta, bide batez, irakaskuntza arautu publikoan tituluen demandari erantzun nahian Bergarako UNEDen magisteritza eskolak hasi ziren ematen eta, zeregin horretan, formazio psikologikozko bi pedagogo nabarmendu ziren: Manolo Cainzos eta Juanjo Otaño.

Garai bertsuan, "Adarra"izeneko pedagogia mugimenduaren inguruan, Euskal Herriko irakaskuntzatik ateratako hamaika esperientzia pedagogiko landu ziren. Horretan, besteak beste, EHUko irakasle izango ziren Eusebio Osa idazlea eta ekintzailea, EHUko euskara-kabineteko zuzendaria (Pedagogia eta gizartea, Elurra eta Dialektikaz eta kulturaz ) nahiz Felix Basurco, Pakita Arregi eta Feli Etxeberria aipatzekoak dira.

Ordukoa da Isilik, I. Pontestak koordinatutako pedagogia aldizkaria. Haren ordezkoa edo izan da laurogeita hamargarren hamarkadan Hik Hasi, euskal hezkuntzarako aldizkaria, pedagogiaz jardunaldi tematikoak eta argitalpen didaktikoak euskaraz kudeatzen dituena.

Azkenik eta gero, Eusko Ikaskuntzaren eta Genevako Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen artean izandako lankidetzan zenbait euskal pedagogo eta ikerlari (I. Idiazabal, Carmen Medrano, I. Plazaola...) irakaskuntzari buruzko azterketa akademikoak egin dituzte elebitasunaz, irakurketa-idazketa prozesuaz edota adimen neurketaz J. P. Bronckart, J. Dolz edo B. Scneuwly irakasleekin batera.