Kontzeptua

Kirola

Kirola modu askotara iristen da herritarraren egunerokotasunera, osasun arloko eskaintza modura, aisialdiko eskaintza gisa, edo, gorputz liraina mantentzeko abagune modura besterik gabe. Praktikatzeko asmoz egindako kirola: osasuna hobetzeko kirola da, aisialdikoa, jolaserako egiten dena, jarduera fisikoa egitekoa, mugitzeko, aisialdia betetzeko, lagunekin egoteko egiten dena, turismo aktiboa egitekoa, sendo izaten jarraitzeko asmoz egina, izaera fisikoa hobetzekoa edota denbora pasa lez.

Hala ere, kirolaren beste dimentsioa errendimenduzko kirola da, markak, errekorrak, emaitzak gainditzeko egiten den kirola da, eta agonistikoa dena. Ikuskizunera bideratutako kirolaz ari gara: Errendimendua xede duen kirola, ikusizko eraginagatik, erakarpenagatik, bere baitan duen marketinga dela medio, pertsonak erakartzen dituena.

Hala, kirola adiera bakarreko terminoa ez dela esan dezakegu. Haurrak bere ikastolako atarian jolasten duenean edo laurogei urteko agureak osasuna mantentze aldera ematen duen osteratxoan egiten duten kirola eta harmaila batean maiz izaten den ikusleak egiten duena ez dira gauza bera.

Kirola egin edo kirola ikusi. Subjektuak aktiboki parte hartzen badu, praktika edo errendimendua ditu xede.

Lehiaketako kirola zehatz-mehatz antolatu eta sistematizatzen da. Hori osoa normala da emaitzen konparaketak egun duen garrantziari so eginez gero. Horrek, diziplina zorrotza eta estandarizazio erabatekoa eskatzen ditu. Emaitzak hobetzeko irrika horrek antolatzeko eta lan egiteko modu zehatz bat egituratzea dakar. Federazioek, klubek, lehiaketek eta txapelketek zehaztasunez antolatutako eta malgutasun urria duen marko bat osatzen dute. Lan-saioak egoera fisikoa eta gaitasun tekniko nahiz taktikoak hobetzera bideratzen dira. Ezagutza zientifikoak baliagarri dira emaitzak hobetzeko. Entrenatzaileak garrantzia handia du lan-saioen teknologia hori guztiori aplikatzeari dagokionez. Guztia aldez aurretik planifikatzen da, normalean entrenatzaileek erabakitzen dute, kirolariek hark esandakoa bete eta hobetsi egiten dute; emaitza onenak lortzeko ezinbestekoa da gidaritza eraginkorra izatea. Emaitzen konparaketan oinarritzen den kirolak estandarizazioa eskatzen du. Ekipamenduak, instalazioak, jokoaren iraupena, partaide kopurua eta abar aldez aurretik ezartzen dira. Ahalik eta emaitza onenak erdiestera bideratutako kirol horri so, ulergarria da, arrazoi fisiko edo sozialak direla medio, emaitza handiak lortzeko aukera urriak dituzten haiek ia ordezkaritzarik ez izatea kirolaren kultura horretan.

Lehiaketarako kirolaren eskakizunak eta gorputzari so prestaketa urria duen ohiko kirolariaren benetako aukerak gero eta urrunago daude elkarrengandik, hori dela eta, pertsona batzuek aisialdiko eta entretenimenduzko beste jarduera batzuetara begiratzen dute. Azken hamar urtekoan hainbat saiakera egin dira talde horietan kirolaren mundua zabaltzeko, lehiaketarako kirolaren antolaketaz apartekoa den kirolaren kultura berri bat garatzeko helburuz. Aisialdiko kirolaz ari gara. Kirol mota horren interesa ez da kirolaria sistema bati lotzea, norbanakoari gorputza erabiliz jolasteko aukera ematea baizik, betiere, bere oreka pertsonala mantentzeko baldintza onuragarriak kontuan izanik. Garrantzitsuena ez da emaitzak lortzea, partaide bakoitzaren aukerak kontuan hartzea baizik: nolabaiteko autodeterminazioa. Aisialdiko kirola eredu irekia da, hots, deus ere ez dago aldez aurretik ezarria. Erabakiak jarduera garatzen den bitartean hartzen dira. Arauak eta adostasunak uneoro egokitzen dira. Estandarizazioa eta normalizazioaren ordez, aniztasuna eta ugaritasuna dira ezaugarri behinenak. Zentimetroarekin edota segundoarekin lotutako dimentsio bakarreko lehiaketaren ordez, emaitzen dimentsio anitzeko ikuskera (subjektiboa) erabiltzen da. Partida, norgehiagoka edota jarduera une atsegin bat izateko aukera baino ez dira garailearentzat nahiz galtzailearentzat. Animatzailea (entrenatzailea) ez da kontrolatzaile zorrotza, baliabideak sustatzeko nor bat baizik. Arauak, materiala edo taldea uneoro alda daitezke. Hondartzan nahiz parkean jolas daiteke, sexuari, adinari edota mailari dagokionez talde heterogeneoak eginez.