Elkarteak

Ortzadar. Euskal Folklore Elkartea

Bere historian zehar Ortzadarrek hainbat espektakulu eta muntai eszenikoak osatu ditu eta haien artean hauexek dira garrantzitsuenak:

ERRIBERA (1978): Ortzadar elkartearen eskualde zabal batean lehendabiziko aldiz eginiko ikerketa lanaren emaitza da. Bertan Nafarroako Erriberaldeko paloteau edo makil-dantzaren funtzio osoa taularatzen da, funtzioaren berezko dantza guztiekin (arku dantzak, makil dantzak, zinta dantzak, giza gazteluak) eta bertsotan antzezten diren pertsonaien kritika sozialaz beteriko elkarrizketak (mayoral, rabadan, ángel, diablo eta paloteadores). Espektakuluan sartzen ziren ere bai, beste herri tradizio batzuk (aurorak, plazako dantzaldia etab).

TOBERA MOUSTRAK (1984): Behe Nafarroako dantzen dantzatzeko erak berreskuratzeko proiektuaren harira, beste herri antzerki mota bat berreskuratu zen. Toberak charivari izeneko antzezpenen artean koka daitezke. Espektakulu honetarako Toberaren elementu guztiak taularatu ziren: antzerkia, koreografiak, bertsolariak, kantuak eta instrumentazioa. Horretarako, Aingeru Epaltza idazleak propio egindako Mugetan irri idazlana taularatu zen. Tobera Moustrak Euskaltzaindiaren Kongresuan, Nafarroako Jaialdietan etabarretan antzeztu zen, gerraondoko euskara hutsez taularatutako lehendabiziko antzezlana izan zelarik.

GAUEKO (1989): Itzal antzerki eta antzerki beltzeko tekniketan oinarritutako espektakulu honetan, musikak eta teknikak sortutako giroan dantzaren alde estetikoena azpimarratzen zen. Itzalek eta argiek dantzaren mugimendua keta estetika azpimarratzen zuten, beti ere Gaueko gauaren euskal izakiak zuzenduta.

SOINU-DANTZA (1995): Euskal Herriko lau bazterretako dantzak, kantuak, musika tresnak eta melodiak biltzen duen muntai eszenikoa. Dena hari gidari bati lotuta eta egungo espektakuluek daramaten ildoan.

AUNITZ URTEZ (2009): Pablo Ramos zuzendariak zuzendutako espektakulu hau Ortzadarren 35. urteurrenerako taularatu zen Barañaingo Auditorioan. Espektakulu berritzailea eta ikusgarriak, Ortzadarrek dantzan, janzkeran, musikan eta kantuan historian zehar egindako lana islatzen du.

LIBREA NINÇANA... (2012): Nafarroaren Konkistaren V mendeurrenaren harira egindako muntai eszeniko hau, Aitor Subizak sortu eta zuzendu du. Dantza eta antzerkia nahasten dituen espektakulu honek indarkeriaren barne-barneko bizipena lengoai poetiko baten bidez helarazten da: hutsik dagoen ohea, mahaiaren inguruan sortzen den hasperena, soberan dagoen aulkia, amaren hasperena, gerrara joan eta itzuli ez denaren gabezia... Konkistaren kronika egiteko baino gehiago, indarkeriaren inguruan hausnartzeko, bere orokorrean eta herri honetakoa konkretuki ere bai, baina, baita ere, maitasunari buruz. Emakumeari egindako omenaldia ere bada, jasan beharreko indarkeriaz aparte, historia liburuen oroimen ezaren zigorra jasan behar izaten duelako, bera izan arren bizitza aurrera emateko adorea bildu behar duena.