Kontzeptua

Euskal haur eta gazte literatura

Euskal literatura idatzia berandu hasi zela aitortu dute gure zenbait historiagilek, Villasantek berak, esaterako, honako hau dio bere historia liburuan: "La literatura culta o libresca es más bien tardía, escasa y de no muy alta calidad." (Villasante, 1979: 19), egoera hori, baina, areagotu egiten da Haur eta Gazte Literaturaz ari garenean, izan ere mundu mailan haurrentzat sorturiko literatura oso berandu sortu zen (besteak beste, haurraren izaera propioa, berezko nortasuna duen gizaki moduan duela mende eskas batzuetako kontua delako).

Euskaraz haurrentzat idatziriko estraineko liburua 1803an Tolosan Juan Bautista Aguirre asteasuarrak plazaratutako katixima bat da: Confesioco eta Comunioco Sacrementuen gañean Eracusaldiac, lenvicico Comunioraco prestatu bear diran Aurrentzat, eta bidez Cristau acientzat ere bai. Idazlan berantiarra eta erlijio tradizioaren sailekoa. Urtebete beranduago, aldiz, 1804an, Ipui onac izeneko lana kaleratu zen. Esoporen alegi bilduma dugu Bizenta Mogelek itzulitako liburu hori eta hitzaurrean aitortzen duen gisan:

"Ipuiok atera nai ditut gaztetxo, ta nekazarientzat (...) Deritzat enzuten nagoala mutiltxo, neskatxatxo ta nekazari askoren farra ta algara gozoak irakurri edo aituaz ipui onek"

(Mogel: 23-28).

Egileak obraren izenburuan garbi utzi zuen bezala, bere asmoa "irakatsi gozaraziz" egitea da eta asmo honen ildotik bere alegiak eta berauek dakartzaten irakaspenak kontrajartzen ditu xede pedagogiko garbirik ez duten beste ipuin batzuekin, hots, gazteentzat kaltegarriak direnekin.

XIX. mendean zehar Iturriagak eta Goyhetxhek alegi bildumak plazaratu zituzten baina obra didaktiko horiek izan ezik, ez dago bestelako lanik, ez zuzenean ez zeharka, haurrekin zerikusirik duenik 1890ean Antero Apaolazak plazaraturiko Patxiko Txerren nobela erromantikoa (Truebaren El Judas de la casa eleberrian oinarrituta dagoena) kenduta.

Egora pobre hori XX. mendearen hasierara arte izan zen, mende bukaeran egoera politikoa aldatu zen (foruen galera, sentimendu jeltzalearen sorrera,...) eta horrek eragina izan zuen euskal kultura osoan.

Mende honen hasieran Euskal Herriko eskola elebidunak hasi ziren sortzen, eta horrekin batera euskarazko materialen beharra ere bai. Honen ildotik haurrentzako argitalpen sail batzuk argitara eman ziren; horien artean azpimarratzeko modukoa dugu Lopez de Mendizabal tolosarrak eginiko ekarpena, lehen hiru hamarkadetan haurrentzako hainbat irakurketa eta testu liburu argitaratu baitzituen. Liburu horiez gain, haurrentzako zenbait erlijio liburu ere plazaratu ziren, baita herri ipuinak ere, bai eta euskaraz idatzitako lehen haur antzezlana ere.

1914an Bilboko Grijelmo argitaletxea haurrentzat literatur balio gutxi-asko zuten obrak argitaratzen hasi zen. Jon Gauzekaitzek hiru lan argitaratu zituen "Umientzako ipuiñak" izenpean; eta haurrak protagonistak diren honetan, egilea saiatzen da Sabino Aranaren ideia abertzaleak bideratzen. Margarite'ren ames ixukorra (1914) ipuinean, esaterako, protagonistaren sentimendu nazionalistak garrantzitsuagoak dira bestelako kontuak baino.

Dar-dar. Txiki

Kutsu ideologiko nazionalista hori beste obra batzuetan ere agertzen da, eta horrekin batera baina garbiago oraindik ere, irakasteko gutizia: Ipuin laburrak umetxoentzat (Garitaonandia, 1922) ipuinean ikus daitekeen bezala eta, batik bat, euskarazko lehen antzezlana den Nekane edo Neskuntzaren babesa (Tene Mujika, 1922) -Nekane edo ama birjinaren babesa-.

Erdaraz lehenago gertatu legez, euskal literaturan ere gazteek bere egin zituzten XX. mendearen hasieran argitaratutako hainbat liburu eta gaur egun Haur eta Gazte Literaturako bildumetan aurki ditzakegunak: Abarrak (Kirikiño, 1918) eta Pernando Amezketarra (Gregorio Mujika, 1927) dira horien adibide garbiak, baserri munduan girotuak biek badakartzate egoera umoristikoak, txisteak eta pasadizoak. Lan bien arrakastak XX. mende amaiera arte iraun du, eta asko izan dira mendean zehar (baina batik bat, mende amaieran) izaniko argitalpenak eta baita, bigarren liburuaren kasuan telebistara eginiko jauzia.

Herri edo ahozko literaturak ere arrakasta handia izan du haurren artean. Barbierren (1931) edo Mayi Ariztiaren (1934) ipuin bildumak, eta hauekin batera 1926an Oxobik plazaratutako alegiak (batzuen ustez, euskal alegien kontalaririk onena) balio izan zuten ahozko literatura haurren mundura eramateko. Obra horiek, herri ipuinak bezala, nabarmentzen dira oso hizkuntza eta oso ilustrazio zainduak dituztelako, garai hartan ohikoak. Dar-Dar-Dar (1929) edo Txomin Arlote (1929) horren adibide garbiak dira (ongi idatzi eta "Txiki"k, John Zabalok, kalitate handiz ilustratuak).

Baina sorkuntza eta herri literaturaren ondoan bada hirugarren arlo bat, itzulpenarena, oso garrantzitsua dena garai honetan. Alegiez gain, badira Grimm anaien (1929) edo Schmid-en (1929) ipuinak, eta hauekin batera O. Wilderen (1927) eta Croceren (1932) obrak edo Tormes'ko itsu-mutila (1929) itzulpenak eta horrela, lehen urrats batzuk ezarri ziren sistema literarioa finkatze aldera, eta obra hauek guztiak izan zitezkeen Euskal Haur eta Gazte Literatura baten hastapena; zoritxarrez, Espainiako 1936ko gerra eta honen ondorengo krisialdia, baita Bigarren Munduko Gerrak Ipar Euskadin izan zuen eragina ere, erabakigarriak izan ziren literatur ibilbide hura hausteko, euskal letren eremuan hutsunea zabaltzeko.

Hego Euskal Herrian euskaraz aritzeko debekua ezarri zuen frankismoak eta horren ondorioz euskarazko lanen kopurun koa murriztu zen; gainera, nabarmendu behar da argitaratu ziren horietako hainbat obra irakurleengandik urrun kaleratu zirela: Parisen, Hegoamerikan, erbesteratuen kolonietan. Izan ere hegoaldean 1948a arte ez zen argitaratu euskarazko obrarik batere umeei zuzendua, eta estreinako obra horiek erlijio liburuak izan ziren (Iesu Aurraren Bizitza, 1948; Haurren Eliz-liburutxoa, 1949, edo Kristau-Ikasbidea Bertsotan, 1950).

Tarte horretan kaleratutako idazlan urrien artean aipatzeko dira bi lan, bata poesia liburu bat (Haur elhe haurrentzat, 1944), Nafarroa Behereko Oxobik idatzia, eta bestea, argazki handiak dituen ipuin bat, Leoi-kumea, (badirudi liburu ilustratu baten itzulpena edo bertsio librea dela) 1948an Parisen bizi zen Orixek idatzi zuena, Eusko Jaurlaritzak enkargatuta.

Purra purra50eko hamarkadaren hasieran baina aldaketa batzuk gertatu ziren, erregimenak ez zuen egoera hain estuki kontrolatu beharrik eta nazioarte mailan ere errekonozimendua izateko (gerla handiaren ondoren) irekidura baten aldia izan zen. Garai horretan hainbat idazlan (sarritan idazleak berak bultzatuak, beste zenbaitzuetan Euskaltzaindiaren babespean) plazaratu ziren, hala nola Jon Etxaideren Alos-Torrea (1950) eta Purra! Purra! (1953), Svensson jesuitaren Noni eta Mani (1952) liburuaren itzulpena, Plazido Muxika jesuitak egina; eta umore kutsuko Pernando Plaentxiatarra (1957), Ipuin barreka (1958) edo Zirikadak (1958) istorio bildumak.

Garai honetako idazlanen artean aipatzekoa da Jose Antonio Loidiren Amabost egun Urgain'en, Euskaltzaindiaren saria irabazi zuen nobela poliziako hori baitugu erdaratu den lehen euskal liburua. Helduentzat izanik, gazteek bere egin duten nobela hau 1958an argitaratu zen El Bidasoa aldizkarian eta hiru urte geroago katalaneraz liburu gisa.

Egoera literarioa (eta politikoa) Euskal Herrian aldatzen ari zen garai horretan argitaratu zen haurrentzako lehen euskal aldizkaria: Umeen Deia; lau orrialdeko argitalpena Nafarroako erakunde ofizial batek (Vianako Printzea) diruz lagundua eta 65 zenbaki argitaratu ondoren, bere sortzailea hiltzearekin batera desagertu zena.

 

1960ko hamarkadaren hasieran euskal Haur eta Gazte Literaturaren baitan hainbat aldaketa garrantzitsu jazo ziren; alde batetik ikastolen mugimendua hazten hasi zen, ikastegi onartuak baina ez guztiz legalak ziren horietan irakaskuntza euskaraz egiten zen. Ikastetxe hauek material didaktiko eta euskarazko irakurgaiak behar zituzten, eta horrela haurrentzako obren benetako eragile eta kontsumitzaile bilakatu ziren.

Bestaldetik literaturaren kontzepzioan, irakurketa atseginen eskaini nahi izan horretan Marijane Minaberryren figura dugu. Sortzez Bankakoa (Nafarroa Beherea) zen idazle honen liburuek Haur eta Gazte Literaturari hasiera eman ziotela esan dezakegu.

Marijane Minaberryk bere lehen haur lana 1961ean argitara eman zuen, Marigorri, ipuin ezagun baten bertsioa; baina 1963az geroztik, Itchulingo anderea... liburuan bildutako ipuinekin eta bi urte geroago argitaratutako Xoria kantari izeneko poemekin, idazle honek lehen urratsak egin zituen plazerrezko eta entretenimenduzko irakurtzea bilatzen. Minaberryk abiarazi zuen euskarazko haur literatura, izan ere bere obran asmo moralizantea, hizkuntza zaindua... badago ere, garbi ikusten da egilearen asmo nagusia kontakizuna bera dela, helburu estetikoa dela garrantzitsuena. Eta asmo hori areagotu egiten da Xoria kantari izeneko liburuan. Argitalpenak 23 poema dakartza eta horietako zazpiren letra kanta ezagunetan erabili ziren 1997an Oskorri folk taldeak argitara eman zuen "Marijane kantazan" diskoan.

Ipurbeltz

Marijanek, baina, ez zuen eragin handirik izan euskal haur literaturan, momentuko koiuntura sozio-politikoaren ondorioz edo agian egilearen euskalkia eta irakurle potentzial handia elkarrengandik oso urrun zirelako. Hegoaldeko lau probintzietan bizi zen giro politiko berriak bidea eman zion nobela historikoen sail bati, eta honen bidez ideia nazionalistak, hainbat urtez jazarrita egon ondoren, berpiztu nahi ziren. Urte batzuk geroago ere, Gillermo Tellen itzulpenean, 1976an argitaratua, ondoko hitzak ageri ziren kontrazalean: "Gillermo Tell liburuak dakarren historia mendi arteko herrixka bateko kontakizuna da; hango abertzaleek nahi izan zuten herri hura askatasun bidean jarri".

Marijan Minaberryrengandik 1975era badira hainbat aldaketa, hala nola, pedagogia sortzailea, Freineten ideiak, argitaletxe berrien presentzia (batzuetan Euskal Herritik at egonik euskaraz eta euskal kulturan eraginik izan zutenak; Catalunyako La Galera, kasu), eta abar. Baina euskarazko literaturan gertaerarik nabarmentzekotan, "Kimu" sailaren sorrera izango litzateke, Mensajero argitaletxe erlijiosoak plazaratua. Sail horretako lehenengo obrek irakurlea heztea bilatzen dute. Argitaletxe honen eskutik argitara eman ziren lan dibulgatiboak (literaturaren historiari buruzko liburuak, adibidez), hainbat nobela historiko (Amaia, Antso Gartzeiz, Eneko Haritza, Harkaitz elurra ari zueneko haurra,...), Lurdes Iriondok idatzitako antzezlanak, ikastetxeetan taularatzeko eginak (Martin Arotza eta Jaun Deabrua eta Sendagile Maltzurra, 1973; Buruntza azpian, 1979), baita hainbat ikastolatako haur eta gazteek idatzitako ipuin eta poemak ere.

Francoren heriotzaren ondoren hegoaldeko gizartean hainbat aldaketa politiko, baina batik bat sozial, jazo ziren. Aldaketa hauen adibide dira, besteak beste, Euskaltzaindiak antolatu zituen euskararen aldeko kanpainak edo askatasunaren aldeko ibilaldia, milioi erdi lagun bildu zituena.

Ikastoletan ikasle matrikulatuen kopuruak izugarri egin zuen gora. 1970ean 11.885 haur baldin baziren ikastoletan matrikulatuak, 1974an ia-ia 27.000 eta 1980ean 65.000 izan ziren. Gainera 1979an Elebitasun dekretua plazaratu zen, euskararen irakaskuntza ikastetxeetan arautzen zuena. Bestalde, Euskaltzaindiaren eskutik sortutako Alfabetatzeko Koordinakundean gero eta heldu gehiago matrikulatzeak (45.000 lagun) eragin zuen erakunde horrek ezin guztiei erantzutea eta helduen alfabetatze erakundeen sorrera.

Haur eta Gazte Literaturak ere bizi du aldaketa eta berpizte egoera hau. Gero eta irakurketa liburu gehiago eskatzen ziren, eskaera izugarri handitu zen, eskaintza, aldiz, ez zen egokia, argitaletxeen azpiegitura oso ahula baitzen. Gainera, garai horretan espainiar estatuko hainbat argitaletxek euren liburuak estatuko lau hizkuntzetan itzultzeari ekin zioten, baina euskarari dagokionez arrakasta handirik gabe, itzulpenak zaindu gabeak baitziren, haurrentzako hizkuntza desegokia, zabalkunde gutxikoak, eta abar.

1970eko hamarkadaren amaieran hiru euskal argitaletxe garrantzitsu jaio ziren Haur eta Gazte Literaturan, eta hauei esker sektorea eratzen hasi zen. Hordago izeneko argitaletxeak, zenbait urtez liburu politiko arrakastatsuak plazaratzen ibili ondoren, "Tximista " bildumari ekin zion, eta denbora gutxitan literatura unibertsaleko 40 liburu argitara eman zituen (euskaraz jatorrizko bost liburu argitaratu ziren bakarrik, Txomin Peillenen hiru liburu eta J. Etxaideren bi obra). Baina handik gutxira, argitaletxeak porrot egin eta desagertu egin zen. Elkar eta Erein argitaletxeek 1980az geroztik Haur eta Gazte Literatura bultzatzeari ekin zioten. Bi argitaletxe horiek hastapenetan haur liburuei bultza egin zieten, bai literaturaren, bai testu liburuen arloan. Erein argitaletxeak, gainera, 1979an Ipurbeltz aldizkaria sortu zuen, eta urte horretan bertan argitaratutako Kili-Kilirekin (1966an Jose Antonio Retolazak zenbakiren bat argitaratua zuen baina zentsuratua izan zen) batera, bilakatu zen haurrentzako euskarazko aldizkari moderno.

Aldaketa politikoek, hezkuntzan jazotako iraultzak, argitaletxeen politika berriek eta sortzaileen nahiz kontsumitzaileen aldetik etorritako aldaketek euskal haur literatura modernoaren hasiera markatu zuten garai horretan.

1980tik aurrera euskal HGLn garai berri bat sortu zen, aldaketa kualitatibo baina batik bat kuantitatibo ugarirekin. Argitaraturiko idazlanen kopurua ikaragarri handitu zen. Ia-ia ezer ez argitaratzetik, edo hamarka batzuk liburu plazaratzetik 80ko hamarkadan 300 liburu urtero, eta hurrengo hamarkadetan 400 argitaratzea pasa zen. Eta aldaketa hau, ugaritze hau, garrantzitsua baldin bada, are garrantzitsuagoa da aldaketa kualitatiboa.

Gaur egungo literatura, erakargarria, interesgarria egin behar zen, euskal irakurlea erakarri behar zuena, eta horrela 1981 eta 1984 bitartean giltzarri izan ziren hiru idazlan argitaratu ziren euskal HGLn: Anjel Lertxundiren Tristeak kontsolatzeko makina (1981), Chuck Aranberri dentista baten etxean (1982) Bernardo Atxagak idatzia eta Txan fantasma (1984) Mariasun Landaren ipuina. Hiru obra hauek euskal HGL modernoaren hasiera markatzen dute. Rodariren eragina, esaterako, nabarmena da Lertxundiren obran eta Christine Nöstlingerrena eta errealismo kritikoarena Mariasun Landarenean; Atxagaren lanean, aldiz, fantasia, errealitatea eta umorea konbinatzen dira aurrekoen kasuetan gertatzen den bezala, idazlan modernoa, berritzailea, sortuz.

Xola (Atxaga)

Jakina, idazlan moderno hauekin batera, obra klasiko eta tradizionalak plazaratu ziren euskaraz antzinako gizartea, baserri giroa, islatuz. Beste alde batetik, gainera, herri ipuinetan oinarrituriko idazlan asko ere plazaratu ziren, baita historia, anekdota, kontakizun, pasadizo eta abarren bilketak ere.

Joxe Arratibel idazle eta ipuin biltzaile ezagunak 80ko hamarkada hasieran zera aipatu zuen, gehiago aldatu zela mundua bera jaio zenetik (1920ko hamarkadan) ordura arte, aurreko bi mila urtetan baino. Antzeko zerbait esan genezake euskal literaturaz. Izan ere, liburu gehiago argitaratu dira euskaraz azken urteotako edozein urtetan, 1545ean euskarazko lehen liburua argitaratu zenetik 1975era argitaratu diren guztiak baino. Alde horretatik esan dezakegu azken hamarkadetako euskal HGL aztertuta honen ikuspegi ia orokorra izan dezakegula.

Horrela, arestian aipaturiko ahozko tradizioko literatura eta honen bertsio berriez gain, irakurleak korronte eta genero guztietako obrak aurki ditzake euskal letretan. Hala nola errealismo kritiko barnean kokaturikoak, edo zientzia fikziokoak, abenturazkoak, misterio edo umorea (azken hauen artean aurki dezakegu, esaterako, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel, 1994, benetako best-sellerra euskal HGLn, telebista eta zine aretoetara eramana). Era berean genero eta korronte hauetako idazlan asko euskaratu dira. Baina euskarazko HGLn aldaketarik handiena, beharbada, giza kritikan sakontzen edo gure burua hobeto ezagutzen laguntzen duten obren artean izan da; hots, errealismo kritiko korronte barruko idazlanetan. Tradizioko elementuetatik gaur egungo teknika berrietara guztiek balio dute irakurlearen gogoeta bultzatzen duten obra hauek egiteko.

Ezerezetik abiatu den literaturak literatura gustu ezberdinei, gai berriei, estilo berriei erantzun behar izan die, eta horregatik gertatu da ugaritze hori, boom hori euskal Haur eta Gazte Literaturan. Eta aberastasun hori, ugaritze hori idazleengan beraiengan ere nabari da; aurretik aipatutako Mariasun Landa (nazioarte mailan gure idazle ezagunetariko bat eta Andersen sarirako hautagai izan dena) idazlearen ondoan Bernardo Atxaga aurki dezakegu, hasierako surrealismotik eta baserri giroko mundutik (Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984, horren adibide garbia da), gaur egungo umore eta ironiara -Xola eta Angelito, 2004, ipuinean argi eta garbi ikus daitekeena- pasa den idazlea.

1982an Mariasun Landak Lizardi saria jaso zuen neskatila baten eta fantasma baten arteko harremana kontatzen zuen ipuin batekin. Maitasun faltak, bakardadeak, helduen ulertezintasunak eragindako harreman baten aurrean gaude. Karmentxu neskatila, helduen munduaren aurrean, babesa eta laguntza bilatzen du bere irudimenean. Txan fantasma (1984) euskal haur literaturaren lehen idazlan modernoetako bat dugu bere gaiagatik eta narrazio teknikagatik. Eta lehen obra horrek irekitako bideak kalitatezko beste idazlan interesgarri askok jarraitu dute. Geure gizartea eta haur eta gazteen mundua islatzen duten obra interesgarriak, hala nola Dado iratxoa (1986) edo Matias Ploff-en erabakiak (1992), gizentasunaren arazoa, balioen lehentasunak... planteatzen dituen ipuina. Mariasun Landa da, zalantzarik gabe, euskal HGLn errealismo kritikoa landu duen idazlerik garrantzitsuena. Bere idazlan ugari horren adibide dira; Julieta, Romeo eta saguak (1984), Alex (1990), Nire eskua zurean (1995) maitasunari buruzko ipuin iniziatikoa, amaren menpekotasuna, nerabezaroko sentimenduak... islatzen dituen ipuina, edo Krokodilo bat ohe azpian, 2003, Espainiako Haur eta Gazte Literaturako sari nazionala lortu zuen ipuina eta protagonistak ohe azpian duen krokodilo batekin duen harremanaren bidez hainbat gairi buruz (gure beldurrak, bakardadea, bizi garen gizartea) gogoeta egitera bultzatzen gaituen gazte eta helduen literaturako obra.

Iholdi (Mariasun Landa, Balzola)

1980ko hamarkadaren bigarren zatitik aurrera errealismo kritikoak gero eta pisu handiagoa izan du euskal letretan; zerikusia izan dute horretan alde batetik beste hizkuntzetatik eginiko itzulpenak; U. Wölfel, F. Hetmann, M. Gripe, Ch. Nöstlinger, P. Härtling, T. Haugen eta beste idazle askoren lanak euskaratu baitira. Baina, beste aldetik, euskaraz sorturiko lanek ere pisu handia izan dute, eta gaur egun hauen artean gizarteko arlo ia guztiei buruzko lanak aurki ditzakegu. Hala nola militarizazioaz edo bortxakeriaren erabileraz (Joxeme gerrara daramate, 1992), ekologiaz (Desafioa, 1988; Joxepi dendaria, 1984), familiaz (Jaun agurgarria, 1993, Pirritx eta Porrotx arrantzan, 2004), pobreziaz (Kittano, 1988), emigrazioaz (Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984; Eztia eta ozpina, 1994), inmigrazioaz (Eddy Merckxen gurpila, 1994, Semaforoko ipuina, 2004), langabeziaz (Harrika, 1989), maitasunaz (1948ko uda, 1994, Kixmi elurpean, 2005), askatasunaz (Asto bat hypodromoan, 1984; Potx, 1992; Tristuraren teoria, 1993; Behi euskaldun baten memoriak, 1991), eta abarrez ari diren obrak ikus baititzakegu azken urteotan kalitatezko idazlanen artean.

Era berean Patxi Zubizarreta figura azpimarratu behar dugu; sentsibilitate handiz jakin izan du tradiziozko literatura eta modernitatea batzea; Atxiki sekretua (2004) nobelan, esaterako, gaur egungo istorio bat kontatzen zaigu, neska gazte bat da protagonista eta berarekin batera sorginei buruz istorio asko eta ohitura asko kontatzen dizkion auzokoa. Horrelako idazlanen ondoan baditu ere karga poetiko handia dutenak, hala nola Usoa, hegan etorritako neskatoa (1999), abandonatua eta gero adoptatua den neska baten inguruko maitasunezko istorio edo historia labur, trinko eta paregabea.

Idazle hauen ondoan badira beste asko estilo, gai eta tonu ezberdinetako obrak plazaratu dituztenak, Antonio Kazabon, Juan Kruz Igerabide, Iñaki Zubeldi, Xabier Mendiguren, Arrate Egaña, Felipe Juaristi, Aitor Arana,... zientzia-fikzioa, kritika soziala, esperimentalismo eta beste hainbat gai eta korrontetako obren egile.

Gaur egun, eskolak haur eta gazteen irakurketan duen pisuagatik batez ere, idazlan ia guztiak narrazioak dira, ipuinak edo nobelak (euskal HGLren %95a edo gehiago), generoen arteko desoreka nabarmenak sortuz. Antzerkiari dagokionez, haur eta gazteentzako antzerki lanak, helduen literaturan bezala, Asun Balzolaprodukzio guztiaren %1a ere ez dira. Xabier Diaz Esarte, Aizpea Goenaga, Alaitz Olaizola edo Enkarni Genua dira HGLn antzerkigileen artean aipagarrienak; gutxienekoen genero horretan, ikus daitekeenez gainera, emakumezkoen presentzia oso nabarmena da.

Poesia, aldiz, oso bestelako egoeran bizi da euskal Haur eta Gazte Literaturan 1992an gertaera batek erabat aldatu baitzuen genero horren egoera. Juan Kruz Igerabidek idatzitako Begi-niniaren poemak liburuak, ekialdeko literaturaren eragin nabaria duen poema liburuak, aldaketa ekarri zuen. Elena OdriozolaEuskal literaturan hain tradizio zabal eta luzea zuen generoa HGLra hurbildu zuen Igerabidek poema liburu horren bidez, eta obra horrekin irekitako bidea jarraitu dute idazlearen beste obra askok haiku japoniarren eragin nabarmenarekin, baina baita beste estilo eta eragin ezberdinetakoek (Espainiako poesia jasoa, Europako ahozko tradizioa, limerickak eta nursery rhymes direlakoak, eta abar).

Beste idazle batzuek hitz-jolasak, definizioak... biltzen dituzte beren lanetan ( Joxean Ormazabalen Hitzak jostailu (1994), edo Irri eta barre (2002), esaterako; edo lehen irakurleentzako Denboraren kanta-kontuak (1995), Yolanda Arrietak idatzia eta gure ilustratzaile garrantzitsuenetariko batek, Asun Balzolak, irudikatua). Literaturarekin edo tradizioarekin jolasa eta irakurlearen konplizitatea aurki ditzakegu Jon Suarezen Ilbete dilindan (2002), Xabier Olaso. Pupuan trapuaeta ahozko literaturaren eraginak guztiz nabarmenak eta garrantzitsuak dira HGLren Euskadi saria irabazi zuen Pupuan trapua (2004) Xabier Olasoren obran.

Gaur egungo euskal Haur eta Gazte Literaturaren egoeraz gogoeta egiteko aipaturiko idazlanen kalitateak garrantzi handia du, baita ilustratzaileenak ere. Haurrentzako liburuetan guztiz garrantzitsuak dira irudiak, eta hauen egileak; zenbait kasutan, irudiak du liburuaren pisurik handiena. Alde horretatik gure ilustratzaile "klasikoen" ondoan, Asun Balzola, Antton Olariaga eta Jon Zabaleta esaterako, baditugu berriagoak izanik gure artean karrera egin duten zenbait egile, hala nola Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Eider Eibar, Mikel Valverde edo Agurtzane Villate. Hauek guztiek estilo eta teknika aberastasun handia eman diote euskal liburugintzari, batzuen kasuan (Mitxelena, Valverde, Odriozola,...) zergatik bizi da basoan... Genua eta Zabaletakanpoko merkatura jauzia egin dutelarik.

Baina azken urteotan irudigile berri eta oso interesgarriak ari dira hurbiltzen euskal liburugintzara, hor daude Estibalitz Jalon, Iraia Okina, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso... emakumeak, berritasun eta ekarpen interesgarriekin. Izan ere nork bere estilo propioa landuz oso produktu lortuak, kalitate handikoak eta haurren sentsibilitateari ederki egokituak egiten baitituzte. Horrela, hauekin eta batik bat itzulpengintzari esker haur txikientzako liburuen boom txiki bat izan da XXI. mendearen hasieran. Kalandraka (eta gero OQO) etxearen produkzioari gehitu behar baitzaio hemen sortua (eta horretan guztiz garrantzizkoa da Etxepare saria, albumei eskainitako sari horri esker bultzada handia izan baitu liburu mota horrek gure artean); hor dauzkagu, adibidez, Gerlari handia (2007), irri eta barra. OrmazabalOtsoa, axeria eta ahuntzak (2009) edo Mila magnolio lore (2010), hiru argitaletxe, estilo eta egile ezberdinen lan interesgarriak.

Eta irudigintzan emakumezko horiek ari diren bezala, idazle moduan ere badira Leire Bilbao, Yolanda Arrieta, Ana Urkiza, Miren Agur Meabe,... gero eta emakume gehiago ekarpen interesgarriak eta oso zainduak egiten.

1980ko hasieran inork gutxik pentsa zezakeen euskal haur eta gazte literaturak horrelako aurrerapausirik egingo zuenik, hainbeste eta hain kalitate oneko lanik izango genuenik. Ipuinen haría ipuinekoa da, Elena Odriozola ilustratzailea, 2008Inork ez zuen pentsatuko gure sortzaileen lanak Korean, Estatu Batuetan, Alemanian edo Mexikon argitaratuko zirenik, edo nazioarte mailan arrakasta izaten ari diren best-sellerrak euskaraz ere gozatzeko aukera izango genuenik. Eta horretan, onartu behar dugu itzulpengintzak ere aurrerapausu ikaragarriak eman dituela.

Jakina, arazoak egon badaude, irakurketa irakaskuntza prozesuarekin lotuegi omen dago, liburuen tiradak gero eta txikiagoak dira eta gure merkatua asetzen ari da, gero eta profesional gehiago ditugu baina gure merkatuak ez du honetaz bizitzeko ematen, kritikak ere nahiko bazterrean dirau... baina hala ere hainbat erakundek (Galtzagorri Elkartea edo Bibliotekarien Elkartea, esaterako), komunikabidek eta argitaletxek (eta hauen artean aipatu behar da 2010ean zendu zen Joxan Ormazabalen lan ikaragarria) egunero jarraitzen dute lanean gero eta kalitate handiagoko haur eta gazte literaturaren alde, euskal kulturaren alde.

  • ALONSO AMEZUA, I. Erdigune literarioak irakaskuntzan. Bilbo: EHU, 2010.
  • CALLEJA, S. Haur literatura euskaraz. Lehenengo irakurgaietatik 1986ra arte. Bilbo: Labayru Ikastegia-BBK, 1994.
  • CENDÁN PAZOS, F. Medio siglo de libros infantiles y juveniles en España (1935-1985). Madril: Germán Sánchez Ruipérez Fundazioa-Pirámide, 1986.
  • COLOMER, T. «Ultimos años de la literatura infantil y juvenil. Del mayo del 68 a la postmodernidad de los 80». CLIJ Cuadernos de literatura infantil i juvenil 26, 14-24. 1991.
  • El realisme crític. Faristol 6, monografikoa. 1988.
  • ELUSTONDO, Migel Anjel eta Jabier Kaltzakorta. "Zerrate portas". ARRATIBEL, J. Izugarriak. Iruñea: Pamiela, 2008, 49-66. or.
  • ESCARPIT, D. La literatura infantil y juvenil en Europa. Mexico: Fondo de Cultura Económica, 1986.
  • ETXANIZ, X. Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia. Iruñea: Pamiela, 1997.
  • ETXANIZ ERLE, X. eta LOPEZ GASENI, M. "Begirada historiko bat haur antzerkiaren gainean". Behinola 16, 2007, 21-32 or.
  • GARCÍA PADRINO, J. Libros y literatura para niños en la España contemporánea. Madril: Germán Sánchez Ruipérez Fundazioa-Pirámide, 1992.
  • HUNT, P. (edit.) Children's Literature. The development of criticism. London: Routledge, 1990.
  • HUNT, P. (edit.) Children's Literature an Illustrated History. Oxford: Oxford University, 1995.
  • LOPEZ GASENI, J. M. Euskarara itzulitako Haur eta Gazte Literatura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak. Bilbo: EHU-UPV, 2000.
  • LOPEZ GASENI, M eta ETXANIZ ERLE, X. 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura. Iruñea: Pamiela, 2005.
  • LOPEZ GASENI, M eta ETXANIZ ERLE, X. "Euskal haur poesia milurte berrian", Behinola 20, 2009, 25-36.
  • MITXELENA, K. Historia de la literatura vasca. Donostia; Erein, 1988. 2. argi..
  • MOGEL, B. Ipuin onac, Donostia: Elkar, 1991.
  • ROVIRA, T. «La literatura infantil i juvenil» apèndix a Història de la literatura Catalana. RIQUER, COMAS, MOLAS 421-471 or.; Bartzelona: Ariel, 1988.
  • TORREALDAI, J. M. 30 urte liburugintzan. Donostia: Jakin, 2007.
  • VILLASANTE, L. Historia de la literatura vasca. Arantzazu: Arantzazu argitaletxea. (2. argitalpen zuzendu eta osatua), 1979.