Kontzeptua

Kirola

Baskonia kontraesanez betetako herrialdea da: biztanlez mukuru eta erabat industrializatutako zonaldeak ditu, baina baita zonalde berde eta ia ukitu gabeak ere. Bi paisaia horiek elkarrengandik kilometro gutxira lekutzen dira eta, horri esker, naturarekin lotutako kirola egiteko aukerak areagotu egiten dira. Kostaldeko kirol-portuek eskaintza handia dute nabigazio eta arrantzari dagokienez. Euskal Herriko geografiak baldintza fisiko eta instalazio ezin hobeak eskaintzen ditu edozein motako kirolak egiteko. Mendi-ibilaldiak, surfa, piraguismoa, eskalada, arroila-jaitsiera edota puentinga dira egin daitezkeen bestelako jarduera batzuk.

Herritarrek kirol-instalazioak eraikitzea eskatzen dute behin eta berriz. Euskal Herrian, gaur egun, instalazio garrantzitsu eta modernoak ditugu kirolaren esparruari beha eta horietatik nazioartean ezagunak diren izenak atera dira, besteak beste: Martin Fiz (atletismo), Txema Olazabal (golf), Alberto Berasategui (tenis), Indurain, Joane Somarriba edo Olano (txirrindularitza) eta Jose Luis Ugarte (belaontzia).

Euskal Herrian elkarte edo klub ugari dago eta ia ezagutzen den edozein jarduera egin daiteke horietan, esate baterako, igeriketa, hipika, golfa, euskal pilota, tenisa, futbola edo atletismoa. Horri, gainera, ekipamenduari dagokionez azpiegitura sendoa erantsi behar zaio. Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzako iturri ofizialen arabera, 1997an zentsu hau jaso zen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) instalazioei dagokienez: zortzi golf-zelai, 1.390 kiroldegi-pista, 143 igerileku, 86 tenis-pista, 450 pilotaleku baino gehiago, 203 futbol-zelai, 878 gimnasio, 37 atletismo-pista, 7 hockey-zelai eta 11 errugbi-zelai. Kirola sustatu eta hedatzeko sentsibilizazioari esker, kirol jarduera egiteko kirol-espazioak nabarmen areagotzen dira. Instalazio horiek ez dira soilik aisialdian jarduera fisikoa egiteko, izan ere, horietan kirol federatua eta eliteko kirola ere egiten da. Azken atal horri gagozkiola eta datu bereizgarri modura Nafarroakoa aipatuko dugu. 2001ean 262 kirolarik eta 100 entitatek osatzen zuten Nafarroan estatuko eta nazioarteko elite maila. Hau da, 2001. denboraldian 17 izan ziren Mundial nagusietan parte hartu zuten nafarrak eta bi urrezko domina eskuratu ziren (Benito Rosek trial txirrinduarekin eskuratu zuena eta Ignacio Sanchezek lortutakoa). Junior mailako Mundialetan lau domina eskuratu ziren. Europako nagusietan 16 kirolarik parte hartu zuten (urrezko domina bat) eta 7 kirolarik Junior mailako Europako txapelketetan. Horrez gain, Beijingeko Unibertsitatean bi domina eskuratu ziren eta beste bi Mediterraneoko Jokoetan; eta Espainiako Txapelketa nagusian 32 urre erdietsi ziren. Nafarroak 24 talde ditu gorengo mailan eta horietatik lau Europako txapelketetan aritu ziren (titulu bat ekarriz, Portland San Antonio taldeak Europako Kopan lortu zuena). 2002an, Biarritz Olympique taldea errugbiko Frantziako txapeldun izan zen.

Halaber, interesgarria da zaletuen mailan egindako kirolari buruzko zenbait datu ematea. Horri beha, Euskal Herriko bizi-estiloa osasuntsu dagoela ikusi ahal izango dugu. Nafarren ohiturei buruzko ikerketa batean (2002ko apirilekoa) eta igande goizez aisialdian egindako jarduerei dagokienez, inkesta egin dutenen %14k goiza kirol bat egiten ematen dutela adierazten dute eta %40k denbora hori osteratxo bat ematen igarotzen dutela, jarduera horrek aire zabalean izateko abagunea eskaintzen die, bereziki udaberriko egunetan.

Gaur egun, kirol-azpiegitura handia dago, izan ere, Foru Aldundiek kirola sustatzeko proiektuak diruz laguntzen dituzte bakoitzaren barneko lurralde historikoan. Proiektu horiek eskolan diren haurrek igeri egiten ikastekoak edo klub eta taldeak mantentzeko finantza arloko lankidetzarekin lotutakoak dira; horrez gain, federatutako teknikarien prestakuntzan babesa ematen zaie eta federakunde eta ikastetxeei kirol arloko materiala eskuratzeko laguntza eskaintzen zaie, beste programa batzuen artean. Halaber, plan jakin batzuk (esate baterako, Kirolgi, Bizkaialde eta bestelako fundazio batzuk) alderdi finantzariotik laguntzera bideratutako funtsak ere badira.

Modu horretan, Gipuzkoan eskola-adina duten haurren %70ak kirola egiten du. Hau da, 40.000 haurrek parte hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2001-2002 ikasturteko kirol-programan. Programaren helburua ez da hainbeste eliteko kirolariak lortzea, baizik eta gazteek kirolen bat egiteko ohitura hartzea. Gainera, Gipuzkoan kirola egiteari dagokionez garapen hobea izate aldera, antolaketa-egitura bat txertatzen ari da, bertan federakundeek, ikastetxeek eta Foru Aldundiak berak parte hartzen dutelarik.