Elkarteak

Ortzadar. Euskal Folklore Elkartea

Ortzadarrek hasieratik Kultura Tradizionalaren adierazpenen biltzeari eta ikerketari ekin zion. Horren emaitza galtzear edo erabat galduta zeuden hainbat dantzen, kanten eta ohituren berreskurapena. 1974tik aurrrera Uitziko ingurutxoa berreskuratu zen eta hamarkada berean eskualde jakin batzuetan dantzen inguruko ikerketak burutu ziren. Horien erakusgarri berreskuratutako Nafarroako Erriberako paloteauak edo makildantzak, edota Nafarroa Behereko folklorearen hainbat elementu. Dantza eta soiny hauekin ikuskizun bereziak plazaratu ziren. (ikus Espektakuluak saila)

1980. urtetik aitzina ikerketan erabilitako galdetegia kultura tradizionaleko beste gaietara zabaldu zen, egutegi folklorikoari garrantzi handiagoa emanez. Garai hartan ibar zehatz batzuetan landa lan intentsiboa egin zen: Arakil, Erroibar, Artzibar, Esteribar, Aezkoa... 1985-1989 urteen artean Nafarroako etnomusikologia eta jaietako folklorearen inguruko diagnosia deituriko proiektua egin zen. Urte hauetan ehundaka pertsona heldu elkarrizketatuak izan ziren galdetegi berriarekin. Egindako lanaren txostenak eta grabazioak Ortzadarren ikerketa saileko artxibategian gordetzen dira eta horietako batzuk Nafarroako Materiarik gabeko Ondarearen Artxiboan daude. Egindako lanaren sintesi batzuk argitaratu dira.

Lehen aipatu bezala, udal artxibo batzuk ere arakatuak izan dira (Arbizu, Etxarri-Aranaz, Lakuntza, Iruñea), hala nola Baionako Euskal Museokoa ere.

Azkenik, Ortzadarkide batzuk Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Saila-Príncipe de Viana Erakundeak sustatzen dituen ekimen batzuetan parte hartu izan dute. Horien adibide Pirineotako Lan Komunitatearendako Nafarroako folkloreaz eginiko lana; edota Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak eta Luzaideko Bolant eguna Nafarroako Interes Kulturaleko Ondarea izendatzeko txosten zientifikoa burutzea; edota 2009ko Fitur azokarako Nafarroari buruzko bideo promozionalaren sustapen musikologikoa; edo Nafar Gobernuko Hezkuntza Departamentuak euskara sustatzeko "Jose Mª Satrustegi" lehiaketan epaimahaikide gisa aritzea.