Kontzeptua

Ituren eta Zubietako Inauteriak

Inauterietan hainbat tradizio gordetzen dira eta errituzko borroka eta aurkakotasunak ere haietako osagarri izaten dira. Hala ere, hurbileko herrien gertutasuna dela medio, "herrikidetasun oneko" ekitaldi izendatu direnak sor daitezke.

Hau da horren adibide bat. Ezkurra errekastoaren aldamenean kokatzen dira Ituren eta Zubieta. Horrela, neguko paisaia ederra eta bietako etxe eta kale atseginak lagungarri dira, data horietan bi herri horietako adiskidetasuna indartzeko.



Inauterietako ospakizunetan ikus daitekeenez, badira errituzko aurkakotasunak. Dena den, data horietan herrikidetasun oneko harremanak ere badira, ekitaldiak modu zoriontsuan ospatzeko xedez.

Ituren (bertako Aurtitz eta Legasa auzoak) eta alboko Zubieta herriko kasua ez da bakarra, baina bai garrantzitsuena eta bi herrietan eragin handiena izan duena: denboraren poderioz, dibertsioa, tradizioa eta harreman zuzena bilakatu dira jaialdi horretako ikurrak.

Ospakizun horren sorrerak denboran erreparatzea dakar ezinbestean, batez ere, une jakiren batean ospakizun-datak aldatu badira. Itxura batean, festa horren inguruan sortu zen debekua izan zen antzinako data alde batera utzi eta ospakizun-data aldatzearen arrazoia. Horrenbestez, egungo datak, hots, urtarrileko azken igande, astelehen eta astearteko ospakizun-datak aipatu aldaketaren ondorio direla esan dezakegu.

Horrez gain, kontuan hartu behar da gero eta ahulago dagoen eskearen osagaia, Inauterietako oinarri ziren bazkari eta dantzekin eta prestaketa orokorra egiteko gazteen ardurarekin batera.

Denborak ez du atsedenik ematen. Behatzaile onak ikus dezake urtero zerbait aldatzen dela, ia oharkabean bada ere. Horixe gertatzen da hainbat ekitaldi eta jaialdirekin eta Inauteriak ez dira salbuespen.

2000. urtera arte gutxi gorabehera, urtarrileko azken igandez Iturengo Joaldunak goizean zehar kalera ateratzen ziren herria zeharkatzeko. Larruzko jantzia, kanpaiak, gomazko abarkak eta galtzerdi zuriak izaten ziren haien arropak eta eskuan isipua eramaten zuten. Jantziaren gainerako osagaiak ez ziren uniformearen zati, bakoitzaren lanarekin lotutako osagarriak baizik. Hamar edo hamabi joaldunek eta saski handiz hornitutako bi bikote gaztek osatzen zuten segizioa.

Herriguneko bazter guztietan ibili ohi ziren arrautzak eta lukainkak bilduz. Egun berean Zubietan antzeko eskea egiten zen. Dena den, herri horretan biztanle gutxiago zeudenez, bertako gazteak (bi edo gehiago), ibilian ibili beharrean, sakabanatu eta korrika ibiltzen ziren kalez kale kanpaien soinua barreiatuz. Bakoitzak saski bat izaten zuen arrautzak jasotzeko eta burduntzi bat lukainka eta xingarra biltzeko.

Hala ere, 2002an Iturengo konpartsako kideek janzkera aldatu zuten eta, ordutik, gainerako egunetan bezalaxe janzten dira. Dagoeneko ez da ohikoa saskia ikustea eta, horrez gain, orain hartza ere ateratzen da segizioan.

Hurrengo egunez, urtarrileko azken astelehenean, Zubietan zenbait joaredun ikus ditzakegu zenbait osagarriz jantzita (zintzarri, larru eta abarkak) eta eskean, goizeko lehen ordutan.

Ondoren edo segizioa egiten den bitartean herriko txoko ezberdinetan mozorrotuak agertzen dira eta haur, gazte eta helduak udaletxera abiatzen dira prestatu eta janztera. Elkar lagunduz aritzen dira eta pertsona batzuk trebetasun berezia behar dute, izan ere, zintzarriak behar bezala kokatzea garrantzitsua da fisikoki eta baita soinuari dagokionez ere.

Girotze aldera eta herria miatzeko herrigunean zehar ibiltzen dira kanpaiak erritmo berean astinduz, uneoro mozorrotuak alboan direla.

Ordu jakin batean eskualdeko errepidera hurbiltzen dira. Han kamioneta edo furgoneta izaten da zain. Ibilgailuan sartu eta Aurtitzera abiatzen dira, Iturengo auzora. Kanpoaldean segizioa dute zain, beste joaldun talde batez osatua. Elkartzean bisitaldia egiten dute erritmo berean eta hartza lagun dutela. Animaliak, bere jabeak gidatzen badu ere, zenbait bihurrikeria egiten ditu.

Aurtitzetik bi lerrotan irteten dira (halaxe ibiltzen dira uneoro) eta oinez sartzen dira Iturenera. Han joaldunen azken taldea dute zain. Guztiak elkartu eta bi lerro luze osatzen dituzte, antzinako ejertzitoa bailitzan. Guztiak erritmo berean ibiliz ezkila-mihien soinua sortzen dute. Ikusle leial ez denak ez ditu sumatuko segizio bakoitzean sortzen diren soinu eta erritmoekin lotutako zenbait alderdi.

Guztiek herri guztia zeharkatzen dute mutur batetik bestera. Dagoeneko eguerdia da. Ordurako prest daude karroza guztiak ekitaldi nagusirako, Inauterietarako, eta kaleak alaitu eta barre-algarak sorrarazten dituzte. Horrez gain, mozorrotuek oinezkoak ikaratzen dituzte noizean behin.

Asteartean atzekoz aurrera egiten da ibilbide osoa. Hau da, segizio nagusia Iturendik ateratzen da eta Aurtitzera abiatzen da. Azkenik, Zubietan amaitzen du ibilbidea.



Irudikapen horretan asko dira elementu nagusi edo mozorro motak.

  1. Zintzarri eta kanpaien eroalea: Joalduna edo Joareduna. Dokumentuen arabera, buruan jartzen den kono formako txapelaren izena ere hartzen du: ttuntturroa. Zanpanzar edo Zanpantzar izendapena arraroa suertatzen zaie herri horietako biztanleei eta, dirudienez, literaturan baino ez da izen hori erabiltzen.
  2. Hartza eta bere "jabea" Joaldunen segizioan ikus daitezke. Haur eta neskatoak harrapatzen ahalegintzen dira. Hartza lurrean biraka aritu ohi da eta hainbat oinezko botatzen ditu. Antzina segiziotik at ibili ohi zen eta, gaur egun, zenbait momentutan ere halaxe ikus dezakegu.
  3. Mozorroak bakarka edo taldeka ibili ohi dira. Ospakizuneko alderdi anarkikoena osatzen dute.
  4. Azkenik, lau gurpil edo gehiagoz hornitutako karrozak ditugu segizioan. Haien gainean antzezpen laburrak egiten dira eta desfilean igarotzen dira segizioan barna, ikusmin handia sortzen dutelarik. Festaren alderdi sortzailea dira eta urtero gaiak eta antzezpenak berritu egiten dira.

Zubietako Joaredunak alkandora eta gonazpiko zuriz janzten dira, gorputz-enborra larruz estaltzen dute eta haren gainean zintzarri handi nahiz txikiak lotzen dituzte. Horrez gain, zapi urdin karratuduna lepagainean, praka urdinak, gomazko abarkak eta kono formako txapela garaia, lumazko apaingarriz eta zintzilikatutako xingolaz hornitua; eskuan, berriz, isipua.

Iturengo Joaldunek alkandora zuriaren ordez neguan erabiltzeko alkandora beztitzen dute, gorputz-enborraren inguruan larrua eta, horrez gain, sorbaldan ere larruak ipintzen dituzte. Azkenik, koloredun zapiak erabiltzen dituzte, kolore gorria nabarmentzen delarik.

Hartza artilez janzten da goitik behera eta zati ezberdinak elkarlotzen ditu gorputz osoa estaltzeko. Buruan katamalo adarduna, hartzarena baino beste animalia baten itxura ematen diona. Jabeak katez lotuta eramaten du.

Iturri eta dokumentazio guztiak ikertzaile ezberdinek aztertuak izan dira XX. mendean zehar: L. de Uranzu, J. Caro Baroja, J. Garmendia, M. Lizarza edo T. Truffaut. Hala ere, 2009an Nafarroako Interes Kulturaleko Ondare Ez-material modura kalifikatu ziren eta M. Ozkoidi eta K. Irujok Carnavales de Lantz - Ituren - Zubietako Inauteriak lana argitaratu zuten urte berean. Gaur egun, lan hori baliagarri zaigu aurretiko artikulu eta liburu guztietan emandako informazio gehiena behatzeko.

Ibilbide historikoa XX. mendeko hirurogeiko hamarkadara arte luzatzen da gehienera. Urte horietan festari eta Joaldunei buruzko albiste bat aipatzen da egunkarietan. Bertan ez da aipatzen debekuaren aurretik aurpegia estaltzeko erabiltzen zuten katamaloa. Dauzkagun argazkiei esker, bi hamarkada egin dezakegu atzera, 1940. urtera gutxi gorabehera. Bertan antzeko jantziz jantzitako pertsonaiak ikus daitezke Iturengo herria zeharkatzen. Partaide kopurua murritzagoa zen XXI. mendearen hasieran baino.

Hainbat aldaketa nabarmen daitezke, agian agerikoena (ez bada nagusiena) Zubieta-Aurtitz (eta alderantziz) bidean hauteman daiteke, izan ere, hasiera batean oinez egiten zen eta 1980az geroztik furgonetaz egiten da: isiltasuna nagusitzen den une bakarra da hori.

Nolanahi ere, zintzarriaren soinua urtarrilaren 5ean entzuten da lehen aldiz, Errege Mago egunaren bezperaz. Egun horretako arratsaldean gaztetxoak eskean aritzen dira auzotan barna. Antzina, beste herri batzuetan ere egiten zen hori.

Abenduaren amaieran eta Inauterietan bizkarrean edo gorputzaren inguruan zintzarri eta kanpaiak eta praka eta alkandoretan kanpaitxo eta kaskabiloak eramateko ohitura aski hedatua da Europako herrialde askotan. Zarata burrunbatsua da eta ikertzaile batzuen arabera, espiritu txarrak aldentzeko asmoz egiten da. Nafarroako herrietan, gainera, kutsu berezia hartzen du soinuak, izan ere, erritmo eta kadentzia baten arabera entzun daiteke bertan.

  • ARRARAS SOTO, Francisco. Danzas e indumentaria de Navarra. Merindad de Pamplona II. Bilduma Labur Ilustratua, 8. zbk. Iruña: Vianako Printzea, 1987, 107-110. or.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA, Josu. "Los carnavales vascos: restauración y revitalización de un tiempo festivo". Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore 9. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2007.
  • ECHEGUT, M. O. "Le carnaval à Ituren et à Zubieta (Navarre) du début du siècle au lendemain de la guerre civile". Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 1991ko uztaila-abendua. XXIII. urtea, 58. zbk. Iruña: Vianako Printzea Instituzioa, 1991.
  • FERNANDEZ DE LARRINOA, Kepa. Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003, 119-120. or.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria. El Carnaval Vasco. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. "El Carnaval vasco y sus personajes". In: Mitos y leyendas del País Vasco. Donostia: Induban, 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Carnaval en Navarra. Etnografia Saiakeren Bilduma 3. Donostia: Haranburu, 1984.
  • GARRIDO PALACIOS, Manuel. "Itzea 1976. Conversaciones con Don Julio Caro Baroja al hilo de los Carnavales de Zubieta, Ituren y Lanz (Navarra)". Revista de Folklore, 1996. urtea, 16a liburuxka, 181. zbk. Valladolid: Caja España-ko Gizarte eta Kultura Ekintza, 1996.
  • HORNILLA, Txema. El Carnaval vasco interpretado. Euskal Liburutegi Bilduma. Bilbo: Mensajero, 1990.
  • IRIGOIEN, Iñaki; DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA, Josu. Ihauteriak-Carnavales. Bilbo: Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa, 1992.
  • JIMENO JURIO, José María. Calendario festivo. Invierno. Panorama Bilduma, 10. zbk. Iruña: Vianako Printzea Instituzioa, 1988.
  • JIMENO JURIO, José María. Calendario festivo II. Invierno. Obras Completas José M.ª Jimeno Jurío 52. Iruña: Pamiela, Udalbide eta Euskara Kultur Elkargoa, 2009.
  • OZKOIDI ASURMENDI, Mikel; IRUJO ASURMENDI, Karlos. Carnavales de Lantz - Ituren - Zubietako Inauteriak. Panorama Bilduma, 40. zbk. Iruña: Nafarroako Gobernua-Kultura eta Turismo Saila-Vianako Printzea Instituzioa, 2009.
  • TIBERIO, Francisco Javier (testua); OTERMIN, Luis (argazkiak). Carnavales de Navarra. Nafarroako Gaiak Bilduma, 6. zbk. Iruña: Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza Saila, 1993.
  • TRUFFAUT, Thierry. Joaldun et Kaskarot. Des carnavals en Pays Basque. Baiona: Elkarlanean, 2005.
  • CARO BAROJA, Pio Caro Baroja. Las cuatro estaciones (DVD). Iruña: Nafarroako Gobernua-Kultura eta Turismo Saila-Vianako Printzea Instituzioa, 2004.
  • Pyrene, P. V.-Nafarroako Etnologia Museoa (DVD). Etnografía navarra. Huesca: Pyrene, P. V.-Nafarroako Gobernua, 2009.
  • Zenbait egileren artean (liburua+DVD). Negua ospatuz. Calor, Color y Ritmos del Invierno. Donostia: Euskomedia Fundazioa-Eusko Ikaskuntza, 2009.