Kontzeptua

Itzulpengintza Euskal Herrian

1839., 1841. eta 1876. urteetan Espainiako gobernuek indarrean jarritako hiru legeek foru araubidearen galera ekarri zuten arren, albo ondorio izan zuten ideologia eta kultur mugimendu abertzaleak indartuz joatea XIX. mendearen amaieran. Hala, Espainiako II. Errepublikaren aurkako matxinada frankista gertatu arte, idazle eta itzultzaile belaunaldi sonatu bat sortu zen.

Ideologia abertzalearen sustatzaile Sabino Aranak proposaturiko hizkuntz ikuspegiarekin bat ez zetorren arren, Nikolas Ormaetxea "Orixe" (1888-1961) izan zen kultur mugimendu horren ardatzetako bat, eta literaturan izan zuen garrantziaz gain, itzulpengintzaren aldetik ere aipagarria da, garai hartako itzulpen ikuspegi bat ezin hobeto laburtzen duelako: letra barik zentzua itzultzean datzana, alegia, itzulgaia xede hizkuntzan birsortu beharrean.

Orixeren arabera, testu itzuliek ulergarriak izan behar dute, edozeinek konprenitzekoak. Horretarako, sarritan, sorburukoa gehiegi errazten zuen, baita beste batzuetan hura egokitzen edo are zentsuratzen ere. Aipagarriak dira ondoko itzulpenak: Tormes'ko itsu-mutilla (1929), Mireio (1930), Gizonaren eskubidegaien aitorkizuna (1949), Urte guziko meza-bezperak (1950), Agustin Gurenaren aitorkizunak (1956).

Itzulpen mota hura aurrerapauso nabarmena izan zen, dena dela, aurrekoen hitzez hitzeko itzulpen joeraren aldean, jatorrizkoaren formarekiko eta kultur ezaugarriekiko zabar agertu arren. Argitalpen datei esker ikusten denez, Gerra Zibila amaitu ondoren ere jarraitu zuen euskaratzen.

Gerra Zibila piztu aurreko beste itzultzaile batzuk ere dira goratu beharrekoak. Haur eta gazte literaturan hor ditugu Joseba Arregi "Txingudi"-ren Heine'ren olerkiak (1927); Joseba Altunak euskaraturiko Oscar Wilderen Ipuñak (1927) eta Grimm anaien Ipuñak (1929) -Sabino Aranaren eredu garbizaleen araberakoak-; J.A. Larrakoetxea "Legoaldi"ren Grimm Anaien berrogeitamar ume-ipuin (1929) -ez zen aurrekoa bezain garbizalea-; Ander Arzelus "Luzear"ek itzulitako Charles Dickensen A Christmas Carol Eguarri Abestia (1931).

Arzelusen itzulpenari dagokionez, esan beharrekoa da egunkari bidez baino ez zegoela argitaratuta eta EIZIE elkarteak 2003. urtean liburu moduan eman zuela argitara "Itzultzaile aitzindariak" bilduman.

Garai hartan bultzada nabarmena izan zuen antzerki itzuliak: Toribio Altzaga dramaturgoak Irritza (Macbeth) 1926an euskaratu zuen; Jokin Zaitegik Sofoklesen Antigone 1933an; Bonifacio de Ataun kaputxinoak Rabindranath Tagoreren Amal 1934an; Iñaki Goenagak zatika, 1934tik 1935era, F. Schiller-en Wilhelm Tell itzuli eta plazaratu zuen -azken hau ere argitara eman zuen EIZIE elkarteak 2004. urtean "Itzultzaile aitzindariak" bilduman-; Joseba Altunak Manuel Sotaren Itxaroizarra (1931), Oztin (1932), Negarrez igaro zan atsua (1933), Urretxindorra (1934) eta Buruzagiyak (1935) ekarri zituen euskarara.

Aipamen berezia merezi du Antzerti aldizkarian hainbat hizkuntzatatik itzulitako antzezlanak plazaratu izanak.

Zertan esanik ez, erlijio gaiak itzultzen ere jarraitu zuten, eta haien artean nabarmen ditugu Raimundo Olabide jesuitaren lanak: Loyola-tar Eneko Deunaren gogo-iñarkunak (1914), Kempisen Josu-Kristoren antzbidea (1920), Itun berria (1931) eta Itun zar eta berria (1958) -Aranaren joera garbizalean eginak-.