Elkarteak

Ortzadar. Euskal Folklore Elkartea

Elkartearen ikerketa lan gehienak Eusko Ikaskuntzako Cuadernos de Sección (3. alean) eta Nafar Gobernuaren Principe de Viana Erakundearen Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarian argitaratuak izan dira. Beste artikulu batzuk beste aldizkari espezializatu batzuetan argitaratu dira: Arabako Foru Aldundiaren Ohitura aldizkarian, Madrilgo Universidad Autónomaren Narria aldizkarian eta Euskal Herriko Txistularien Elkartearen Txistulari aldizkaria, kasu.

1995. urtean hasi ginen aurreko aldizkarietan lanak argitaratzeko zailtasunak sumatzen eta argitalpenen mundua gure bidea egiteko erabakia hartu genuen. Orduan sortu zen aldizkaria Sukil, Cuadernos de Cultura Tradicional izan zen. Proiektu hau aurrera eramateak sekulako giza esfortzu eta ahalegin ekonomikoa suposatu du. Egunean bosgarren alean lan egiten ari gara.

1997ko urrian eta XIII Jardunaldien prestakuntzan jasotako dokumentazioa baliatuta, Jose Mari Pastor "Artzai"ren margolanekin Euskal Herriko janzkera hamabi postalen bilduma, argitara eman genuen. Urte berean eta aitzakia berberarekin Nafarroako herri janzkera katalogoa argitaratu zen.

1999. urtean Aintzineko Euskal Herriko bizimodua postal irudietan liburua argitaratu genuen. Bertan XIX mendearen amaieraren eta XXaren hasierako berrehun postal baino gehiago erakusten dira, gehienak argitaratu gabeak. Irudiak hiru hizkuntzetan dagoen argibide-testu bat laguntzen dituelarik. Lehendabiziko edizioaren arrakastak bigarrena jaulkitzera behartu gintuen 2000. urtean.

Argitalpenetan egindako ahaleginak izan zuen bere saria gure lan esparruko pertsonek eta erakundeek emandako errekonozimenduan, alegia. Horietako bat Kultura Ministerioko ISOC argitalpenen datu basean gure argitalpena agertzea. Honek bideratu du Estatuko eta beste herrialdetako hainbat erakundeekin, eta Euskal Herriko hamabost erakundeekin, argitalpen trukatze egonkorra edukitzea.