Kontzeptua

Kirola

Tradizio ludiko eta kirol arloko asko jarduera profesionalen inguruan sortu ziren. Euskal Herriko kirolean argi bereiz ditzakegu bertako kirola eta araututako kirol modernoak (oro har, XX. mendeko hasieran egiten hasten direnak). Euskal Herrian, kirol modernoen historiari gagozkiola, ezinbestez aipatu behar da XX. mendeko hasiera horretan kirol jakin batzuek izan zuten onarpena, esate baterako, txirrindularitzak, futbolak eta mendizaletasunak, noski, euskal pilotak garai horretan sasoi oparoa bizi izan zuela ahantzi gabe. Gerraren ostean Euskal Herrian bestelako kirolak ugaldu ziren, esate baterako, saskibaloia edota eskubaloia. Horrez gain, haietako federazio gehienak 40-60 hamarkada bitartean sendotu ziren. Era berean, epe horretan lehiaketarako kirolaren maila areagotu egin zen.

Garai hartan, oinarrizko kirol izendatzen direnak (esaterako atletismoa, gimnasia eta halterofilia) ez ziren sekula behar beste nabarmendu. Hori, ziur aski, ez zen lagungarri izan gure Herrialdeko goi-lehiaketazko kirolaren eboluzio-prozesuari so. Gogoan izan behar da gainerako kirolek, batez ere taldean egiten direnek, oinarrizko kirol horiek dituztela abiapuntu kirolariak prestatzerakoan; hau da, kirol gehienek atletismoko lan-saioen sistemak baliatzen dituzte denboraldiaren plangintza taxutzeko. Halaber, gorputza garatzeko jarduera fisikoen (gimnasia) eta giharrak lantzeko jardueren (halterofilia) sistematikan izandako aurrerapenak erabili ohi dira.

Hala ere, euskal izaera ardazten duten adierazpenak hartako joko, kirol eta dantza folklorikoetan aurki ditzakegula esan daiteke. Kontuan izan behar da Herrialde honen idiosinkrasia osatzen duten kirol eta joko ia guztiak euskaldunaren bizimoduan garatzen diren lan eremuetatik datozela. Hala, Euskal Herriak eguneroko lana josketa eta jaietarako baliatzen asmatu zuen: lurra eta itsasoa. Euskal Herria, arrantzaleen, laborarien, artzainen eta egurgileen herria izan da eta lanbide horietan egunero erabiltzen ziren tresnak erabili zituzten benetako lehiaketarako kirolean norgehiagokan aritzeko, modu horretan, ahulena, indartsuena edo bizkorrena zein zen ikusteko.

Indarra eta lehia Euskal Herrian asko estimatzen diren bi balio dira eta ingurune fisikoak eragindako baldintza gogorretan garatu izan dira hainbat mendez.

Hauek dira Euskal Herriko herri-kiroletan egun maizen garatzen diren modalitateak: Aizkolariak (pagoaren enborra aizkorarekin eta erlojupean moztuz aurrez aurre aritzen diren aizkolariak), Harri-jasotzaileak (forma, pisu eta tamaina ezberdinetako harri-jasotzaileak), Idi-probak (3.000 Kg baino gehiago diren harriak arrastaka eramaten dituzten idiak), Sokatira (soka bereko bi muturretara lotutako bi talde ahalegin betean aritzen dira talde aurkaria norberaren lurretara ekartzeko). Badira gainbeheran diren beste modalitate batzuk, esate baterako, Palankariak eta Harri-zulatzaileak Sarritan euskal kirolariak espezialitate bat baino gehiagoan aritzen dira, modu horretan, euskaldunak jarduera fisikoa egiteko duen joera berresten da.

Oso zaila da Euskal Herrian horren bereizgarri eta berezkoak diren kirolak noiztik egiten diren zehaztea. Zenbait oso zaharrak dira. XVII. mendean Pierre de Lancre epaileak kiroletarako zaletasuna eta aire zabalean izateko gomuta aurpegiratu zien euskaldunei. Dena den, historiari beha, oso albiste gutxi dauzkagu joko atletiko horien inguruan, izan ere, ez ziren feudalak eta, ziur aski, kronista batzuek ez zituzten aipatuko.

Normalean, "baserritarrek" parte hartzen zuten Euskal Herriko herri-kiroletan eta, ziur aski, arrazoi hori dela medio, iragan mendeko egunkarietako argitalpenetan ez zitzaien ia garrantzirik ematen modu horretako albisteei; orokorrean, korrikalarien apustuak, idi-probak edota ahari-talkak. Horregatik, oso zaila da historikoki euskal joko eta kirol horien antzinatasuna zehaztea.

Nolanahi ere, 1940-1950 bitartean Euskal Herriko kirolak Bilbo, Donostia eta Iruñeko egunkarietako kirol orrialdeetan agertzen hasi ziren. Jende andana zaletu zen.

Hala eta guztiz ere, berriki Euskal Joko eta Kirolen Federakundea sortu bada ere, bertako modalitate batzuk desagertu egin dira. Beste batzuk ordea, gaur egun biziraun asmoz, ederki egokitu dira egungo kirol modernoaren terminora (arautua, estereotipatua eta ortodoxoa), esate baterako, Sokatira, Euskal Pilota edo Estropadak.