Kontzeptua

Kirola

Egun kirola egin nahiz ikustea denbora pasarako modu herrikoi eta zabalduenetakoa da Euskal Herrian. Praktikari dagokion maila areagotuz doa eta, horrez gain, egun dagoen informazio guztia lagun, hura oso gertutik jarraitu ohi da; hau da, futbola gorrotatzen duen edonork daki nor den Julen Guerrero eta zein taldetan jokatu zuen, eta badaki futboleko izar handiek denboraldi bakoitzeko gutxi gorabehera zenbateko soldata jasotzen duten.

Gizarte Garaikidean kirolaren jarduerak betetzen duen hezkuntzazko funtzioa gaitzetsi gabe, jar dezagun arretan txapelketa jakin batzuek duten erakarpenean, esate baterako, Futbol Txapelketek, Joko Olinpikoek, edo Frantziako Tourrak Pirinioetan barna egiten duen igaroaldiak.

Bertako kirolari dagokionez, adierazgarrienen artean hauek aipa ditzakegu: eserleku finkoko arraun-ontzien estropadak; Euskal Herriko herri-kirolak eta Euskal Pilota. Azken hori da nazioartean gehien hedatutako kirola. Pilotaren kirolean hainbat modalitate daude: eskupilota, pala, xistera, etab.

Halaber, Euskal Herriko herri-kiroletan oso modalitate ezberdinak agertu ohi dira elkarren ondoan, batzuk oso ezagunak, esate baterako, Harri-jasotzaileak, Aizkolariak eta Korrikalariak, beste batzuk, aldiz, gainbeheran direnak, Palankariak eta Harri-zulatzaileak adibidez. Sailkapen bat egiten badugu, proba hauek topatuko ditugu:

  1. Pertsonek, eskuarki gizonek, bakarka edo beste batzuen aurka egindako probak: aizkol jokoa, pilota-jokoa, harri-jasotzea, korrika-apustua, sega-jokoa, sokatira, estropadak, txinga-probak, gizon-probak, bola-jokoa, trontza-jokoa... Eta hain ezagunak ez direnen artean palanka-jaurtiketa, harri-zulaketa, saltakariak, laia-jokoa...
    Bestalde, Penintsulako Baskoniatik ekialdera abiatzen bagara, beste proba batzuk ere topatuko ditugu, esaterako, esne-ontzi garraiaketa, lasto-fardo garraiaketa, artazaku-garraiaketa, orga-jokoa eta gurdi-altxatzea.
  2. Animalien probak: idi-probak (behi-, asto-, zaldi- eta mando-probak), ahari-jokoa, antzar-jokoa, oilar-jokoa eta asto-lasterketak.
    Halaber, ardi-zakur txapelketak ere arras ezagunak dira eta, are, nazioartean ere lehiatzen dira. Azken txapelketak Oñatin egin dira.